Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak kostako inpaktuagatiko alarma gorria aktibatu du, olatuak direla eta, otsailaren 9ko (asteartea) 03:00etatik 07:00etara bitartean

2016.eko otsailak 08

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsas bazterreko arriskugatiko alarma gorria aktibatu du, kostaldeko inpaktua dela-eta, biharko otsailaren 9ko goizaldeko 03:00etatik 07:00etara. Horiek horrela, bihar 00:00etatik aurrera Euskadiko Babes Zibilaren Plana (EBZP) aktibatuko du Sailak, alerta fasean.

Plana aktibatzeak berekin dakar egoeraren jarraipen etengabea egitea, garrantzitsua izan daitekeen informazioa bai zerbitzu jarduleei bai biztanleei jakinaraztea, giza baliabideak mobilizatzea eta beharrezko gerta daitezkeen prozedura, bitarteko eta baliabideak egiaztatzea.

Abisu eta alerta-sistemaren maila larriena da alarma gorria eta berebiziko bortizkeriako meteorologia-fenomenoei lotzen zaie. Zehazki, badira bi urte baino gehiago Segurtasun Sailak ez zuela alarma gorria aktibatzen. Azkenekoz 2014ko martxoaren 3an aktibatu zuten, itsas bazterreko arriskuagatik.

Horrez gain, Segurtasun Sailak aktibo mantentzen du nabigaziorako alerta laranja, itsas bazterreko arriskuagatik, gaurko asteleheneko 18:00etatik aurrera, bai eta nabigaziorako nahiz kostaldeko inpaktuagatiko alerta laranja biharko astearte osoan ere. Salbuespen bakarra aipatutako ordu-tartea da (03:00etatik 07:00etara), alarma gorria dela-eta.

Euskalmeten ustez, gaurko astelehen gauaren eta biharko astearte goizaldearen artean iritsiko da kostaldera ekaitzaren gailurrik latzena. Astelehenean, hilak 8, litekeena da olatuen altuera 4-5 metro inguru ibiltzea, eta egunaren amaieran 5 metroak ere gainditzea. Asteartea, hilak 9, sei metroko altuera ere gaindi lezakete olatuek, batez ere, hondoko itsasoa dela medio. Egun amaieran ere garaiagoak izan litezke, kasu horretan, nagusiki haize-itsasoa dela eta.

Asteazkenean, hilak 10, egunaren bigarren erdian gutxituz joango da olatuen indarra, 5-6 metro arteko altuerekin, eta arratsaldean 3,5 metro inguruan ibiliko dira. Olatuak mendebaldeko itsas haizearekin batera iritsiko direnez, oso txarra izango da itsasoaren egoera.

Ostegun eta ostiralean behera egingo du olatuen altuerak, nahiz eta ez den baztertzen 3,5 m baino gehiagoko olatuak ere izatea.

Haizea

Bestalde, datozen egunotan, lurrean ere indartsu ibiliko da haizea. Hala, gaurko astelehenean (hilak 8), hego-mendebaldeko haizea bortitz ibiliko da eta egun amaieran mendialdean 100 km/h-ko abiadurak ere gainditu ditzake, batez ere mendebaldean.

Bihar, asteartea (hilak 9), are gogorragoa izango da hego-mendebaldeko haizea eta haizeguneetan 100-110 km/h-ko abiadurak ere gainditu ditzakete haize-boladak, batez ere mendialdean; haizeguneetatik kanpo, berriz, 80-90 km/h-ko abiadurak gainditu ditzake. Eguerditik aurrera Hego-mendebaldeko haizea mendebaldeko bilakatuko da eta eguna amaitu ahala indarra galtzen joango da.

Datozen egunotan nolabait indartsua izaten jarraituko du mendebaldeko haizea, eta baliteke ostiraletik aurrera arrisku-mugak gainditu duten boladak izatea berriz ere.

Egoera horretan, euriak eta tenperatura-jaitsiera iragankorrak ekar ditzaketen zenbait fronte-sistema ere iritsiko zaizkigu.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak, eragin litezkeen ondorio negatiboak saihestu eta arintze aldera, gomendio hauek eman dizkie herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

  • Ez bainatu itsasoan.
  • Urpean ibiltzeko asmorik izanez gero, utzi beste baterako.
  • Ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez ezazu inola ere uretako kirolik egin.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta egon erreskatatu bitartean.
  • Olatuek arrastatuz gero, egon lasai; ez egin igeri korrontearen kontra, kostako korronteek indar gutxiagoko zatiak dituzte.

Udalek hartu beharreko neurriak:

? Errepide eta pasealekuetako arrisku guneak zaindu eta kontrolatu, batez ere kostaldetik gertu.

? Adierazi herritarrei denborale arriskua dagoela, eta azaldu zer neurri hartu behar diren arriskua prebenitzeko.

 

Oharra: Eguraldi iragarpenak eta abisuak jarraitzea gomendatzen da, Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) edo Twitter bidez (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko