Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak itsas bazterreko nabigaziorako arriskuengatiko alerta laranja aktibatuko du datorren asteleheneko (otsailak 8) eguerditik aurrera , eta abisu horia kostaldeko inpakturako

2016.eko otsailak 05

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak itsas bazterreko nabigaziorako arriskuengatiko alerta laranja aktibatuko du datorren asteleheneko (otsailak 8) eguerdiko 12:00etatik 24:00etara bitartean, eta abisu horia kostaldeko inpakturako Euskalmet-Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, nahiz eta itsas denborale latza espero den, nolabaiteko zalantzak daude, denboran urruti dirudielako gertaera. Horregatik, suerta litezken aldaketen berri emango da hurrengo iragarpenetan.

Datozen egunotan Atlantikoan beheragune oso sakonak eratzea espero da, eta horiek itsas denborale bortitza ekartzea euskal kostaldera. Hala gertatuz gero, inpaktu argia eragin lezakete kostaldean, astelehenetik astearterako goizaldean, litekeenik.

Beheraguneen erdiguneak Britainiar Uharteen ipar-mendebaldean kokatuko dira: nukleo nagusiak bateratuko dira, eta sortuko duten konfigurazioak mendebaldeko haize oso gogorrak eragingo ditu Atlantikoan, ibilbide luzekoak itsasoan barrena.

Konfigurazio horrek olatu bortitzen sorrerari emango dio bide: igandetik (otsailak 7) aurrera iritsiko dira euskal kostaldera, hondoko itsaso gisa. Horrez gain, haizeak bortitz jarraituko du eta itsasoaren egoera txarra okertuko du.

Olatuen altuera larunbatetik (otsailak 6) aurrera hasiko da igotzen, eta 3-3,5 metro artean amaituko du eguna. Igandean (otsailak 7), lauzpabost metro arteko olatuak izango dira batez bestez, eta astelehenean (otsailak 8), litekeena da olatuen altuerak gorabidean jarraitzea, 4-5 metroetatik 7 metrora arte, bai eta muga hori gainditzea ere.

Ziur aski, astelehen gauaren eta astearteko egunaren lehen erdian suertatuko da olatu-tarterik altuena; nolanahi ere, ziurtasunik eza dela-eta, garaiz da maxima horrek itsasgorekin bat egingo duen esateko eta, beraz, oraindik garaiz da iragarpen edo abisu zehatzagoak emateko.

Bestetik, aintzat hartu behar da datozen egunotan marea biziak izango ditugula eta datorren ostegunera arte (otsailak 11) gora egiten jarraituko dutela.

Haize eta euriak

Larunbata, otsailak 6, bereziki arratsalde-gau partean, indartsu ibiliko da hegoaldeko haizea eta baliteke haizeguneetan 100 km/h abiadurak ere gainditzea, batez ere mendialdean; haizeguneetatik kanpo 70-80 km inguruko abiaduran ibiliko da eta, hortaz, kontuz ibiltzeko gomendioa luzatzen zaie Inauteri Jaiak aire zabalean ospatzeko asmoa duten guztiei.

Igandean, otsailak 7, mendebaldeko haize bortitza etorriko da itsasotik, baina lurrean indarra galduko du eta astelehenean (otsailak 8) hasiko da berriz ere indarrez, hego-mendebaldetik, hain zuzen. Mendebaldeko haizeguneetan berriz ere gaindituko ditu 100 km/h abiadurak, eta Bizkaia eta Araban, haizeguneez kanpo, 70-80 km/h abiaduretan mugituko da. Datozen egunotan indartsu jarraituko du mendebaldeko haizeak, batez ere itsasoan eta kostaldean.

Egoera horretan, euriak eta tenperatura-jaitsiera iragankorrak ekar ditzaketen zenbait fronte-sistema ere iritsiko zaizkigu. Izan ere, larunbataren (otsailak 6) azken orduetan eta igandearen lehen erdialdean (otsailak 7) fronte hotz batek harrapatuko gaitu eta elur-mailak behera egingo du, batez ere igande goizaldean eta lehen orduan (otsailak 7). Ziurrenik 900-1000 metro inguruan kokatuko da, oro har, baina baliteke zenbait guneetan gehiago ere jaistea. Horrez gain, euria ez ezik, ekaitz eta kazkabarrak ere irits litezke.

Laburbilduz, datozen egunotan, itsasoaren egoera bortitza eta olatu indartsuak izango dira nabarmengarrien; baliteke igandetik (otsailak 7) aurrera iristea euskal kostaldera, indar handiz, eta astelehen arratsalde-gauean eta asteartearen lehen egun-erdian izatea eragin handiagoa.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako Zuzendaritzak, eragin litezkeen ondorio negatiboak saihestu eta arintze aldera, gomendio hauek eman dizkie herritarrei:

Prebentzio-neurri gisa:

- Ez bainatu itsasoan.

- Urpean ibiltzeko asmorik izanez gero, utzi beste baterako.

- Ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez ezazu inola ere uretako kirolik egin.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

- Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta egon erreskatatu bitartean.

- Olatuek arrastatuz gero, egon lasai; ez egin igeri korrontearen kontra, kostako korronteek indar gutxiagoko zatiak dituzte.

 

Oharra.- Eguraldi iragarpenak eta abisuak jarraitzea gomendatzen da, Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) edo Twitter bidez (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko