Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak altzarien Renove Plana amaitu du, eta arrakasta handia izan du sektoreko salmentetan

2009.eko urriak 15

43.387 familia izan dira Planaren onuradunak, eta 160 milioi euroko salmentak lortu dira sektorean. Jaurlaritzak 19 milioi euroko ekarpena egin du, eta 25 milioi euroko BEZa sortu da.



Eusko Jaurlaritzak Altzarien Renove Plana amaitu du, eta Euskadiko altzarien merkatua suspertzeko helburu nagusia soberan bete da. Kanpainak 25 eguneko iraupena izan du, eta, aldi horretan, laguntzak kudeatzeaz arduratutako SPRI sozietateak 43.387 eskaera inguru jaso ditu. Hortaz, kontsumoa eta, beraz, ekonomia mobilizatzea lortu da.

Planari esker, salmentek igoera nabarmena izan dute altzarien sektorean, krisiaren eragina beste sektore batzuek baino neurri handiagoan jasan duen sektorean, hain zuzen ere. Euskadiko Merkataritzaren Behatokiaren (Ikusmer) datuen arabera, aurtengo lehen hiruhilekoan altzarien txikizkako merkataritzan izandako salmentak % 32,7 jaitsi ziren 2008ko aldi berarekin alderatuta. Zehazki esanda, Planak 160 milioi euroko fakturazioa eragin du. Hau da, Jaurlaritzak jarritako euro bakoitzeko beste zortzi euro sortu dira.

Diru-laguntza 19,8 milioi eurokoa izan da, eta Administrazioak soberan berreskuratu du kopuru hori, 25,5 milioi euro jaso baititu BEZaren bilketaren bidez. Gainera, Renove Plan horrekin beste onura azpimarragarri batzuk lortu dira: sektoreko enpleguari eutsi egin zaio (sektore horretan, langileen batez bestekoa beste merkataritza-eremu batzuetan baino handiagoa da), eta konfiantza-giroa sustatu da.

Euskadi aitzindaria izan da Espainian plan hori aplikatzen. Plana '+Euskadi 09' neurrien barnean hartu da, eta lortu duen arrakasta dela-eta, beste autonomia-erkidego batzuetako gobernuek Euskadiko esperientzia ezagutzeko eta antzeko plan bat aplikatzeko interesa agertu dute. Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du txoke-programa hori salbuespenezkoa eta erabat koiunturala dela.

Planari buruzko behin betiko datuak bildu gabe daude oraindik, eta zenbait aste beharko dira guztiak prozesatzeko, saltokiek eta bezeroek bidalitako datuak egiaztatu gabe baitaude. Dena dela, urriaren 9ra arte, behin-behineko balantze gisa honako zifra hauek erregistratu direla esan daiteke:

" Neurriaren onuradun izan diren familiak, guztira: 43.387
" Euskadiko 1.467 establezimendu atxiki zaizkio programari
" Emandako laguntzak, guztira: 19.883.488,70 euro
" Planak 159.924.086,81 euro sortu ditu salmentetan
" Efektu biderkatzailea: inbertitutako euro bakoitzeko 8 euro sortu dira.
" Batez besteko diru-laguntza 461,90 euro izan da
" Renove Planarekin bildutako BEZa: 25.587.852 euro

Lurraldeka, Renove Planak 7.968 etxetara ekarri du onura. Izan ere, dirulaguntza 3,6 milioi eurokoa izan da guztira eta sortutako salmentek 37,4 milioi euro jo dute.
Bizkaian, 23.044 bezerok aurkeztu dute eskabidea. Horren ondorioz salmentak 82,1 milioi eurokoak izan dira eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza 10,3 milioi eurokoa.
Gipuzkoan, 12.375 onuradunek 5,8 milioi euroko dirulaguntza jaso dute guztira, saltokiek 40,3 milioi euro fakturatu baitute kanpaina honetan zehar.


Altzarien Renove Plana irailaren 15ean jarri zen abian, eta Euskadiko ETEetan altzariak, argiteria eta koltxoiak eskuratzeko aukera eskaini du. Gutxienez 300 euroko erosketak egin behar ziren, zerga-oinarriaren % 25era bitarte diruz laguntzeko aukerarekin. Nolanahi ere, 1.000 euro zen etxe bakoitzeko gehieneko laguntza.


Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 9a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan