Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Basque Country Logistics-ek Bilboko portua proposatu du Berlinen beste kontinenteetako fruta eta barazkientzako Europako ate modura

2016.eko otsailak 04

Bas

  • Hiru egunez Berlin da barazkigintza eta frutagintzaren munduko hiriburua
  • 84 herrialdetako barazkigintzaren eta frutagintzaren nazioarteko merkataritzako 2.800 erakusketari
  • 135 herrialdetako 65.000 bisitari profesional; 2015ean 1,9 milioi tona fruta eta barazki ekoitzi zituzten 
  • Klima Aldaketak herrialde batzuetako eta bestetako ekoizpen tradizionalei eragiten die

Berlin, 2016ko otsailak 4

Basque Country Logisticsek Berlingo Fruit Logistica azokan egunotan aurkeztutako standean hainbat bilera komertzial egin dituzte Bilboko portua beste kontinenteetako fruta eta barazkientzako Europako ate modura proposatzeko. FRUIT LOGISTICA 2016 munduko barazkigintza eta frutagintzaren sektoreko topagune garrantzitsu eta handiena da; 84 herrialdetako 2.800 erakusketarik parte hartuko dute azoka horretan. Azokaren presidente Christian Gökeren iritziz, sektorearen interesa «nabarmen ari da handitzen, topaketa honetan agerian gelditzen den moduan».

 

«Korridore atlantikoan bertan kokaturiko Bilboko eta Pasaiako portuak, euskal logistika-plataformak, euskal operadore eta kontsignatarioak eta Euskadiko garraio- eta komunikazio-azpiegiturak eta -enpresak ageri dira Basque Country Logisticsek egindako eskaintzan, merkatu espezializatuek, kasu honetan frutarenak, Euskadik Europako hego-mendebaldean  eta penintsularako sarbide estrategikoan duen operatibitate intermodala kontuan har dezaten», azaldu du Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek.

 

Bilboko portuko merkataritza-taldeek bilerak egin dituzte gaur hainbat kontinentetako esportatzaile eta inportatzaileekin, Amerikakoekin bereziki, eta horretan ere jardun dute, halaber, Mercabilbao merkatuko teknikariek zein Berlinen dauden sektoreko beste eragile batzuek.

 

Agrarmarkt Informations-Gesellschaft mbh (AMI) sozietateak argitaratu berri dituen zifren arabera, mundu osoan 1,05 milioi tona inguru barazki (meloirik gabe) eta 830 bat milioi tona fruta (meloiak barne) ekoitzi zituzten 2015ean. Azken urteotan etenik gabe egin du gora fruten zein barazkien ekoizpenak. Produktu freskoen alorrean muga barneko merkataritzak mugitu du munduko fruta-ekoizpenaren ehuneko bederatzia eta barazki-ekoizpenaren ia ehuneko laua.

 

EBn fruten bilketa txikixeagoa izan zen 2015ean; guztira 38 milioi tona bildu ziren, aurreko urtean baino ehuneko bi gutxiago. EBko barazkien bilketari dagokionez, iaz ia 61 milioi tona bildu ziren, ehuneko hiru murriztu da, beraz, aurreko urtekoaren aldean.

 

Basque Country Logistics standean topaketa profesionalak egiten dira eta horietan euskal gaitasuna zein operatibitatea eskaintzen dira mundu-mailako garraioaren eta logistikaren arloan. «Klima-aldaketak horrelako produktuei ere eragiten die: gune klimatikoak aldatzen ari dira eta uztaren zikloei eta ekoizpenari eragiten ari da arlo guztietan. Produktu freskoen industriara horrek guztiak aldaketa handiak ekarriko ditu mundu-mailako hornidurari dagokionez», adierazi du Aizek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)