Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzako Zuzendaritzak dei egiten die sindikatuei negoziazioa berrabiarazteko eta adostasun batera iristeko Euskal Osasun Sistema Publikoaren profesionalentzat garrantzitsuak diren gaietan

2016.eko otsailak 04

Osasun Mahai Sektorialera deitu du datorren otsailaren 17an, beste hainbaten artean, hauetaz mintzatzeko: beste 1.000 lanpostuko EPE 2016 berria, aldi baterako kontratazioaren erregulazioa edo aurten egin beharreko plantilaren handitze edo finkatzea

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak gaur goizean sindikatuei deitu die osasuneko Mahai Sektorialaren beste bilera batera datorren otsailaren 17an Asmoa, iaz, urte amaieran, hasitako negoziazio prozesuan aurrera egitea da.

Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren nahia da Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetako langile guztientzat interesgarriak diren arlo espezifikoak erantzukizun eta zehaztasunez negoziatzen hastea, joan den asteartean Eusko Jaurlaritzak Administrazio Publikoan 35 orduko lanaldia berrezartzen duen Dekretua onartu ondoren. Berrezarpen horren ondorioz, 2016. urtean, Administrazio Publikoko langileak laneko 1.592 orduko lanaldira itzuliko dira, norberaren eginkizunetarako baimeneko sei egunez gain.

Horregatik, eta datorren ostegunean, 11n, Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren deialdiaren ondoren, –Eusko Jaurlaritzak bertan sindikatuei Dekretuaren xehetasunak azalduko dizkie- Osakidetzak negoziatzen jarraitu nahi du bere sektore-esparruan. Prozesuaren amaieran adostasuna lortu nahi da, oso garrantzitsuak diren hainbat gaitan, esaterako, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak 2016 Enplegu Publikorako Eskaintza berri bat deitu ahal izateko baldintzak zein diren. Aurreikusten da eskaintza horretan 1.000 lanpostu berri inguru eskainiko direla, 2015ean egindako EPEko mila enpleguei gehitu beharrekoak.

Era berean, Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritzaren aburuz, ezin da atzeratu Osakidetzako profesional guztiei eragiten dieten beste arlo gako batzuen negoziazioa: aldi baterako kontratazioko akordio berri baten onarpena, lanpostuak aldi baterako betetzeko sistema berri baten ezarpena, 2016rako plantillaren hedatzea/finkatzea eta euskararen hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko ezohiko proba bat egitea, beste batzuen artean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 4a.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau