Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarrien aurkezpena

2016.eko otsailak 04

Patxi Baztarrikak -Hizkuntza Politikarako sailburuorde eta Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde bereziaren presidenteak- eta Iñaki Martinez de Lunak -soziolinguista, Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 batzorde  bereziaren eta EGOD egitasmoaren (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen egitasmoa) zuzendariak-, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarrien aurkezpena egin dute gaur goizean Donostian.

Gaur goizean bi lan aurkeztu dira:

-       Alde batetik, Patxi Baztarrikak, EGOD egitasmoak definitzen dituen diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa litekeenaren eduki zehatzak zehaztu ditu. Izan ere, EGOD egitasmoaren barruan, beste zenbait konturen artean, ikerketa ugari egin dira. Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak, ikerketa hauei esker lortutako informazioa landuz, zoru komuna definitu du.

-       Bestalde, Iñaki Martinez de Lunak, EGOD-en azken txostenaren emaitza nagusien laburpenaren berri eman du. HPS-ek honela eskatuta, Iñaki Martinez de Lunak EGOD egitasmoa zuzendu zuen.

Aurrekariak:

Zoru komun hori definitu baino lehenago, egitasmoak eginiko ibilbidea azaldu da. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak legealdirako lan-programa aurkeztu zuen legealdi hasieran. Lan-programa horretako konpromiso eta eginkizunen artean nabarmendu zenetariko bat izan zen,  euskal gizartean euskarari buruz dauden diskurtsoen lanketa egitea, eta diskurtso ezberdinen arteko kontrastea eta eztabaida bultzatzea, ahalik eta parte hartze zabalenarekin”.

Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak hala proposatuta, 2013-2014 aldirako lan programa onartu zuen eta programa horretako eginkizunetariko bat, hain zuzen ere, honelaxe definituta onartu zen: “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Eginkizun hori garatzearen ardura Euskara 21 Batzorde-atalaren esku jarri zen.

Eginkizun hori aurrera eramateko ‘Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoaren lanketa’ (EGOD) izeneko egitasmoa jarri zen martxan. Egitasmo horren zuzendaria Euskara 21 Batzorde-atalaren zuzendaria bera da, gaur prentsaurrekoan egon den Iñaki Martínez de Luna. EGOD egitasmoak euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea du helburu.

Horrela izendatu dira bost multzo edo diskurtsoak: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.

Zoru Komuna:

EGOD egitasmoaren barruan egindako ikerketa horietako informazioa landuz, Hizkuntza Politikarako sailburordetzak diskurtso ezberdinen arteko intersekzioa izan litekeenaren eduki zehatzak definitu ditu eta horiek dira gaur goizean Baztarrikak azaldu dituenak. Intersekzio hori izan daiteke, hain zuzen ere, euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarria.

Aurretiaz aipatu diren bost diskurtsoak zenbait esaldiz (33 esaldi, guztira) osatuta daude eta esaldi bakoitzak onarpen maila ezberdina du. Intersekzio edo zoru komun hori definitzeko, esaldi hauetatik edota ikerketako bestelako galderetatik ateratako ideietatik %66,6tik gorako babesa dutenak hartu dira. Beraz, esaldiak aukeratzeko, ezinbestez, bi hereneko babesa izan behar dute. Onartutakoak hogeita bat izan dira. Beraz, lan honi esker, definituta geratzen dira gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak.

 

Gutxienez gizarteko bi herenek ontzat ematen dituzten ideiak:

(Ikus atxikitako PDF artxiboa)

 

[*] Erantzun aukerak honakoak izan dira: Oso handia, Nahikoa handia, Erdipurdikoa, Nahikoa txikia, Ez dut batere interesik, Ed/ee.

[**] Erantzun aukerak honakoak dira: Garrantzi handia, Nahikoa garrantzi, Erdipurdikoa, garrantzi gutxi, garrantzirik ez, Ed/ee.

[***] Erantzun aukerak honakoak dira: Etorkizunean euskaraz bakarrik egitea nahi du; Bietan egitea nahi du, euskaraz orain baino gehiago; Bietan egitea nahi du, orain bezala; Bietan egitea nahi du, euskaraz orain baino gutxiago; Etorkizunean gaztelaniaz bakarrik egitea nahi du; Ed/ee.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak azaldu du: “Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren konbikzioa honako hauxe da: euskara biziberritzeko prozesuan eraginkorrak izateko, gauza asko behar ditugu, jakina da hori (besteak beste, arau eta politika egokiak, plangintza egingarriak, bitartekoak, ezagutza zientifikoa edo lankidetza publiko-pribatua behar ditugu).  Baina behar dugun horren guztiorren oinarri nagusiak, bi zutabe dira, eta hauek ezinbestekoak dira: bata, herritarren atxikimendua (gogoa, nahia), eta, bestea, adostasun sozial eta politiko zabala; askotarikoen arteko adostasun sozial eta politiko zabala, zabala kuantitatiboki, eta zabala kualitatiboki. Badakigu, noski, adostasuna ez dela nahikoa, baina hori bezain argi dakigu adostasuna ezinbestekoa dela aurrera egiteko”.

Eta gehitu du: “Ondo dakigunez, euskarak jauzi handia egin du EAEn azken hiru hamarkadotan. Jauzi hori egiteko nahitaezkoa izan da adostasun sozial eta politiko zabala. Adostasun horren babes eta legitimaziorik gabe ez genituen euskara biziberritzeko eraiki dugun corpus juridiko-normatiboa eraikiko eta hainbat arlotan askoren artean garatu ditugun politikak garatuko. Adostasun sozial eta politiko hori zaindu, eguneratu, elikatu eta indarberritu egin behar da. Etengabea da lan hori”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @zuzeu
    2016.eko otsailak 06
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Martinez de Luna