Berriak Eusko Jaurlaritza X. leg
Eu

Kontrolerako osoko bilkura (2016/02/05)

2016.eko otsailak 05

 Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Miren Josune Gorospe Elezkano Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2016rako aurreikuspen ekonomikoen inguruan.

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, baieztatu du euskal ekonomia ondo prestatuta dagoela susperraldi ekonomikoa baliatzeko eta, beraz, 2016 urtean hazten eta enplegua sortzen jarraituko duela Euskadik. Aurreikusitako hazkunde-datuak hobeturik amaitu duen urte baten ostean –besteak beste, industriaren eta turismoaren bultzadari esker–, lehendakariak uste osoa du bide onetik jarraitzeko aukera izango dugula. Izan ere, eta iragan urtarrileko datuei begira, egiaztatu da Euskadin azken hamabost urteetan izandako langabezia-beherakadarik handiena izan berri dela; horrenbestez, baieztatuta geratu  da enplegu sorreraren joera gorakorra.

Azaldu duenez, 2016an kalitateko enpleguaren sorrera lehenesten jarraituko du Eusko Jaurlaritzak. Orobat, egonkortasunak, konfiantza berreskuratzeak eta kreditua eskuratzeko aukera handiagoak etxeetako kontsumoa eta enpresen inbertsioa sustatuko dituztela espero du lehendakariak. Aurreikusi du industriak hazkunde-profilari eutsiko diola, gorakada ekonomikoari eta merkatuko baldintza onei esker; nolanahi ere, nazioarteko testuinguruan dirauten arriskuei buruz ere ohartarazi du.

Galdera, Natalia Rojo Solana Euskal Sozialistak taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, pobrezia energetikoari buruzko agindu parlamentarioa betetzeari buruz.

Lehendakariak, Iñigo Urkulluk, iragarri duenez, 400.000 euro bideratu zaizkio Aurrekontuetan, Eusko Jaurlaritzak Gurutzen Gorriarekin duen hitzarmenaren barruan, pobrezia energetikoaren aurkako borrokari; hau da, iazkoaren (2015) bikoitza, 427 familia diruz lagundu zirenean. Aurten, beraz, familia onuradunen kopurua handitzea aurreikusi da. Horiek horrela, haien premiak arintzeko konpromisoa agertu du euskal gobernuak.

Urkulluk azaldu du Gurutze Gorriak bidaltzeke duela dagokion administrazio-prozedura betetzeko behar den dokumentazioa. Azkenekoz, joan berri den asteartean eskatu zitzaien. Hala, dokumentazioa eskuartean duenean, Eusko Jaurlaritzak espedientea izapidetuko du eta urgentziaz ordainduko ditu 400.000 euroak.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, terrorismoaren biktimen aldeko omenaldiei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak berriz adierazi du «lekuz eta garaiz kanpo» dagoela terrorismoaren biktimak Eusko Jaurlaritzaren aurkako jaurtigai gisa erabiltzea; aldi berean, iruditzen zaio badela liskar politikoen aro zaharra amaitutzat jotzeko garaia, eta bakea eta bizikidetza finkatuko duen aldi berri bati bide ematekoa. «Biktimen memoria gizartearen elkargune bihurtzeko garaia dugu» ziurtatu du, PPko legebiltzarkide Carmelo Barrioren galderari erantzunez.

Esan duenez, hain justu helburu hori lortzeko ahaleginetan jarraituko du Eusko Jaurlaritzak. Urkulluk argi utzi nahi izan du Eusko Jaurlaritzak biktimekiko konpromisoa duela; horren erakusgarri da Eusko Legebiltzarrak ETAren indarkeriaren aurka eta biktimen memoriaren alde egindako adierazpen guztiak babestu dituela, lehendakari gisa. Lehendakariak, halaber, egoki jo du gogora ekartzea berak berez aitortu zuela «lehenago eta hobeto erantzun behar zitzaiola» auziari, eta autokritika horrek, preseski, aro berriari ekitea zuela helburu.

Interpelazioa, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, estatus politiko berri bat lortzeari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Espainiako hurrengo gobernuak Eusko Legebiltzarrarekin eta Jaurlaritzarekin lankidetzan jardun dezala da bere asmoa; hartara, Euskadik autogobernu-estatus berri bat jaso eta etorkizuneko bizikidetzarako itun politiko berri bat hitzartu ahal izan dezan. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du Madrilen eratuko den gobernuak erabateko norabide-aldaketa egin dezala Euskadira begirako jarrera eta politiketan eta Eusko Legebiltzarrean adostutako hitzarmenak errespeta ditzala. Laburbilduz, hurbiltze eta lankidetza aldi berri bat abiaraztearen aldeko apustua egin du lehendakariak.

Ildo horretan, uste du Eusko Legebiltzarra eredugarri izan behar dela, eta euskal alderdi politikoen artean estatus berriari buruz eztabaidatzeko prozesu bat ezarri behar dela. Erronka horrek Autogobernuaren Lantaldean du adierazgarririk onena. Esan duenez, bizikidetza bermatuko duen akordio plural eta integratzaile bat lortzea izan behar du helburua. Era berean, lehendakariak gogorarazi du bide bat baino gehiago dagoela autogobernaren arloan aurrera egiteko, eta ez dela ezinbestekoa Konstituzioa aldatzea.

Galdera, Xabier Isasi Balanzategi EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egiten dituen inkestei buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu du zentzudunak direla bai gizartearen bilakaera aztertzeko asmoz duela 20 urteko ikerketa bat berregiteko erabakia, bai eta gizarte-tolerantziari buruzko galdera mantentzeko erabakia ere. Ildo horretan, gogorarazi du munduko beste tokietan egiten diren balio-azterketa guztietan 1981tik erabiltzen dutela balio hori.

Urkulluk azaldu du Azterketa Soziologikoko Kabineteak kritika bat jaso zuela aipatutako galderan eskainitako 12 erantzun-aukeretako batean; kritika onartu ostean, galdera ezabatzeko erabakia hartu zuten. Lehendakariaren ustez, galderaren izaerak ez du ezbaian jartzen Azterketa Soziologikoko Kabinetearen lanaren sinesgarritasuna.

Galdera, Nerea Llanos Gómez Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, lehendakariak Espainiako Gobernu berriaren osaketaz duen iritziari buruz.

Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu du Madrilen euskal agendari helduko dion eta euskal erakundeekin harremanetan erabateko bira emango duen gobernu bat eratzea dela Euskadirako onuragarriena. Hala, iruditzen zaio Espainiako gobernu berriak euskal autogobernuaren izaera politikoa errespetatu behar duela eta hori eguneratzen lagundu, itunaren espiritua berreskuratuta.

Urkulluk uste osoa du azken legealdian faltan bota den egonkortasuna ekarriko lukeela Estatuaren nazio askoko izaera errespetatuko duen akordio bat lortzeak. Ildo horretan, alderdi politiko guztiekiko zubiak hautsi izana aurpegiratu dio PPri, bai eta hala Eusko Jaurlaritzarekiko nola Legebiltzarrarekiko lankidetza instituzionaleko guneak itxi izana ere; eta gaineratu du jarrera horrek eraman duela PP «bere burua baztertzera», gobernu berria eratzeari dagokionez.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 05

    Comentario de Twitter:
    [VÍDEO] Pleno de Control (05/02/2016). El lehendakari y consejeros/as han respondido a los grupos parlamentarios ➡ https://t.co/UyYWFHwpRf

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)