Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Dagoeneko 75 erakundek sinatu dute Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala

2010.eko irailak 19

Pentsiodun eta Erretiratuen Lurralde Federazioa Itunari atxiki zaio

Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako Pentsiodun eta Erretiratuen Probintzia Elkarteetako Lurralde Federazioak bat egin du Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialarekin. José Manuel Odriozola Azurmedik sinatu du Ituna, Federazioaren presidentea den aldetik.

Pentsiodun eta Erretiratuen Probintzia Elkarteetako Lurralde Federazioaren sinadurarekin lortu da 75 izatea Ituna sinatu duten gizarte-, ekonomia- eta finantza-arloko erakundeak.

Etxebizitzaren aldeko Ituna sinatzeko ekitaldia ekainaren 16an izan zen, Patxi Lopez Lehendakariaren presidentziapean. Era horretan, parte hartzeko eta eztabaidatzeko prozesu zorrotz bat itxi zen. Prozesu horri azaroan eman zitzaion hasiera eta ekainean amaitu zen inplikatutako agenteekin etxebizitzaren alorrean datozen urteetan aplikatu behar diren politikei buruzko oinarrizko adostasunak lortu zirelako.

Itunaren barnean lortutako akordioak Jaurlaritzaren Gobernuak datozen asteetan onartuko duen 2010-2013ko Etxebizitzako eta Hiri Berrikuntzako Plan Zuzentzailean islatuko dira. Plan Zuzentzailearen ardatz estrategikoak honako hauek izango dira: etxebizitza lortzeko aukera erraztea, baliabideak batez ere alokairura bideratuz, birgaitze eta hiri-berritze politika berriaren aitzindari izatea, lurzorua sustatzeko politika aktiboa sustatzea, baliabideak eta tresnak optimizatzea etxebizitza-politikaren zerbitzura, eta etxebizitza-politikaren gobernantza berri bat lortzeko aurrera egitea.

Etxebizitza Politiketan herritarrek parte hartzeko prozesuan egindako proposamenen % 67 bilduko du Plan Zuzentzaileak. Prozesu hori Internet bidez garatu da hiru hilabetetan "Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan" leloarekin.

Era berean, Gobernu Kontseiluak prezioei buruzko agindu berria onartuko du, eta agindu horretan alokairuaren prezioa beherantz berrikusiko du; horretaz gain, lehenengo aldiz prezio desberdina jarriko die jabetza osoko etxebizitzei edo azalera-eskubidekoei.

Itunaren beste konpromiso bat betetzeko, urtea amaitu aurretik, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialari jarraipena egiteko organoak eratuko dira.

Etxebizitzari buruzko itun soziala

Ituna Euskadin lortu den ildo horretako lehena da, 15 urteko indarraldia izango du, eta eraikitzaileek, sustatzaileek, profesionalen elkargoek, kontsumitzaileek, auzo-elkarteek, familia ugariek, aita eta ama bananduek, kooperatibek, finantza-erakundeek, udal-sozietateek, unibertsitateek, birgaitze-sozietateek eta abar izenpetu dute.

Etxebizitza babestuaren parkea handitzea eta alokairuari bultzada handia ematea zen Itun horren ardatz estrategiko handietako bat. Itun horren helburua, gainera, alde batetik, 90.000 familiaren etxebizitza-premiari erantzutea da, eta, bestetik, alokairuko etxebizitza kopurua handitzea, 2013an alokatzeko sustatuko diren etxebizitzak % 40 izatea, eta  2025ean % 50. Gainera, ager daitezkeen etxebizitza-premiak zehaztu nahi dira, historikoki etxebizitza babestua sustatu ez den udalerriei laguntzeko.

Horrez gain, zuzkidura-alojamenduak bultzatzea eta hainbat egoeratan etxebizitza-premiari erantzuteko figura berriak sortzea planteatzen da. Edonola ere, helburu horiek betetzea ahalbidetuko duten baliabide ekonomikoak lortzeko, sinatzaileek hitz eman zuten sistema berriak bilatuko zituztela; horien artean, lankidetza publiko/pribatua eta azalera-eskubidean erositako etxebizitza babestuen jabeei lurzorua saltzea.

Era berean, erabiltzeko moduko lurzoruak gehitu eta gaur egun geldituta dauden lurzoruak mobilizatu nahi dira. Horretarako, udalekiko lankidetza handiagoa eta hobea lortu, eta udalen zeregina indartu nahi da. Adibidez, jardun bakoitzean BOEen ehuneko egokiak finkatzeko garaian udalei erabakitzeko ahalmena emateko beharrezkoak diren araudi-aldaketak egitea proposatzen da sinatutako dokumentuan, betiere araudian ezarritako mugekin. 

Testuan egiazta daitekeenez, etxebizitza babestuari egotz dakiokeen urbanizazio-karga berrikusi egin behar da, eraikitzeko moduko lurzorua prestatzen laguntzeko. Nolanahi ere, gaur egungo Lurzoruaren Legea aldatzea ekarriko luke horrek. Halaber, beharrezko jotzen da legezko baliabideak eta mekanismoak jartzea, Tokiko Administrazioei malgutasun handiagoa emango dietenak administrazio horiek beren bitartekoak unean-unean duten premia ekonomikora eta sozialera egokitzeko.

Itun horren beste ardatz estrategiko nagusi bat hiriak eraberritzeko eta birgaitzeko politikak sustatzea eta beste orientazio estrategiko bat ematea da. Gaur egun, 900.000 etxebizitzatik gorako parke eraikia dago, eta etxebizitza horien ia % 70 1980. urtea baino lehenagokoak dira. Hori dela-eta, datozen hamabost urteetan 250.000 etxebizitza hobetu eta birgaituko direla ezarri da. Horren bidez, gaizki aprobetxatutako guneak berreskuratu eta hiri-sarea eraberritu nahi da, eta, horretarako, hiri-sarea zerbitzuez hornitu, etxebizitzen irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetu, eta eraikinen bizitza luzatu behar da, kohesio soziala eta hirien sustapen ekonomikoa bultzatzeko.

Politika berri horrek erakundeen arteko lankidetza eskatzen du kudeaketa-zereginetan, eta bereziki birkokatze zehatzei dagokienez, hiria berroneratzeko edo eraikinak oso-osorik eraberritzeko esku-hartzeak ahalbidetzeko. Horretarako, Birgaitzeko Hirigintza Sozietateen esperientzia baliatuko da.

Itun horretan definitzen diren 87 ekintza zehatzen artean erakunde-lankidetza hobetzeko eta erakundeen erantzukidetasuna hobetzeko ekintzak daude, udalek etxebizitza-politiketan duten zeregina indartuz. Adibidez, garrantzitsua da aldundiekiko lankidetza sakontzea, alokairua eta birgaitzea bultzatzeko zerga-arloko neurriak aztertu eta ezar daitezen.

Bestalde, zozketetako kupoak berrikusteko aukera planteatzen da, aldez aurreko baremazioa izango duen zozketa-eredu bat lortzeko. Eredu horretan, etxebizitza-premia objektiboan oinarritutako irizpideek izango dute lehentasuna, gizarte-talde jakin bateko partaide izatean oinarritutakoen gainetik. Nolanahi ere, gizarte-kupo jakin batzuk ezarri ahal izango dira, betiere salbuespen gisa.

Halaber, erosteko aukera ematen duen alokairua ezartzea, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko prezioak benetako eraikuntza-kostura egokitzea eta bizi-ibilbideen sistema bat abian jartzea planteatzen da. Sistema horren barruko ekintzen artean, honako hauek aipa daitezke: adinekoen etxebizitzak lagatzeko eta alokairuaren merkatuan sartzeko (adinekoen premietara egokitutako zuzkidura-etxebizitzen truk) programa onartzea, eta BOEen jabeak etxebizitza tasatuak eskuratzeko etxebizitzarik ez izateko baldintzaz salbuestea, betiere babes ofizialeko etxebizitza Administrazioaren esku uzten badute eta etxebizitza tasatuak esleipen-prozesu arruntean okupatu ezin izan badira.

Testuan sartu den beste ekintza bat etxebizitza babestuen prezioen eredua -Berme eta Konpentsazio Funtsean oinarritua- aldatzea da. Eredu berriaren bidez, prezio desberdinak aplikatu ahal izango dira etxebizitza babestuaren salmentan, erosleen errenta-mailen arabera.

Azkenik, gai publikoen gobernantza-sistema berri bat ere ezarriko da, etxebizitza-politikan herritarren partaidetza eta herritarren erantzukidetasuna ere sustatuz.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan