Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Donostiak, Gasteizek eta Bilbok Euskadi Lagunkoia sarearekin bat egin eta hura indartu dute: dagoeneko 28 udalerri biltzen ditu

2016.eko otsailak 03
  • Hiru hiriburuek bat eginda, ekimena nazioarteko erreferentzia bihurtu da

Euskadi Lagunkoia Sarearekin aurrez bat egindako beste 25 udalerriek bezala, hemendik aurrera Bilbok, Donostiak eta Gasteizek aintzat hartzen jarraituko dute adinekoen ikuspuntua jarduketei ekiteko orduan, direla hirigintza arloko hobekuntza-egitasmoak, direla gizartearen esparrukoak, etab. Gainera, sarean, informazioa trukatzeko aukera izango dute, hirietan burutzen ari diren ekintzen berri emateko.

Ángel Toña, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordeak, eta Gorka Urtaranek, Eneko Goiak eta Juan Mari Aburtok –Gasteiz, Donostia eta Bilboko alkateak, hurrenez hurren– hiru hiriburuek Euskadi Lagunkoia Sarearekin bat egiteko atxikimendua sinatu dute gaur goizean Lakuan. Helburua da Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruneak hobetzeko lanetan adinekoen eta herritar guztien parte hartzea sustatzea.

Hiriburuak gehituta, jada 28 udalerri biltzen ditu Euskadiko sareak; hala, mundu mailan udalerri lagunkoi gehien dituen lurralde gisa finkatu da Euskadi. Izan ere, hiru hiriburuek bat eginik –gainera, udalerri aitzindariak dira lagunkoitasun-mugimenduan–, nazioarteko erreferente bihurtu da Euskadi Lagunkoia, orotariko hedadurako hiriburu, hiri eta herriak gehitu dituelako ekimenera.

Iragan irailean 2015-2020 aldirako Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia abiarazi ostean iritsi da hiru udalerrion atxikimendua eta, hain zuzen, ongizatearen gizartearen eraikuntzan lagunkoitasuna eta parte-hartzea sustatu beharra azpimarratzen du Estrategiaren ildoetako batek. 2015-2020 aldirako estrategiak zahartzaro aktiboa, positiboa, eta osasuntsua lortu nahi du, herrialde, lurralde, hiri zein herriaren garapenean integratua egongo dena. Eta biztanleriaren zahartze progresiboko ingurune batean, gainera; izan ere, demografiako datuek adierazten dutenez, gaur egun hiru euskaldunetik batek gainditzen baditu 55 urteak, Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, 2029an 596.000tik gora pertsonak gaindituko ditu 65 urteak; hau da, biztanle horiek guztizkoaren % 29 hartuko dute. Orduan, milioi bat inguru izango dira 55 urte eta gehiago dituzten pertsonak; alegia, euskal biztanleriaren ia erdia.

Sarera gehiturik, honako hauen aldeko apustua egin duten euskal udalerrien multzo gero eta handiagoarekin bat egin dute Bilbo, Donostia eta Gasteizek: hau da, parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzearen, herritarren bizi-maila hobetzeko asmoz udalerriaren eskumen-alor ugarietan aldaketak sartzearen, adinekoek ongizate-sortzaile gisa herritarren bizitzara ekar dezaketen potentziala baliatzearen eta Euskadin lagunkoitasun-ekimenen sare bat sortzearen aldekoa.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, mugimenduaren sustatzaileak, poz handiz hartu du hiriburuek mugimenduarekin bat egin izana. Hala, Ángel Toña sailburuak nabarmendu duenez, «guztion artean, indarrak batuz, bere herritarrei bizi maila handiagoa eskaintzen dien lurralde bihurtu dezakegu Euskadi».

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoiak Age-friendly Environments Programme ekimena du oinarri. Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako ekimen bat da, adinekoei eta komunitateei beren ahalmen guztia ustiatzeko eta beren ingurune, udalerri, herri nahiz hiriak eraikitzeko gizartean parte hartzeko aukera ematen dien tresna eraginkor bat, haien premia, nahi eta gaitasunen araberakoa. Orobat, babesa, laguntza eta segurtasuna ematen die, eta mugimenduaren nukleo eragile bihurtzen ditu, haiek ezartzen baititu proiektuaren garapenaren protagonista, eredugarri eta buru gisa.

Gaur egun, EAEko 28 udalerriz osatzen da sarea. Udalerri hauek izan ziren ekimenarekin bat egiten lehenengoak: Ordizia, Orio, Zumarraga, Hondarribia eta Añanako Koadrilako 9 udalerri. Haiekin batera proiektuaren lehen fasea landu zen, eta 2014an eman zioten amaiera, Udalerrietan ezartzeko eta erabiltzeko gida prestatuta. Gidaliburu horretan jaso dira herri, hiri nahiz lurralde batean lagunkoitasun-programa abiarazi eta garatzeko giltzarri guztiak.  Haiez gain, orain Euskadi Lagunkoia sarearen parte dira, halaber, Idiazabal, Dulantzi, Eskoriatza, Antzuola, Eibar, Legazpi, Urnieta, Urretxu, Zarautz, Irura, Kanpezu eta Beasaingo udalerriak, eta EAEko hiru hiriburuak: Vitoria-Gasteiz, Donostia eta Bilbo.

2 iruzkin
  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 04

    Comentario de Twitter:
    #EnvejecimientoACTIVO Donostia, Vitoria-Gasteiz y Bilbao se adhieren y refuerzan la red de Euskadi #Lagunkoia➡ https://t.co/xAL3VEIpKn

  • @Oso_Panda83
    2016.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [PERSONAS MAYORES] Donostia, Vitoria-Gasteiz y Bilbao se adhieren y refuerzan la red de Euskadi #Lagunkoia ➡ https://t.co/eeLof

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Donostiako Alkatea, Gorka Urtaran, Gasteizko Alkatea eta Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea