Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak lankidetza hitzarmena sinatu dute

2010.eko irailak 09

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 70.000 euro bideratuko ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren "Mintzalagun mintzapraktika programak 2010. urteko egitasmoa" aurrera eramateko.

Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Jasone Mendizabal Topagunea Euskara Elkarteen Federazioko zuzendariak bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Topagunearen Bilboko egoitzan.

Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 70.000 € bideratuko ditu Topaguneak 2010ean aurrera eramango duen Mintzalagun mintzapraktika programak bultzatzeko. Horretaz gain, Topaguneak gogoeta aldia egingo du era askotako mintzapraktika egitasmoek elkarren berri izan, metodologiak batu eta etorkizunera begirako lan-ildoak zehazteko.

Sinadura ekitaldian, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu du Topagunearekin sinatutako akordioa Kultura Sailak markatu duen estrategiaren baitan kokatzen dela: "Gure helburua da ahalik eta elkarte gehienekin akordioak sinatzea elkarlanean sinesten dugulako eta beharrezkoa ikusten dugulako guztiok norabide berean aritzea indarrak alferrik xahutu gabe".

Era berean, Auzmendiren hitzetan, diruz lagunduko den Mintzalagun egitasmoa jardunbide benetan interesgarria da eta proiektua zabaltzeko bidea egin nahi du Eusko Jaurlaritzak saioak indartuz: "Euskara bizitzako gune eta egoera guztietara zabaldu nahi dugu, hau da, ikasketa eta euskalduntze prozesuetatik haratago eraman, gizartera hedatu. Hori lortzeko bidean hondar ale bat gehiago da gaur Topagunearekin sinatu dugun hitzarmena".

Azken finean, Auzmendiren esanetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarduna bideratzeko irizpiderik garrantzitsuena euskararen erabilera da: "Euskara edozertarako erabiltzea da martxan jartzen ditugun ekimen gehienen helburua. Gure lan-lerroetan behin eta berriz errepikatzen dugu gure helburua dela euskararen erabilera sustatzea. Gainera, erabilera hori esparru ez formaletan areagotzea lehentasunezkoa da". Hain zuzen, horretara bideratu ohi dira bere lanetatik eta diruetatik asko.

Bestalde, Auzmendik Topagunea zoriondu du egiten duen lanagatik, eta euskararen normalizazioaren bidean egiten dun lan garrantzitsuagatik eskerrak eman dizkio.

Bestalde, Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azpimarratu du egun 3405 lagun daudela Mintzalagun proiektuan izena emanda, eta kopurua hirukoiztu egin dela programa duela 5 urte martxan jarri zutenetik.

Gainera, Mendizabalek adierazi du funtsezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta elkarkidetza, eta eskerrak eman dizkio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari emandako konfiantzagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Viceconsejera de Política Ligüística