Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Erkorekaren ustez, Madrilen eratuko den gobernu berriak euskal agendari heldu behar dio; Moncloari 2014 urtean eman zitzaion agendaren berri

2016.eko otsailak 03

Eusko Jaurlaritzaren eledunak dioenez, zenbat eta gehiago luzatu gobernuaren eraketa, zenbat eta kaltetuago gertatuko dira Euskadiren interesak

Eusko Jaurlaritzaren eledun eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak berriz adierazi du Madrilen eratuko den gobernu berriak euskal agendari heldu behar diola. Erkorekak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak ez duela Pedro Sánchezekin hitz egingo, alderdi politikoen ardura delako negoziazioak egitea, baina uste osoa du EAJk ongi jakingo duela hautagai sozialistaren balizko proposamenak –egiten baditu– Euskadiren nahietara eta Estatuaren nazio askoko izaeraren aitorpenera egokitzen.

Erkorekak elkarrizketa bat eman du gaur goizean Bizkaia Irratian, eta Felipe VI.a Erregeak atzo jakinarazitako erabakiaren inguruan galdetu diote –Pedro Sánchez sozialista inbestiturarako hautagai gisa proposatzekoa–. Eledunak nabarmendu du alderdi politikoena dela akordioak lortzeko erantzukizuna; nolanahi ere, euskal agenda aintzat hartzeko eskaera egin dio Espainiako etorkizuneko Gobernuari. Hain zuzen, 2014 urtean helarazi zen agenda hori Moncloara. Erkorekak azpimarratu duenez, zenbat eta gehiago luzatu Espainiako Gobernuaren eraketa, zenbat eta gehiago kaltetuko dira euskal herritarren arazoei erantzuteko aukerak, eta berriz gogorarazi du atzo adierazitako ideia: beharrezkoa da Madrilen solaskide egokia izatea altzairu-krisiari eta gisako auziei heltzeko.

Ildo horretan, gogora ekarri du iragan astean Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek Bruselara bidaiatu zuela, kontu horren inguruko kezkaren eta anti-dumping politikei heltzeko premiaren berri emateko. Nolanahi ere, esan du horretarako beharrezkoa dela Espainiako Gobernuaren lankidetza ere, eta ez soilik Europako erakundeena.

Langabeziari buruzko azken datuei dagokienez, balorazio positiboa egin du Erkorekak, nahiz eta joan berri den urtarrilean gora egin duen langabeziak; izan ere, Eguberrietako kanpainaren amaierari dagokio gorakada, eta 2015eko urtarrileko datuen aldean agerikoa da enplegu-sorreraren joera gorakorra.

Legealdiko programaren inguruan ere galdetu diote Eusko Jaurlaritzaren eledunari; ildo horretan, esan du Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorritako 15 bat lege daudela gaur egun onartzeke, eta Eusko Legebiltzarrari dagokiola ardura hori. Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeari dagokionez, uste osoa du alderdi politikoek ahalegin handiena egingo dutela akordioak lortzeko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2016.eko otsailak 03

    Comentario de Twitter:
    Erkoreka confía en que el nuevo gobierno que se forme en Madrid ponga sobre la mesa la agenda vasca, que ya se t... https://t.co/Jm9k9WaA2a

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)