Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik eta Txilek famili nekazaritzaren alde batera aritzea adostu dute

2016.eko urtarrilak 30

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Industriak sailburuorde Bittor Oroz buru duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat Txilen dago bisita ofizialean, Euskadik herrialde horrekin tradizioz duen lankidetza instituzionalean sakontzeko asmoarekin, bereziki nekazaritzako elikagaien politikaren alorrean. Bisita horren baitan maila goreneko hainbat bilera egin dira Txileko agintariekin eta Akordio bat izenpetu da “Euskal Herriak eta Txilek elkarrekin aritzeko Nekazaritza gaietan eta Famili Nekazaritzaren alde”. 

Akordioa Txileko gobernuko Nekazaritzako idazkariorde Claudio Ternicier Gonzalez jaunak eta Bittor Oroz sailburuordeak izenpetu dute, eta bere helburu orokorrak dira “nekazaritzako ekoizle eta nekazari txikien sustapen eta garapen ekintzak modu berezian babestea eta erakundeek baserriko famili nekazaritzari laguntzen jarraitzea”. Horretarako, “baserriko famili nekazaritzaren eta bere ingurunearen ongizatean aurrera egitea dakarten praktika eta ekintzak" bultzatuko dira.

Intereseko gaiak

Elkar ulertzeko memorandum honen bidez, izenpetzaileek konpromisoa hartzen dute kudeaketa espezifikoak garatzeko honako gai hauetan:

• Berrikuntza, balio eranstea eta tokiko produktuen garapena
• Nekazaritzako elikagaien kooperatiba eta elkarteen garapena
• Landaguneetako Gazteen Konpetentzien Garapena
• Merkatuen garapena
• Landaguneetako Turismoaren garapena eta sustapena
• Hondatutako lurzoruaren kudeaketa eta lehengoratzea
• Elikagaien segurtasunaren garapena eta finkapena

Lankidetza hori gauzatzeko, Txileko eta Euskadiko gobernuek ezagutzaren trukea bultzatuko dute hainbat bideren bitartez, esaterako informazio ekarpenak eginez, aholkularitza eta laguntza teknikoa emanez, adituak trukatuz, giza baliabideak prestatuz, mintegia eta antzeko ekitaldiak antolatuz edo garapen proiektuetan eta produkzioaren sustapenean batera parte hartuz.

Akordioak 2018ko abenduaren 31ra arteko iraupena du, eta hiru urte gehiagorako luzatu ahal izango da, aldeek kontrakoa adierazten ez badute.

Bilera instituzionalak eta bertatik bertarako bisitak

Bisitan zehar, euskal ordezkaritzak, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendari Peli Manterola ere haiekin zegoela, aukera izan du Txilen nekazaritzako elikagaien alorrean goi aginte direnekin elkartzeko, bai eta hainbat ustiategi bisitatu eta bertatik bertara esperientziak ezagutzeko ere.

Bileren artean, azpimarratzekoak dira INDAP Nekazaritza eta Abeltzaintzaren Garapenerako Institutuko zuzendari nazional Ocatovio Sotomayor, SAG Nekazaritza eta Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendari nazional Angel Sartori, ACHIPIA Elikagaien Kalitaterako Txileko Agentziako idazkari exekutibo Claudio Tercier, INIA Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ikerketarako Institutuko zuzendari nazional eta FIA Nekazaritzaren Berrikuntzarako Fondoko zuzendari exekutibo Hector Echevarriarekin egindakoak.

Bisitei dagokienez, bi egin dira: bat, Melipilla eremuko ustiategi batera, teknifikazio eta ohikoak ez diren energia berriztagarrien proiektu bat ezagutzeko, eta, beste bat, Cinco Valles Elkartearekin batera, merkatuarekin batera antolatzeko eta aholkularitza teknikoak emateko proiektu bat aurkezteko.

Euskal Herriaren eta Txileren arteko lankidetzak tradizio luzea dauka. 1998an, jada, Lankidetza Memorandum bat izenpetu zen Eusko Jaurlaritzaren eta Txileko Gobernuaren artean, eta haren menpe eratu da herrialde bien erakundeen arteko lankidetza, zeinak akordio sektorialak eman ditu hainbat arlotan, esaterako Nekazaritzan, Arrantzan, Osasunean, Hizkuntza Politikan, Ingurumenean eta Hezkuntzan.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako lankidetzak bide luzea egina du, tartean direla Txileko nekazari gazteek Euskadin jasotako prestakuntza teknikoa eta nekazaritzaren munduarekin eta lehen sektorearekin lotura duten era askotako gaien gainean emandako aholkularitza teknikoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)