Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Ofizialki martxan jarri dute Koroatzea auzoa birgaitzeko europako Smartencity proiektua

2016.eko otsailak 01
  • Auzotarrek eginkizun nabarmena izango dute diseinua zehazten, eta komunikazioko eta parte hartzeko hainbat bide gaitu dira jada.
  • Proiektua osatzen duten eremuetako aurreproiektuen idazketari ekin diote; martxorako aurreikusi dituzte.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua izan dira Gasteizko Koroatzea auzoa leheneratzeko proiektuaren debutaren protagonista. Egun berezian egin dute aurkezpena, Europako Batzordeak gaurko hasiera-data jarri baitzion proiektuari. Izan ere, Europako Batzordearen 2020 Horizon proiektuaren barruko SmartEnCities deialdian sartu izanari esker gauzatuko dute lehengoratzea. Deialdiari esker, Arabako hiriburuak hamaika milioi euro inguruko laguntza jasoko du ingurune hori birmoldatzeko lanei ekiteko.

Proiektua gaur jarri da ofizialki martxan, eta hala adierazi dute alkateak eta sailburuak, bi erakundeok eta proiektuaren partzuergoa osatzen duten gainontzeko bazkide pribatuak. Hilabete daramatzate proiektuan murgilduta. Europako Batzordeak abenduan akordioaren sinadura berretsi zuenetik –eta, beraz, diru-laguntzen emakida–, partzuergoak hala aurretiko jarduketen diseinua nola auzotarrekin komunikatzeko ekintzak aurreratu ditu.

Bigarren esparru horretan, Visesa – Eusko Jaurlaritzako Sozietate Publikoak eta Europako Batzordeak tokiko proiektuburu izateko izendatutako erakundeak, dagoeneko banatu du azalpen-liburuxka bat inguruneko eraginpeko etxeetako postontzietan, eta Gasteizko Udalak informazioa emateko atal espezifiko bat jarri du Udalaren webgunean. Datozen asteetan, webgunean gehituko dira Koroatzea auzoko eremu horretarako aurreikusitako jarduketa integratua.

Paraleloki, eta komunikazioko eta parte hartzeko planean jaso den moduan,Visesak hainbat bilera egingo du, martxoan zehar, auzoko ordezkariekin, haiei zuzenean argitzeko proposatu den jarduketari buruzko xehetasunak, bai eta herritarrek horiek zehazteko diseinuan parte hartzeko jada ezarri diren mekanismoak ere, betiere, Europako Batzordearekin sinatutako akordioak ildo horretan zehaztutako mugen barruan.

Horrez gain, Udala publikoari erantzuteko bulego bat irekitzeko presta-lanak azkentzen ari da. Aurreikusitako bulegoak ez du oraindik irekitze-data zehatzik. Modu garrantzitsuan lagunduko du proiektua sozializatzen, auzotarrei hurbileko eta zuzeneko arreta emanda.

Gorka Urtaran alkateak nabarmendu duenez, «Koroatzea auzoan gauzatuko dugun apustua modu bakar batean izango da zentzuzkoa: tokiko eragileak, eta auzoan bizi eta lan egiten duten giza talde eta norbanakoak ere alde baditu. Horiek horrela, Urtaranek kemena eman nahi izan du, «esperientzia partekatzeko eta batera jarduteko, Gasteizko auzo horretako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz, aldi berean klima-aldaketak botatako erronkari aurre eginik». «Bost urte eta erdi egitekotsu ditugu aurretik, eta horietan zera erakutsiko dugu: esku-hartze programatuen bitartez posible dela beharrizanak bertute eta, azken batean, hiria hobe bihurtzea» gaineratu du.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ángel Toñak, gogorarazi du «birgaitze-neurriak sustatzea dela, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako etxebizitzaren politika publikoak egituratzen dituen elementuetako bat» eta adierazi du Koroatzea auzoko proiektuak «eraikitzeko modu berri baten hartzen dituela barruan: hau da, pertsonak eta haien premiak helburu dituen modu batena».

Aurreproiektuak

Bestalde, eta ingurune horretako jarduketa integratua zehazteari begira, proiektua osatzen duten eremuetarako behar diren aurreproiektuak idazten hasi dira. Martxoa hasieralderako amaituta izango dituztela aurreikusi dute.

-  Hirigintza, mugikortasuna eta IKTak: Gasteizko Udala planteatu diren esku-hartzeen xehetasunak zehazten ari da: besteak beste, kale eta plazatxoen erreformak, trafikoa baretzeko neurriak, lorategiak hobetzeko lanak eta zerbitzu berrien abiaraztea aztertzen.

-  Auzoko bero-sarea Bero-sarearen trazatua eta galdarak eta beharrezko biomasa hartuko duen eraikina zehazteko lanetan dabil Visesa, hilabete batzuen muga-epean horiek gauzatzeko eta ustiatzeko lanak lehiaketara ateratzeko moduan. Gogoan izan behar da planak distritu mailako bero-sistema berri bat hartzen duela barne, biomasa bidezkoa, eta 1.300 etxebizitzako eremu bat hornituko duela. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak hasieratik beretik hartu zuten 1.300 etxebizitza horiek finantzazio-baldintza berak lor zitzaten konpromisoa, nahiz eta, Europar Batasunak zuzenean emandako diru-laguntzaren parte, gehienez 750 lagunek jasoko dute.

Birgaikuntza: Visesa inguru horretako etxe-atari ohikoenen tipologietako batean oinarritutako aurreproiektu bat ari da garatzen, eta otsailean hasiko da beste tipologia nagusienei buruzko idazketak egiten; beraz, herritarrek aukera izango dute SmartEnCItyk ahalbidetutako hobekuntza-aukerei buruzko xehetasunak ezagutzeko.

Jarduketei bide emateko, Gasteizko Udalak esparruko Plan Berezi bat izapidetuko du, eta dokumentuaren lehen zirriborroa jada idazketa fasean da. Aurreikusi dutenez, hil amaierarako eskuragarri egongo da dokumentua.

Giza talde ahulenei ere etxebizitzak berritzeko jarduketen parte izateko aukera emango dien berme-funtsari dagokionez, Visesak jada aurreratu ditu banaketa nola zertuko den zehazteko beharrezko ikerketak.

SmartEnCity

SmartEnCity Hiri eta Erkidego Adimendunen Europako programaren esparruko ekimen bat da. Ekimenaren eta auzotarren eta erakundeen arteko elkarlanaren bitartez, hiria eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi dira, hiru esparru hauetan:

  • Eraginkortasun energetikoa
  • Mugikortasun jasangarria
  • Informazioren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak)

Gaur abiarazitako proiektuak bost urte eta erdiz iraungo du. Karbonoz neutroak diren (CO2rik gabeko) hiri adimendunak sortzeko Europako estrategian aurrera egitea du helburu –hain zuzen, Tartu (Estonia), Sonderborg (Danimarka) eta Gasteizen garatuko dute estrategia hori–.

Koroatzeako auzotarren parte hartze eta engaiamenduarekin, honako hau nahi da lortu:

  • Etxebizitzen energia-eskaria murriztea, Koroatzea auzoan birgaitze energetikoko proiektuak eginez.
  • Energia berriztagarriko bero-sistema sortzea auzoan.
  • Elektromugikortasuna: Hiriko mugikortasuna jasangarria sustatzea, ibilgailu elektrikoen eta hiri-logistikarako konponbide kolektiboen bitartez.
  • Energia kontsumoa monitorizatzeko eta kudeatzeko plataforma: IKTak (Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak) integratzea, ezarriko diren sistemen kontrola eta jarraipena egiteko eta horien eraginkortasuna hobetzeko.

Hauek dira proiektuaren toki-bazkideak: Visesa-Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Tecnalia, Mondragón Taldea, Ingurumeneko Ikerlanetarako Zentroa, Fagor Ederlan, Etxe Tresna Elektrikoen Euskadiko Kluster Taldea, ETIC Smart Cities Innovation Center, MCCTelecom, Acciona Azpiegiturak, Giroa, Cartif, eta Estudios Gis. Errota Zaharra Auzo Elkartea lankide da.

Finantzazioari dagokionez, SmartEnCity proiektuak 75.500.000 euroko aurrekontua du guztira (hiru hiriak barne: Gasteiz, Tartu eta Sonderborg). Europako Batzordearen guztizko diru-laguntza 27.800.000 eurokoa da. Gasteizko proiekturako aurrekontua 29.500.000 eurokoa da eta Bruselatik 10.880.000 euroko diru-laguntza jasoko da.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @EmpreSEA
    2016.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [REGENERACIÓN URBANA] Arranca el proyecto europeo Smartencity para la regeneración del barrio de Coronación ➡ https://t.co/WIe

  • @Gob_eus
    2016.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    [REGENERACIÓN URBANA] Arranca el proyecto europeo Smartencity para la regeneración del barrio de Coronación ➡ https://t.co/WIeYrPadFV

  • @JGorbena
    2016.eko otsailak 01

    Comentario de Twitter:
    Arranca oficialmente el proyecto europeo Smartencity para la regeneración del barrio de Coronación (#Vitoria). https://t.co/tVHl7Eft4t

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Gasteizko Alkatea