Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu du Euskadin lan egiten duten hainbat merkataritza entitate handirekin

2016.eko urtarrilak 29

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek lankidetza hitzarmena sinatu du gaur Donostian Euskadin lan egiten duten hainbat merkataritza entitate handirekin. Prentsaurrekoan, Cristina Uriarterekin batera, Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, parte hartu du. Ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian izan da.

Lankidetza hitzarmena sinatu duten entitateak ondorengoak dira: Carrefour Norte S.L., El Corte Inglés S.A., Eroski SKoop, Fnac S.A., INDITEX S.A., Forum Sport, Media Markt S.A., Mercadona S.A., Supermercados Sabeco S.A. (Simply) eta UVESCO S.A..

Gernikako Autonomia Estatutuaren arabera, euskara eta gaztelania biak dira hizkuntza ofizialak Euskadin, eta hemengo biztanle guztiek dute bi hizkuntza ofizial horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea. Gainera, Estatutuak berak eta Euskararen Legeak betebehar zehatz bat ezarri zien euskal herri-aginteei: neurri egokiak hartzea euskara erabiltzeko eskubidea egiazki bermatzeko gizarte bizitzako arlo guztietan.

Eta lankidetza hitzarmen hau, hain zuzen ere, bide horretan elkarrekin aurrera egiteko pentsatuta dago: herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakoitzari dagokion eremuan.

Lankidetza hitzarmenaren edukia:

Entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartzen dute.

a)             Idatzizko harremanetan euskaraz eta gaztelaniaz gauzatuko dira:

  1. Seinale guztiak, toponimikoa barne.
  1. Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazioa: finkoa eta aldakorra.
  1. Jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak –enpresak berak zuzenean edo zeharka argitaratutakoak–, produktu edo zerbitzu bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen badute, eta, ahal bada, ale banatan.
  1. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek betetzeko diren inprimakiak, ahal bada, ale banatan.
  1. Atxikimendu-kontratuak, ereduzko klausulak dituzten kontratuak, kontratu arautuak, baldintza orokorrei buruzkoa den dokumentazioa, eta, ahal bada, ale banatan.
  1. Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzendutako komunikazio edo jakinarazpenak, baita fakturak edo egindako operazioen ziurtagiriak, aurrekontuak, frogagiriak eta antzeko dokumentuak kontsumitzaileak aukeratutako hizkuntzan egingo dira, eta, bestela, elebitan.

b)            Ahozko harremanetan honako jarraibideok gauzatzen ahaleginduko dira:

  • Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko bezeroari arreta emateko zerbitzu eta departamentuek bezeroa artatuko dute, hau bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan aritzen dela ere. Eta, ondorioz, pertsonal berria hartzerakoan, betebehar hau bermatzeko neurriak hartuko dira.
  • Telefono bidez, era pertsonalean edo automatikoki, eskaintzen den zerbitzuan ere, euskararen erabilera bermatzeko ahalegina egingo da.

Entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), beren borondatea adierazten dute lankidetza-marko orokor baten bidez honako lan ardatz hauek garatzeko:

  1. Informazioa eta ezagutza trukatzea, betiere indarreko legeriaren alorrean.
  1. Aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza.
  1. Sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena.

Gainera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluaziorako.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak adierazi du: “Agerian utzi nahi nuke lankidetza hitzarmen hau sinatzearen arrazoi nagusia: dakizuenez, Eusko Jaurlaritzaren lema nagusia ‘pertsona helburu’ da. Honegatik, gure helburua da herritarren aukera-berdintasuna bermatzea, baita hizkuntzei dagokienez ere”.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du: “bidaltzen dugun mezuetako bat da, punta-puntako merkataritza enpresentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez direla bigarren mailako eskubideak, eta euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, baizik eta lehen mailakoak direla euskara eta hizkuntza eskubideak ere. Hizkuntza eskubideak eta euskara inportanteak dira merkataritzako enpresentzat ere”.

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @FordAlvarez
    2016.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #EUSKARA Firmado un convenio de colaboración con importantes entidades del #SectorComercio establecidas en #Euskadi➡ https://t

  • @AnaMari75669544
    2016.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #EUSKARA Firmado un convenio de colaboración con importantes entidades del #SectorComercio establecidas en #Euskadi➡ https://t

  • @ElKaleOficiall
    2016.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #EUSKARA Firmado un convenio de colaboración con importantes entidades del #SectorComercio establecidas en #Euskadi➡ https://t

  • @PNV_Indautxu
    2016.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #EUSKARA Firmado un convenio de colaboración con importantes entidades del #SectorComercio establecidas en #Euskadi➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    #EUSKARA Firmado un convenio de colaboración con importantes entidades del #SectorComercio establecidas en #Euskadi➡ https://t.co/kHtnCE10aP

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)