Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregi: «Donostialdeko Metroa da hiriaren eta inguruaren arteko kohesio-beharrari ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituen mugikortasun-eredu baten bidez erantzuteko irtenbide egokia»

2016.eko urtarrilak 29

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez, etorkizuneko Donostialdeko Metroa da «hiriaren eta bere hiri-ingurunearen arteko kohesio-beharrari ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituen mugikortasun-eredu baten bidez erantzuteko irtenbide egokia». Donostiako alkate Eneko Goiarekin eta Marisol Garmendia foru-diputatuarekin batera, Ana Oregik Mugikortasunari buruzko III. Foroaren irekiera-ekitaldian parte hartu du. Eusko Jaurlaritzak antolatzen du foroa eta oraingoa mugikortasun elektrikoari buruzkoa da. Kursaal jauregian izan da topaketa eta barruan Gipuzkoan ekoitzitako autobus elektrikoetako batzuk erakutsi dira.

 

Ekitaldian, Eneko Goiak, Marisol Garmendiak, Marko Boronatek, Hector Olabegogeaskoetxeak, Tobias Zisik-ek, Fernando Arizmendik, Imanol Iturriozek, Ion Gantxegik, Pilar Aranak eta Olatz Peónek ere parte hartu dute; Donostiako eta Tolosako hiri-mugikortasun planak aztertu dituzte, hain zuzen. 

 

Oregik honako hau azaldu die mugikortasunarekin lotutako enpresetako eta erakundeetako ehundik gora ordezkariri: «Ibilgailu pribatuen alternatibak eskaini behar dira; izan ere, haien erabilera ahalik eta gehien mugatu arren, mugikortasun-eskaerak ez lirateke murriztuko, beraz, erantzun integralak aurreratu beharra dago. Gure hiriek, Donostia buru dela, eskaera jasangarritasun- eta ardura-parametroetan oinarrituz asetzeko garraio-sistema berrietan pentsatu behar dute».

 

«Hiri honetan, egunetik egunera pertsona gehiagok aukeratzen dute autoa, hiru pertsonatik bik», esan du Ana Oregik. «Hemen, Erkidegoko hiru hiriburuen artean, garraiobide publikoen eta ibilgailu pribatuen arteko erabilera-ratio txarrena daukagu, eta gainera, Donostian, autobus-sare ona eduki arren, garraio publikoaren erabilera gutxitzen ari da ibilgailu pribatuenaren aldean. Errealitatea horixe da eta ez da ona».

 

Oregik mugikortasun jasangarrian inbertitzea proposatu du eta hauxe ziurtatu: «Donostialdeko Metroa garraio publikoaren erabiltzaile kopurua handitzeko apustu bat da, eta autoaren erabiltzaileen kopurua murriztuz lortu nahi da hazkundea, ez beste baliabide publiko batzuetako –autobusak, kasu– erabiltzaileen kontura».

 

«Urteko bidaiari-kopuruaren estimazioa 16 milioikoa da. Gure ideia eskualdeen arteko trenbide-sarea hiriaren erdialdetik igaroko den linea berri baten bidez lotzea da. Horrek Irun Zarautzekin lotuko du, linea-aldaketarik gabe eta Donostiako erdialdera iristeko aukera emango du; hau da, 400.000 lagun hurbilduko ditu, konektatuko ditu metro bidez, eta lehenengo onuradunak donostiarrak izango dira», esan du Oregi sailburuak. 

 

Ana Oregik lehendik existitzen ziren bi linea hiriaren erdialdetik zuzenean lotzeak ematen dituen aukerak nabarmendu ditu; garraiobide azkar, puntual, jasangarri eta segurua izatea ahalbidetzeaz gain, Amaran 22.000 metroko aukera-gune bat irabaziko dela eta horrek berritze-ahalmen handia ematen duela.

 

«Horrez gain, hiriko errepideko zirkulazioa arintzeak zirkulazioa berbideratzeko aukera emango digu eta hiriko espazio enblematikoek eremu paregabeak direla berresteko benetako aukera izango dute. Horixe da Donostiaren eta bere inguruaren etorkizunaren aldeko apustu sendoaren abantailetako batzuk. Eusko Jaurlaritza irmo inplikatuko da apustu horretan eta toki- eta foru-erakunde guztien konplizitatea eta elkarlana espero ditu, berau gauzatzeko ezinbestekoak direlako».

 

Eusko Jaurlaritza Herrera-Altza zatian, etorkizuneko Altza-Galtzaraborda zatian eta Metroa Renferen aldiriko zerbitzuarekin lotuko duen Loiolako Erriberetako aldageltokian egiten ari den tren bidezko mugikortasunaren arloko jarduerak gogorarazi ditu Oregik.

 

«Gizarte gisa, klima-aldaketaren ebidentziak sortutako erronka global bat partekatu behar dugu, Parisko Klimari buruzko konferentzian ikusi dugun bezala; arduradun publiko gisa, horri aurre egiteko beharrezko politikak hitzartu behar ditugu; eragile sozial eta ekonomiko gisa, ingurumen-erronka bat negozio- eta enplegu-aukera bihurtzeko abagunearen aurrean gaude», adierazi du Oregik.

 

Sailburuak azpimarratu duenez, garraio publiko elektrikoa sustatu behar da, «gure garraio-bitartekoak eta -sistemak eraldatzeko edo ordezkatzeko prozesu baten barruan, eta hor, gure teknologia- eta enpresa-arloko gaitasunek zeresan handia daukate». Planetako gaur egungo hiri-garraioa aldatzeak mugikortasuna aldatzea dakar, munduko biztanleen % 50 hiriguneetan bizi direlarik eta energia osoaren % 75 inguru kontsumitzen dutelarik (gainera, BEGen % 80 isurtzen dute).

 

 

EAEko mugikortasuna, % 53 tren bidezkoa

Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendari Marko Boronatek hauxe adierazi du bere hitzaldian: «Tren-modalitateak Euskal Autonomia Erkidegoko mugikortasunaren % 53 biltzen du, eta Bilboko eta Gasteizko metroaren eta tranbien erabileraren hazkunde etengabeak horretan laguntzen du. Hortxe daude Bilboko Metroaren esperientzia arrakastatsua, herritarrek eskatu duten eta laster martxan egongo den 3. linea edota Donostiako igarobideak emango duen zerbitzu handia. Gasteizen, green proiektu integrala daukate aurrean: Tranbia-BRTa-bizikleta elektrikoa. Tren bidezko garraioa hazten ari da, Europa aurreratuenean bezala, eta hor ondo kokatuta gaude, dentsitate handiko herrialde kontzentratu bat garelako».

 

«EAEko garraio tradizionalaren esparruan, gure isurketek handitzen jarraituko dute, isurketak murriztea ahalbidetuko duen aldaketa teknologiko hori iristen den arte. Zerbitzuen gizarte bateranzko eraldaketak mugikortasun-behar berriak ekartzea da joera», adierazi du Boronatek. Autonomia Erkidegoaren erregela da garraiobide publikoan mugikortasuna % 10 hazten den aldiro ibilgailu pribatuen erabilera % 25 handitzen dela, eta horregatik, erakundeek bi norabidetan egin behar dute apustua: teknologia garbienak bultzatzea eta garraio publikoa sustatzea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Eneko Goia, Marisol Garmendia, Olatz Peón