La Belle et la Bête, Bilbon
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Malandain Ballet Biarritzekin
EOSen abonu denboraldian
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, La Belle et la Bête (Ederra eta Piztia) ikuskizunaren eszenaratzean izango da gaur arratsaldez, Bilboko Euskalduna Jauregian, 20:00etatik aurrera.
Ederra eta Piztia muntaia joan zen abenduan Versailleseko Opéra Royal Antzokian izandako estreinaldiaren atarikoak lortutako arrakastaren ondoren dator gurera. Aurrez Magifique (2011n) eta Cendrillon (2013an) ikuskizunekin gertatu bezala, -Thierry Malandainen koreografiei Euskadiko Orkestrak P.I. Tchaikovsky eta S. Prokofieven musika gehitu zien orduan ere- EOS eta Maladain Ballet Biarritzek berriz ere bat egin dute, Donostia 2016ren Elkarrizketak ildoaren baitan. Programazio-lerro hau tokiko kultur-programatzaileekin batera berariazko proiektuak sortzera bideratuta dago, xede izanik DSS2016EUren balioak hedatzea.
Orkestraren eta Balletaren arteko harreman estua artistikoki oso baliozkoa da eta horregatik Donostia 2016k ez-bairik gabe bat egin du haiekin. Elkarlan horrek osagarriak diren jarduerak garatzen dituzten kultur erakundeen artean sinergiak sortzeak duen garrantzia azpimarratzen du, sinergia horiek gerora eszenatoki garrantzitsuenetan aurkeztuko diren maila goreneko sorkuntzen garapena ahalbidetzen baitute, gure kulturaren eta bide batez gure gizarte osoaren ordezkaritza onena bilakatuz.
La Belle et la Bête
Ederra eta Piztia ipuin ezagunak biltzen duen sinbolismo aberatsa emankorra gertatu zaio oso Thierry Malandaini; koreografoak P.I. Tachaikovskyren musika erabili du bere lanik berrienean ere. Balleterako orkestra-zuzendari gisa eskarmentudun Ainars Rubikis letoniarraren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestrak Eugene Oneguin operako nahiz 6. eta 7. sinfonietako zatiak eta Hamlet interpretatuko ditu, ballet neoklasiko honen euskarri gisa.
Bilboko Euskalduna Jauregiko eszenaratzearen ondoren, ikuskizuna Iruñean (Baluarte Auditorioan) izango da otsailaren 1ean, eta Donostiako Kursaalen, otsailaren 3an eta 4an.