Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak amaitu ditu Repelega auzoan 32 etxebizitza sozial energetikoki eraginkor eraikitzeko lanak

2016.eko urtarrilak 29

 

  • Eraikin berria sistema eraginkor berritzailez hornituta dago eta, horiei esker, energia-kontsumoa ia nulua da
  • Europako BuildSmart programaren barne dagoen proiektua da; zehazki, etorkizuneko araudiak oinarrituko diren «erakus-eraikina» da

 Eraikinak, udalerriak duen etxebizitza sozialen premiari erantzuteaz eta osatu-emateetarako zazpi etxebizitza erreserbatzeaz gain, kontzeptu berritzaile asko dakartza, energia-aurrezkia bultzatzeko hainbat bereizgarri dituenez. Eusko Jaurlaritzak lau milioi euro inguruko inbertsioa egin du, eraikinaren inguruan 1.700 m2 urbanizatzea barne.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburu Ángel Toñak eta Portugaleteko alkate Mikel Torresek gidatu dute Eusko Jaurlaritzak eraiki eta laster entregatuko dituen 32 etxebizitza sozial eraginkorretara egindako bisitaldia. Etxebizitzak, izaera sozialagatik ez ezik, eraginkortasunaren aldetik ere nabarmendu behar dira, energia-kontsumoa ia nulua denez.

Portugaleteko Repelega auzoko Juan de la Cosa kalean kokatutako eraikin berriak 32 etxebizitza ditu, horietatik 16 bi logelakoak, 14 hiru logelakoak eta bi desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokituak, eta, denera, ia lau milioi euroko inbertsioa ekarri du. Eraikinak aipatutako kalearen maldari egin behar izan dio aurre, 6 metroko desnibela dagoenez. Eraikinerako sarbidea kale-mailan dago, eraikinaren erdialdean, eta, plano horizontal berean, hiru eskaileretara ematen du. Izan ere, eraikina hiru bloke atxikiz osatutako dago.

Alokairu sozialera bideratuko dira etxebizitza horiek eta Alokabidek, Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoak kudeatuko ditu, horri dagokionez alokairu babestua kudeatzeko ardura etxebizitzaren funtzio sozialaren esparruan. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, bere Sailaren 2013-2016ko Etxebizitza Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen da eraikina: bertan jasotako ardatz estrategikoetan zehazten denez, ekintzak sustatu behar dira talde kalteberenek etxebizitza eskuratzeko aukera izatearekin lotura zuzenean.

Alokairu erregimeneko 32 etxebizitza sozial horiez gain, eraikinak 32 trasteleku ditu, eta 149 m2 eraiki dituen merkataritza-lokala beheko solairuan, hala nola 34 aparkatzeko leku, bi sototan banatuta (1.519 m2 eraiki). Aparkatzeko lekuetako bi desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokitu dira, eta merkataritza-lokalak beste bi ditu. Eraikitako azalera ,guztira, 4.981 m2-koa da; orubearen azalera, berriz, 752 m2-koa da. Gainera, eraikinaren inguruan 1.700 m2 urbanizatu dira.

Tecnaliak eta Eusko Jaurlaritzak atzo eta gaur artean Tecnaliak Bizkaiko teknologia-parkean duen egoitzan antolatu dituzten energia-kontsumo ia nuluko eraikinei buruzko jardunaldien barne dago aipatutako bisitaldia eta eraikuntza-sektoreko teknikariei, arkitektoei, ingeniariei eta arkitekto teknikoei zuzendu zaie. Bertan izan dira Tecnaliako Eraikuntza Jasangarriko zuzendari Javier Urreta, Eraikune - Euskadiko etxebizitza-klusterreko zuzendari Txema Ipiña eta eraikinaren arkitekto Juan Carlos Barrio, Mikel Torresekin eta Ángel Toñarekin batera.

Energia aurreztea

Eraikinak energia aurrezten du hainbat eraginkortasun-neurri ezarri direlako. Batetik, energia gutxiago behar du fatxadaren itxitura orokorrari esker, hainbat isolamendu mota dituenez (6 cm-ko poliuretanozko sandwich-panela, 5 cm-ko harri-zuntza eta 10 cm-ko hormigoi zelularreko horma). Itxitura mota horrez gain, hego-mendebaldeko fatxadan, trombe motako horma bat eraiki da, eta solar-wall izeneko itxitura ezarri. Eguzki-energia aprobetxatzen dute trombe hormak eta solar-wall itxiturak, eta horietan sortzen den airea beroa ere bai, aire bero hori eraikinaren aireztapen-sistema mekanikora bideratuz. Gainera, solar-wall itxiturari esker, berokuntzaren eta etxeko ur beroaren ekoizpena laguntzen duen estalkiko bero-punparen errendimendua hobea da.

Eraikinak, halaber, fluxu bikoitz zentralizatuko hiru bero-berreskuragailu ditu, etxebizitzak aireztatu, eta energia-eskaria murrizten dutenak, aire berri, garbi eta beroa sartuz etxebizitzetan.

Gailu horiez gain, estalki lauan 80tik gora eguzki-panel fotovoltaiko daude, energia garbia sortzen dutenak aipatutako aireztapen-sistemak eta eraikinaren zerbitzu orokorrak (igogailuak eta eskaileretako argiak) elikatzeko.

Era berean, gas naturalezko kondentsazio-galdara zentrala eta kogenerazioko galdara aipatu behar dira. Azken horrek, kasu, gasaren errekuntzan sortzen den beroa aprobetxatzen du zerbitzu komunetan erabiltzen den energia elektrikoa ekoizteko. Sistema horiek baliatu dira eraikinaren berokuntzan: ur hodien bidezko zoru bero-emailea.

Horregatik guztiagatik, eraikinak A energia-kalifikazioa izatea espero da, eta lehen mailako energiaren urteko kontsumoa 60 kWh/m2-tik beherakoa, eraikineko energia-kontsumo guztiak kontuan hartuta eta etxetresnak erabiltzeari dagokion kontsumoa bakarrik salbuetsita.

Energia aurrezteko ezarritako neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko, etxebizitza guztietan neurketa-zundak instalatu dira barneko konfort-baldintzen segimendua egiteko. Emaitzak eta energia-kontsumoa denbora errealean ikusi ahal izango dute jabeek etxebizitzen egongeletan kokatutako pantaila txiki batean, baldintza onenak bila ditzaten.

BuildSmart

Eraikinaren proiektua Europako BuildSmart - Energy Efficient Solutions Ready for the market programaren barne dago, «erakus-eraikin» gisa. Hala bada, etxebizitza-sektorean etorkizunean garatuko diren araudien ereduzko eraikin izatea espero da, baita Europan 2020 urtea baino lehen ezarri beharreko hainbat irtenbide berritzailerena ere. Hori dela eta, aplikatutako irtenbide guztiak ezer baino lehen ekonomikoki errentagarriak izan behar dira. Hori egiaztatzeko, blokean ezarritako energia aurrezteko neurri bakoitzari loturiko inbertsioaren itzulkina zenbatekoa den kalkulatu behar da. Aipatutako programa horretan, Portugaleteko eraikinaz gain, Suediako Malmö hiriko beste eraikin batzuk daude, bizitokiak eta bestelakoak. 

Erabiltzaileen papera funtsezkoa da Europako programa horretan, helburuetako bat, hain juxtu, energiaren erabilera arduratsua sustatzea denez.

Proiektuaren ezarpena egiaztatu asmoz, joan den azaroan, BuildSmart proiektuaren Europako partzuergoko ordezkaritza batek –Europar Batasuneko Energia Batzordeko ordezkari bat barne– eraikina bisitatu zuen. Energia-sistemen eta segimendu-sistemen funtzionamendua eta horien kontrola egiaztatu zituen. Ordezkaritza oso pozik agertu zen proiektuaren izaera berritzailearekin eta azken proiektuaren emaitzekin.

Izan ere, BuildSmart egitasmoaren helburua energiaren aldetik eraginkorrak diren eraikinak modu berritzailean eta errentagarrian eraiki daitezkeela frogatzea da. Proiektuaren onurak beste eraikin batzuetan erreplikatzea espero da, horietan irtenbide eraginkorragoak aplikatu, eta horien ondoriozko aurrezki energetikoa eta ekonomikoa ekarriz.

Proiektuaren segimenduaz arduratuko da Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Etxebizitza Zuzendaritzaren mendeko Etxegintzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategia. Eraikinak, erabili ahala, eskainiko dituen emaitzak aztertuko ditu, funtzionamendua espero bezalakoa den egiaztatzeko. Horiek ikusita, eraikinaren irtenbide energetiko eraginkorrenak zehaztuko ditu, Sailaren hurrengo proiektuetan aplikatzea xede. Segimendua, eraikinaren eraginkortasun bikaina eta energia-kontsumoari loturiko kostu txikia egiaztatu ahal izango duena, maizterrek etxebizitzak okupatzen dutenetik aurrera egingo da.

Barrio eta Tausz arkitektoek egin dute proiektua. Opacua, SA enpresak egin ditu eraikuntza-lanak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Mikel Torres, Portugaleteko Alkatea