Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapia sailburuak BEC-en ospatuko den 29. Espainako Makina Erreminta Biurtekoaren aurkezpenean parte hartu du

2016.eko urtarrilak 28

Ateak irekitzeko lau hil geratzen direla, azokak azken hiru edizioak gainditu ditu

Lau hil falta dira ateak irekitzeko eta BIEMHek dagoeneko gainditu du aurreko edizioan lorturiko behin betiko betetze-maila; izan ere, 1.183 enpresa erakusketarik erreserbatu dute azoka-esparruko azalera, eta bost pabiloitan banatuko dira. Iazko ekainean hasi zenetik, azokaren kanpaina komertzialak hazkunde-ehuneko oso esanguratsuei eutsi die, iazko edizioko denboraldi beretan erregistraturiko parametro guztien gainetik.

Datu horiek gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan  aurkeztu dira, Europako hainbat herrialdetatik etorritako nazio-mailako eta nazioarteko hedabideen, prentsa orokorraren eta espezializatuaren aurrean. Prentsaurrekoan parte hartu dute Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburu eta BECeko Administrazio Kontseiluko Presidenteak, Xabier Basañez BECeko Zuzendari Nagusiak, Xabier Ortueta Makina-Erreminten, Osagarrien, Osagaien eta Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko (AFM) Zuzendari Nagusiak eta Jorge García Makina-Erreminta Inportatzaileen Elkarteko (AIMHE) Presidenteak. Deialdia osatu da Danobat, Delteco eta AIC-Automotive Intelligence Center enpresetara bisita eginda, enpresa fabrikatzaileen, inportatzaileen eta erabiltzaileen izenean.

Hala, jarduera industrialaren susperraldia finkatu duen ekitaldia igarota, ekoizpen-indizean urte arteko igoera garbia izanda eta adierazle ekonomiko nagusiak hobetuta, urte honetarako itxaropenak positiboak dira, eta horien eraginak kontratazioan, berriz, nabarmen baino nabarmenagoak.

Hain zuzen ere, egoera horri esker, erakusketarien lehenengo aurrerapenean enpresa berriak eta krisialdiaren ondoren azokan berriz izango direnak nabarmentzen dira, gune honetan duten konfiantza berrituta; horiek orain arte erregistraturiko enpresen % 20 baino gehiago dira. Sektoreei dagokienez, bereziki hazi dira erremintena (% 26) eta deformazio-makineriarena (% 15), hala nola errobotika eta maneiuarena (% 10) eta produktua fabrikatzeko eta garatzeko softwarearena (% 6), konponbide aurreratuen esparrua eratuta; era berean, parte hartuko dute abiatze-makineria, osagaiak eta osagarriak, zerbitzuak, metrologia eta kalitate-kontrola, soldadura eta oxiebaketarako makineria eta beste makina batzuk lantzen dituzten enpresek.

Gure herrialdetik at, enpresak balioesten ari dira BIEMHek barne-eskariaren susperraldiaren baitan eskaintzen duen aukera; beraz, azokaren nazioartekotasuna forma hartzen ari da, guztira 20 herrialdetako erakusketariek berretsi baitute bertan izango direla (Alemania, Italia, Suitza, Portugal, Frantzia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Turkia, Taiwan, Danimarka, Belgika, Austria, Japonia, Estatu Batuak, Suedia, Finlandia, Holanda, Txina, Polonia eta Bulgaria).

Horiek guztiek “etorkizuneko lantegi” aparta bihurtuko dute BIEMH; bertan, gakoak eskainiko dira 4.0 industriaren eta horren baitako bestelako lan-paradigmen erronkak ulertzeko. Ekoizpen-prozesuetan Interneten adimena aplikatzearekin loturiko kontzeptuak gailenduko dira, hau da, “smart solutions” direlakoak, apustu estrategiko bati, herrialde-mailakoa ere badenari, erantzute aldera, espezializazio adimendunerako Europako Plana 2020rekin bat eginda. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 5,2 milioi euroko hiru programa onartu ditu elektronika, informazioa eta komunikazioa (EIKTak) manufaktura-industrietan ezartzeko eta transferentzia teknologikorako proiektuei laguntzeko.

LEHIAKORTASUNA FINKATZEKO FUNTSEZKO URTEA

Enpresentzat funtsezko denbora-epea da aurtengoa beraien lehiakortasuna finkatzeko, ekoizpen-makineria modernizatuta eta teknologian inbertitzeko proiektu berriak garatuta. Testuinguru horretan, BIEMH aukera paregabea izango da bertatik bertara ezagutzeko modu adimendunean ekoitzitako produktu adimenduna eskaintzeko konponbide egokienak.

Nazioartean, bisitariak erakartzeko kanpaina modu intentsiboan garatzen ari da erakusketariek makina-erreminta esportatzeko lehentasunezkotzat jotako herrialdeetan, hots, Alemanian, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, Suedian, Polonian eta Turkian, Europa mailan, baita Txinan, Indian, Estatu Batuetan, Mexikon eta Kolonbian ere. Azokako talde komertziala dagoeneko izan da herrialde horietako askotan, eta agenda prestatzen ari da laster barru Alemaniara, Erresuma Batura eta Indiara joateko.

BIEMHen arduradunen bidaiaren azken xedea da nazioarteko erosleak erakartzea ordezkaritzen programarako. Horretarako, banatzaileen, inportatzaileen eta elkarte sektorialen laguntza jasotzen dute, hala nola beren agenteena, SPRIren atzerriko bulegoena eta merkataritza-ganberena.

Gainera, eta barne-merkatuaren susperraldia begi-bistakoa izanik, azokaren talde antolatzailea erosle nazional estrategikoen bisita errazteko ekintzak sendotzen ari da, horretan ere erakusketarien euren jarraibideak kontuan hartuta.

ADDIT3D AZOKAK FABRIKAZIO GEHIGARRIA KOKATZEN LAGUNDUKO DU

Bilbao Exhibition Centrek eta Fabrikazio Gehigarri eta 3D Teknologien Espainiako Elkarteak (Addimat), beste urrats bat emango dute fabrikazio gehigarriarekin duten konpromisoan. Izan ere, datorren maiatzean ADDIT3D azoka antolatuko dute, gure herrialdean fabrikazio gehigarriari eta 3Dri eskainitako lehen azoka, profesionalentzat baino ez. Sektoreko enpresek interes handiz hartu dute ekimena, haien hitzetan aukera ematen duelako fabrikazio gehigarria eta 3D fabrikazio-teknologien esparruan kokatzeko, esparrua ikusgai jartzeaz eta komertzialki dinamizatzeaz gain.

ADDIT3D azokako erakusketa-gunean, ondokoetan jarduten duten enpresak izango dira: sistemak eta makineria, lehengaiak, ikerketa eta garapena, aplikazio industrialak, kontsumigarriak, zerbitzuak, softwarea, eskanerra eta prestakuntza. Horrez gain, azokaren talde antolatzailea hitzaldi eta jardueren egitarau zabala osatzen ari da, dibulgaziozko alderdia eta teknikoa produktu eta aplikazio berritzaileen aurkezpenarekin uztartuta, zuzenean ezagutu ahal izateko teknologia horiek eskaintzen dituzten abantailak.

WORKINN, ENPLEGU INDUSTRIALARI ESKAINITAKO ESTATUKO AZOKA BAKARRA

BIEMHekin batera, WORKinn egingo da, gazteen kolektiboari begirako enplegu- eta prestakuntza-foroa. Helburua da makina-erremintaren sektoreko merkatua eta lan-eskaintza ikasleei hurbiltzea, etorkizunean sektoreko enpresetan jardun dezaten.

Unibertsitateek, lanbide-heziketako ikastetxeek, ABLEek, garapen- eta enplegu-agentziek eta sektoreko enpresek hartuko dute parte Enplegu Industrialaren Estatuko Azoka bakarrean, egungo prestakuntza-eskaintza erakusteko, ikasleak eta profesionalak orientatzeko, talentua identifikatzeko eta profil jantzienak lan-merkatuan sar daitezen sustatzeko. WORKinn azokak aurkezpenak, erakusketa-gunea, workshopak eta elkarrizketak eta bilerak egiteko areto pribatuak eskainiko ditu.

OIL&GAS ETA MANTENTZEARI BURUZKO NAZIOARTEKO HITZALDIAK

Azkenik, eta era berean Makina-Erremintaren Biurtekoarekin bat eginda, BECek eta Easyfairs nazioarteko operadoreak nazioarteko bi hitzaldi antolatuko dituzte: Oil & Gas Conference eta  Maintenance Innovation Conference. Horiek urteroko topagunea eskainiko diete tartean dauden sektoreei, 2015. urtean Pumps & Valves y Maintenance azokak lehenbizikoz egin ostean.

BIEMH, MUGARRIA NEGOZIOEN TURISMORAKO 

BIEMH mugarri nagusietakoa izango da 2016rako BECen jarduera-agendan. Azoka-esparruak finkapena gauzatzeko ekitaldia du aurrean, susperraldi ekonomikoak bereizitako urtea igaro ostean. 2015ean, 2.550 erakusketarik baino gehiagok eta 848.000 bisitari inguruk hartu zuten parte azoka-esparruan eginiko 221 ekitaldietan. Hala, 73 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa sortu zuen.

Halaber, BIEMH gertakari esanguratsuenetakoa da Euskal Herriko “negozioen turismorako”, estatu osoan urtean izaten den elkarretaratze industrial handiena izanik bost kontinenteetako milaka fabrikatzaile eta erosle erakartzen dituelako. Parte-hartzaileei esperientzia paregabea eskaintzeko helburuarekin, lurraldeko gastronomia, kultura eta paisaiak barne, BECek hertsiki egiten du lan Basquetourrekin, Eusko Jaurlaritzaren mendeko turismoaren euskal agentziarekin .

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    La consejera Tapia participa en la presentación de la 29 edición de la Bienal Española de Máquina Herramienta https://t.co/GiSjel76yC

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Basañez, Xabier Ortueta, Jorge García Kaibide