Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Hezkuntza sailburuak Euskadiko Lanbide Heziketa jardunaldiei hasiera eman die

2016.eko urtarrilak 28
  • Eusko Jaurlaritzak gonbidatuta, 15 autonomia-erkidegoko Hezkuntzako arduradunak bilduko dira bi egunez Euskadin, bertatik bertara ezagutzeko Lanbide Heziketa zein eratara ari den eraldatzen Euskadin. 

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok gaur goizean eman diote hasiera Eusko Jaurlaritzak gainerako autonomia-erkidegoei Euskadin Lanbide Heziketa zein eratara eraldatu den ezagutarazteko xedez antolatu dituen jardunaldiei.

Antolatutako lehen topagunean izan dira Andaluziako, Errioxako, Gaztela Mantxa, Kanariak eta Valentziako Hezkuntzako sailburuak eta Aragoi, Asturias, Balearrak, Extremadura, Gaztela Leon, Kantabria, Katalunia, Murtzia eta Nafarroako Lanbide Heziketako idazkari nagusiak eta zuzendariak. Tknika zentroan –LH-rako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako zentroan– egin dute bilera eta Euskadin Lanbide Heziketa eraldatzeko egiten ari diren aldaketa sakonen funtsezko alderdiak ezagutu ahal izan dituzte: prestakuntza integratuaren eredu bateratua, berrikuntza aplikatua eta ekintzailetza aktiboa. Aldaketak egin dira lege-esparruan, baina baita helburuetan, antolaketan, zentroen egituran eta funtzionamenduan, ikaskuntza-metodologietan, egokitzapen-gaitasunean eta erreakzio-gaitasunean ere.

Azken urteetan frogatu denez, Euskadiko hezkuntza-sistemaren barneko lanbide-heziketa funtsezkoa izan da enpresa-lehiakortasuna eta pertsonen enplegagarritasuna areagotzeko. Hala ere, ekonomian, enpresetan eta enpleguan hautemandako oraingo eta geroko aldaketak eta premiak direla medio, eta hazkunde jasangarri iraunkorra bermatzeko, Lanbide Heziketa halabeharrez eraldatu behar izan da. Aldaketa horien guztien oinarria da Euskadiko IV. Lanbide Heziketako plana. Bultzada handia jaso du horrek gobernu-kontseiluak Lanbide Heziketaren euskal Legearen proiektua Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea onartu duenez.

Lehen bilera horren ondoren, Estatuko Lanbide Heziketako arduradunek Tknikaren instalazioak bisitatu dituzte, eta abian diren proiektuak bertatik bertara ezagutu: robot bidezko fabrikazio gehigarria, 3D inprimagailu bidezko fabrikazio gehigarria, ingurune birtualak, akuaponia, energia-eraginkortasun aplikatua, ikaskuntza-esparru berriak, etab.

Ostirala, hilak 29

Bihar, ostirala, prestakuntza-jardunaldietara bertaratutako Lanbide Heziketako arduradun guztiek Gipuzkoako hainbat Lanbide Heziketako ikastetxe bisitatuko dituzte.

Lehenik, Donostiako Easo Zentro Integratura bertaratuko dira. Zentroko arduradunek zenbait espezialitateren gaineko ezaugarri nagusiak azalduko dituzte, hala nola, Bitxigintza, Ahoaren eta hortzen higienea, Robotika eta Ikusmen Artifiziala eta Zura eta Altzariak heziketa-zikloak, besteak beste.

Ondoren, Usurbilera joango dira, bertako lanbide-heziketako zentro integratua bisitatzeko. Bisitaldi horren bidez, besteak beste, Robotika Industriala, Energia-eraginkortasuna eta Fabrikazioa zikloen gaineko xehetasunak ezagutuko dituzte.  

Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman nahi dizkie jardunaldietara bertaratu diren autonomia-erkidegoei, eta jardunaldiak denen mesederako izatea espero du. Euskadin bultzatu diren aldaketak ezagutarazteak, honako helburu nagusi hau du: autonomia-erkidego bakoitzak gainerako erkidegoekin inpresioak, proiektuak nahiz ekimenak trukatzeko modua izatea, eta hala nahi luketen erkidegoek, Euskadiko Lanbide Heziketarekin elkarlanerako ildoak irekitzeko aukera izatea

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Maite_Villama
    2016.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    Irekia - La consejera de Educación da inicio a las jornadas de Formación Profesional FP Euskadi https://t.co/92d0oogNjj

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 28

    Comentario de Twitter:
    #Hezkuntza sailburuak Euskadiko Lanbide Heziketa jardunaldiei hasiera eman die ➡ https://t.co/9qtkZH4C16

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)