Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Patxi Baztarrikak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren betetze mailaren laugarren txostena baloratu du

2016.eko urtarrilak 28

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren Adituen Batzordeak egindako betetze mailaren 4. txostena analizatu eta baloratu du gaur Bilbon. Txosten horretan oinarrituta, Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak gomendio batzuk egin dizkie Estatuko aginteei, eta sailburuordeak horien gaineko balorazioa egin du gaur. Sailburuordearekin batera, prentsaurrekoan, Jorge Gimenez, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, eta Ane Crespo, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren Hizkuntza Plangintzaren arduraduna, egon dira.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeak Estatuko aginteei egin dizkien sei gomendioak zerrendatu ditu. Hauek dira gomendio horiek:

-       Lege markoa aldatzea, berariaz jasotzeko autonomia erkidegoetako agintari judizial, penal, zibil eta administratiboek hizkuntza koofizialetan gauzatu ahal izan ditzatela epaitegietako prozedurak, aldeetariko batek hala eskatzen badu.

-       Hartzen jarrai ditzatela beharrezkoak diren neurri juridiko eta praktikoak, Kartaren 9. artikuluaren eraginpeko autonomia erkidegoetan lanean ari diren langile judizialen portzentaje egoki batek dagokion hizkuntzen behar besteko ezagutza izan dezan.

-       Beharrezkoak diren neurri legalak hartzen jarrai ditzatela, eta neurri praktikoak indartu ditzatela, Estatuaren administrazioak autonomia erkidegoetan dituen zerbitzuetan hizkuntza koofizialen behar besteko presentzia bermatzeko.

-       Neurriak hartzen jarrai dezatela zerbitzu publikoetan, bereziki osasun zerbitzuetan, hizkuntza koofizialen presentzia bermatzeko.

-       Irakaskuntza hirueleduna eskaintzerakoan, berariaz zaintzea ez dezala kalterik eragin eremu urriko hizkuntzen babes eta sustapenean.

-       Sei autonomia erkidegotan koofizialak diren eremu urriko hizkuntzen aitorpena beste autonomia erkidegoetara hedatzeko aukera aurreikustea, betiere azken hauetan hizkuntza horien hiztun kopuru nahikorik baldin badago.

Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren helburua da Europako eremu urriko hizkuntzak babestea. Izan ere, hizkuntza hauek Europako tradizioak eta kultura aberastasuna mantentzen eta garatzen laguntzen dute.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak balorazioa eskaini du gaur goizean: “urteotan aurrerapausoak egin dira Estatuan Hizkuntzen Eurokartaren betetze mailari dagokionez. Baina aurrerapauso horiek egin dira batez ere, eta nabarmen, gaztelania ez beste hizkuntzaren bat duten Autonomia Erkidegoetako politikei eta jarduerei esker, eta nahiz eta Estatuaren Administrazio Orokorra konpromisoak betetzetik urrun ibili eta Autonomia Erkidegoekiko oso atzean ibili”.

Eta gehitu du: “EAEko euskararen sustapen politikek nota altua eskuratu dute. Txostenean zehar, hainbat puntutan aitortu ez ezik goraipatu egiten dira EAEn zenbait arlotan euskara erabiltzeko hartutako neurriak eta egindako urratsak. Aitortu eta balioetsi egin behar dugu denon artean egiten ari garena”, azaldu du.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2016.eko urtarrilak 30

    Comentario de Twitter:
    Patxi Baztarrika ha valorado el cuarto informe sobre el grado de cumplimiento de la Carta Europea de las Lenguas... https://t.co/RXVMIKA7aA

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ane Crespo