Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Alderdi politikoak gobernua osatzeko eman beharreko pausoak atzeratzen dabiltzala esan du Josu Erkorekak

2016.eko urtarrilak 27

Joan den abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren gobernua eratzeko prozesuari dagokionez, Josu Erkorekak Espainiako alderdi politikoak eman beharreko pausoak atzeratzen dabiltzala esan du gaur. Gainera, alderdien jarreran «taktizismoa» sumatzen duela azaldu du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak ETB1eko «Egun On Euskadi» saioan egin ditu adierazpenok, gaur goizean egin dioten elkarrizketan. «Hauteskunde horien bidez politika onbideratuko zela esan ziguten, baina orain arte behintzat ez da argi ikusten nondik etorriko den», gehitu du.

Halaber, jarduneko presidente Mariano Rajoyren jarrera, ezjakinarena egiten beti, onartezina dela adierazi du. Erkorekak erantsi du ulertezina dela PPko agintari gorenak «ez dakit» erantzutea edo jakinaren gainean ez egotea. Izan ere, «kasu asko aurkitu dituzte, ez bat edo bi, sare erraldoiak dira, oso larriak eta nabarmenak, egitura itzelekoak». «Kasu bat edo bi eman daitezke, baina agintari berekin sistematikoki gertatzea onartezina da», kritikatu du.

Lehendakariak Bruselara egin duen bidaiari dagokionez, Erkorekak esan du beharrezkoa dela Europara irtetea, Euskadiko egoera eta jarduera ekonomikoari buruzko erabaki asko han hartzen direlako. «Beharrezko izapideak dira eta Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru duela, dagozkion pausoak emango ditu erantzukizunez, euskal gizartearen alde eta ekonomiak suspertzeko behar duen bultzada emateko», azpimarratu du.

Azkenik, aste honetan Gasteizen izandako gertakariaren inguruan, Josu Erkorekak azaldu du arlo pedagogikoan eta kontzientziazioaren arloan lan handia dugula egiteko. «Nire ustez, kontzientziazioaren arloan oinarrizko lana egin behar dugu zenbait neurri ezarri aurretik; izan ere, halako kasuak posible den heinean saihesteko baditugu lege-, zaintza- eta polizia-neurriak», esan du amaitzeko.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    [ELKARRIZKETA] Josu Erkoreka: "Alderdi politikoak gobernua osatzeko eman beharreko pausoak atzeratzen dabiltza" ➡ https://t.co/TcHPcWrhtc

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)