Berriak Segurtasuna
Eu

Azken lekualdatze-lehiaketari esker, historian lehen aldiz 7.245 ertzainek izango dute lanpostua jabetzan eta 3.000 ertzainek baino gehiagok destinoa aldatuko dute

2016.eko urtarrilak 26

Bihar egingo den lekualdatzeari esker, ertzain asko beren bizilekuetatik gertuago egongo dira

Ertzaintzak 2016 Horizontea Plan Estrategikoko ibilbide-orriko beste jarduera bat egingo du bihar, asteazkena: 2015eko martxoaren 27ko Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen Ebazpenak abiarazitako lekualdatze-lehiaketaren emaitzak ezartzea. Horren ondorioz, 2.188 lanpostu behin betiko esleituko dira. Azken esleipen honekin, Ertzaintzaren historian lanpostua jabetzan dutenen kopuru handiena lortuko da: 7.777 ertzainetatik 7.245ek.  Lekualdatzeari esker, ertzainek beren interesen aldekoagoa den lanpostu bat lortuko dute (beren bizilekutatik gertuago dagoelako, beren espezialitatekoa delako edo gorakoko kategoria batekoa delako).

Segurtasun Sailak 2013an abiarazi zuen Ertzaintza berregituratzeko prozesua 2016 Horizontea Plan Estrategikoko ibilbide-orriari jarraiki. Bihar beste pauso bat emango dute eta 3.220 ertzainek destino berria izango dute, 2015eko lehiaketako emaitzen eta zerbitzu-eginkizunen esleipenen arabera.

Lekualdatze-prozesu honekin, Ertzaintzak bere egitura Herritarren Segurtasuneko eta Ikerketako ataleko beharretara egokituko du eta Brigada Mugikorraren eta Zaintza eta Erreskate Unitateko dimentsioak egokituko ditu.

Hala, Zaintza eta Erreskate Unitatean libre zeuden lanpostuak betetzeaz gain, plantilla gaztetuko du, bereziki, Urpekaritza eta Mendi taldeena. Izan ere, 8 eta 6 urte gutxitu dute batez besteko adina, hurrenez hurren. Gainera, Brigada Mugikorreko kide guztiek espezialitatea edukitzea lortu dute.

3.220 ertzainetatik, 926k komisarietako zerbitzu-eginkizunetako bat lortu dute eta trafiko-unitateetako 106 lanpostuak, 2015eko azaroaren 17ko Ebazpenari jarraiki. Bestalde, mila ertzain baino gehiago beren bizilekuetatik gertuago dauden destinoetara aldatuko dira.

Zerbitzu-eginkizunen deialdiari esker, gainera, Ertzaintzaren Miñoien atala ehun agentek osatuko dute, egun baino 20 miñoik gehiagok. Halaber, Gasteizko ertzain-etxean 17 ertzain gehiago egongo dira.

Ibilbide-orria

Lekualdatze berri hau legegintzaldi honetan Ertzaintza berregituratzeko abiarazitako prozesuaren bidez gauzatu dute. Helburuak Euskadiren egoera berrira egokitzea, herritarren behar berriak betetzea eta Euskadiren Segurtasun Planak biltzen duen segurtasun osoa bermatzea dira.

«Egitura berriak Ertzaintzaren modelo prebentiboan eta hurbilagoan sakonduko dugu. Herritarrak babesteko, kasuak ikertzeko eta polizia-inteligentziaren aldeko apustu sendoa egin dugu, ertzainak zerbitzu bakoitzaren egiturara eta beharretara egokituz. Hala, agenteek % 90ek baino gehiagok lanpostua jabetzan izango dute», azaldu du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Azken aldaketaren ondorioz, Ertzaintzaren egiturako agenteen % 72 Herritarren Segurtasuneko unitatean egongo da (ertzain-etxea, trafikoa, Iurreta, berrozi...); % 21, Ikerketa Kriminalean eta Polizia Judizialean (ikerketa zentrala, lurraldekoa eta tokikoa); % 3, Inteligentzia Bulego Nagusian (bulego nagusiak eta lurraldekoak); eta % 4, buruzagitzetan eta zerbitzuetan (Erandio, Oiartzun eta Gasteiz).

Joan den irailean 24. promozioko agenteak komisarietan herritarren segurtasuneko lanetan hasi ziren. Bestalde, 25. promozioko 250 ertzain prestakuntza jasotzen ari dira. Ertzainak hautatzeko, sartzeko eta prestatzeko etengabeko prozesuari esker, Ertzaintza berritzen da eta Segurtasuneko Batzordeak erabakitako 8.000 ertzaineko plantillari eusten zaio. Gainera, ertzainei nahi duten destinoa lortzen laguntzen die.

2016KO LEKUALDATZEA

 

 

LEKUALDATZE LEHIAKETA

2.188

Lekualdatzeko behin betiko esleipena

ZERBITZU-EGINKIZUNA

1.032

 

926 ertzain-etxeetan

106 trafiko-unitateetan

GUZTIRA

3.220

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko