Berriak
qrcode

Lehendakariak industria-erronkei buruzko mintegia inauguratu du Bruselan Vanguard ekimenaren barruan

2016-01-27

Eskualdeen artean «indarrak batu» beharra nabarmendu du Urkulluk industria eraldatzeko, Europan hazkundea bizkortzeko eta kalitateko enplegua sortzeko

Euskadi Eskoziarekin batera buru duen jardunaldi teknologikoari hasiera eman dio gaur Bruselan Iñigo Urkullu lehendakariak, Vanguard ekimenaren barruan; eskualdeen arteko koordinazioaren aldeko apustua egiten du ekimen horrek industria-hazkunde berria bultzatzeko. Indarrak batzeko deia egin du lehendakariak industria eraldatzeko, Europan hazkundea bizkortzeko eta kalitateko enplegu-aukera berriak sortzeko.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien buru joan da gaur Urkullu Bruselara; lehendakariarekin batera hauek ere izan dira: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza eta Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria. Egun bakarra emango dute Europako hiriburuan eta, besteak beste, bilera bana egingo dute Energia eta Klimaren aldeko Ekintzako Europako komisario Miguel Arias Cañeterekin eta, arratsaldean, Garraioen arloko komisarioarekin. Azken bilera horretara Akitaniako presidente Alain Roussetekin batera joango da.

Goizean goiz eman dio hasiera lehendakariak Industria-erronkak eta bide-orri teknologikoa izeneko mintegiari, Vanguard ekimenaren barruan antolatuari. Euskadik ekimen horretan parte hartzen du industrian liderrak diren beste 26 eskualde gehiagorekin batera. Eskualdeen arteko lankidetzaren bitartez industriaren lehiakortasuna hobetzea du xedetzat Europako ekimen horrek. Horren barruan lankidetzako bost arlo sortu dira, eta horietako bat, fabrikazio aurreratua aurkako inguruneetako energia-aplikazioetarako deritzona, Euskadik gidatzen du Eskoziarekin batera. Itsasoko energia berriztagarrien arloan zein petrolioa eta gasa offshore erauzteko balio-kate paneuroparra sortzea du helburutzat proiektu pilotu horrek. Eta horren barruan egin dute, hain zuzen, aipatutako mintegia; berrogeita hamar enpresa inguruk, Europako Batzordearen ordezkariek, klusterrek zein teknologia-zentroek parte hartu dute bertan.

Inaugurazioan, lehendakariak esan du Euskadik, Vanguard ekimenaren kide sortzailea den aldetik, espezializazio adimendun horretarako estrategietan eskualdeen eta sektoreen arteko lankidetza laguntzeko «konpromisoari eusten» diola enpresen beharrei erantzun hobea emateko, haien berritzeko ahalmena hobetzeko eta nazioartekotzen laguntzeko. «Indarrak batu» beharra nabarmendu du Urkulluk, industria eraldatzeko, Europan hazkundea bizkortzeko eta enplegu-aukera berriak sortzeko.

Industria munduan lehiakorragoa izatea dela egungo erronka berretsi du lehendakariak, eta hartarako industria-ekimen berriak behar direla, horien ardatza berrikuntzan, balio-kate berrien garapenean, merkatu berrien irekieran zein industriaren digitalizazioan jarrita. Hori horrela, Euskadi lanean ari da jada industria eraldatzeko “4i Estrategiaren” bitartez, bai eta I+G+Bn are gehiago inbertituz ere.

Mintegiari hasiera eman baino lehen, lehendakaria Eskualdeen Komiteko presidente Markku Markkularekin bildu da. Berarekin egon dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Elorza.

3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @euroberri
    2016-01-28

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [INDUSTRIA] @iurkullu inaugura en Bruselas seminario sobre retos industriales en el marco de la iniciativa Vanguard➡ https://t

  • Argazkia SN Robot
    @CamiladeEpalzaA
    2016-01-27

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [INDUSTRIA] @iurkullu inaugura en Bruselas seminario sobre retos industriales en el marco de la iniciativa Vanguard➡ https://t

  • Argazkia SN Robot
    @IzaskunBilbaoB
    2016-01-27

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [INDUSTRIA] @iurkullu inaugura en Bruselas seminario sobre retos industriales en el marco de la iniciativa Vanguard➡ https://t

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)