Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kiroleko Dopinaren Aurkako Legearen aldaketa (Gobernu Bilera 2016-01-26)

2016.eko urtarrilak 26

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Kiroleko Dopinaren Aurkako 12/2012 Legea aldatzeko Lege Proiektua onartu du. Aldaketa horrek EAEko Legea Dopinaren Aurkako Mundu Agentziak (WADA) onartutako dopinaren aurkako kode berrira egokitzea du helburu. WADA dopinaren aurkako mundu mailako erreferentzia da, eta, horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak oinarrizkotzat jotzen du EAEko Legea WADAren irizpideetara egokitzea.

Dopinaren Legearen aldaketak arau-hauste, zigor, lagin kontserbazio eta lehiaketara itzultzeko baldintzen inguruko hainbat aldaketa jasotzen ditu. Hain zuzen ere, honako hauek dira berrikuntza nabarmenenak:  

  • Arau-hauste berriak:

Konplizitatea: Kodeak nahita dopinaren aurkako arau bat hausteko laguntza eta bultzada ematea bezala definitzen du, kolaborazioa, konspirazioa eta estaltzea bezalako jokabideak ere aurreikusiz.

Debekatutako asoziazioa: Kodeak debekatu egiten die kirolariei dopinaren aurkako jokabideengatik zigortu edo kondenatutako laguntzaileak izatea, mediku edo entrenatzaileak kasu. Xedapen hori bete ahal izateko, kirolariei zein laguntzailerekin ezin duten lanik egin zehaztuko zaie. 

  • Zigor berriak:

2015eko Dopinaren Aurkako Kodeak zigor berriak aurreikusten ditu nahitako dopina bereziki zigortu behar dela premisa gisa hartuta. Horrenbestez, zigorraldi estandarra 4 urtera bikoizten du kirolari edo laguntzaileek jokabide bat dopinaren aurkako arauak hausten ari diren jakitun hartu duten kasuetan.

Arau-haustea substantzia ez-espezifiko bategatik eman bada, zigorraldia 4 urtekoa izango da, kirolariak arau-haustea nahita egindakoa izan ez zela frogatzen duenean salbu. Zigorraldia 4 urtekoa izango da arau-haustea substantzia espezifiko batek eragindakoa izan eta dopinaren aurkako erakundeak arau-haustea nahita egindakoa dela frogatzen duenean ere.

2015eko Dopinaren Aurkako Kodeak dopinarekin lotutako nahitako jokabideentzat zigor handiagoak aurreikusten dituen bezala, malgutasun irizpideak aplikatzea ere ahalbidetzen du zirkunstantzia espezifikoak ematen diren kasuetan, adibidez kirolariak berak errurik ez izatea edo arduragabe jokatu ez izana, kutsatutako produktuak erabili izana, arau-hausleak gertatutakoa onartzea edo arau-hausleak dopinaren aurkako agintaritzarekin elkarlanean jardutea.

Zigorrekin lotuta, nabarmentzekoa da 2015eko Dopinaren Aurkako Kodeak kirolariaren laguntzaileak debekatutako substantzia edo metodoekin lotutako jokabideengandik zigortzeko aukera aurreikusten duela, adibidez jabetza, trafikoa, administrazioa, konplizitatea edo debekatutako asoziazioa. Horrenbestez, dopinaren aurkako araudi zigortzailea berdin aplikatzen zaie kirolariei zein bere inguruko laguntzaileei.

Kirolariak lokalizatuta izatearen oinarrizko helburua lehiaketaz kanpoko kontrolak egitea erraztea da. «Kontrolak egiteko erregistratutako talde batean» sartuta dauden kirolariek euren lokalizazioaren gaineko informazioa eman behar dute hiru hilabetetik behin, egunero ordu bat zehaztu behar dutelarik kontrolak egiteko libre izateko.

2015eko Dopinaren Aurkako Kodea indarrean jartzearekin batera, arau-hauste gisa hartuko da hamabi hilabeteko epe batean hiru aldiz hiruhileko baten hasieran lokalizazio informazioa aurkeztu ez izana edota kontrol bat egin ez izana –hiruko kopurura helduz gero, ez du axola zein den egindako urraketa bakoitza–. 

  • Lehiaketara itzulera

Kontrolak egiteko erregistratutako nazioarteko federazio edo dopinaren aurkako erakunde baten talde batean sartutako kirolari batek kirola uztea erabakitzen badu, eta, ostean, lehiaketara itzultzeko nahia badu, idatziz jakinarazi beharko du sei hilabeteko aurrerapenarekin, denbora tarte horretan kirolariari lehiaketaz kanpoko kontrolak egiteko aukera izan dadin.

Era berean, dopinagatik zigortutako kirolari batek, lehiaketara itzuli aurretik ezinbestean egin beharko du lehiaketaz kanpoko kontrol bat (errehabilitazioa), eta jasotako zigorra oso-osorik bete beharko du. Aldez aurreko baldintzok bete ezean, eskumena duen federazioak ez dio lehiaketan parte hartzeko ezinbesteko kirol lizentzia emango. 

  • Laginen kontserbazioa eta preskripzio epea

Dopinarekin lotutako arau-hausteekin zerikusia duten prozesu zigortzaileak hasteko hamar urteko gehieneko epea dago, betiere arau-haustea gertatzen den unetik bertatik kontatzen hasita.

Hain zuzen ere, epe hori laginen kontserbazio epearekin lotuta dago. Izan ere, teknologiaren aurrerapena dela-eta, baliteke etorkizunean uneotan detektatzen ez diren debekatutako hainbat substantzia eta metodo detektatzeko aukera izatea. Hori dela eta, laginak izoztu, biltegiratu eta hamar urteko epean berriz aztertzeko aukera dago.

Horrenbestez, kirolari bat edo bere laguntzaileak zigortzeko aukera ez da bertan behera geratzen kirolariak erretiroa hartzen duen egunean, dopinarekin lotutako arau-hauste bat egin eta hamar urtera baizik; epe horretan, dopinarekin lotutako edozein arau-hauste zigor daiteke, zigor ekonomikoak ezartzeko, emaitzak bertan behera uzteko edo sariak itzultzeko aukerak ere indarrean izango direlarik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko