Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimen elkarteentzako diru-laguntzen erregelamendu berria onartu du (Gobernu Bilera 2016-01-26)

2016.eko urtarrilak 26

Testuan hobekuntza teknikoak sartu dira eta laguntzak emateko prozedura erraztu da

Aurtengo diru-laguntzen deialdian erregelamendu berria aplikatuko da; guztira, 260.000 € bideratu dira laguntzotara

Gobernu kontseiluak gaur onartu du terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzeko dekretua. Akordioaren helburua da laguntzen kudeaketari erregelamendu maila berri bat ematea; hala, hemendik aurrera, dekretu batek erregulatuko ditu, eta ez, orain arte bezala, agindu batek.

Dekretuan, hobekuntza teknikoak sartu dira laguntzok erregulatzeko prozesuetan, eta laguntzak emateko prozedura erraztu da, halaber, laguntza guztiak modalitate bakarrean bilduta.  

Horrenbestez, testuan zenbait aldaketa sartu dira aurreko arauari dagokionez, esaterako, laguntzen gehieneko mugak ezabatu dira (lehenago 48.000 €-koak edo 60.000 €-koak izan zitezkeen, kasuan-kasuan). Hala ere, ezarri dira zenbait muga langileen gastua eta gastu korronteak diru-laguntzaren kargura finantzatzeari dagokionez; izan ere, terrorismoaren biktimentzako arreta eta laguntza programak dira diru-laguntzen helburu nagusia.

Halaber, gaur onartutako dekretuak genero-ikuspegia txertatzen du, laguntzak esleitzeko balio-irizpide gisa, eta betebehar gisa eransten du erakunde onuradun guztiek erabilera ez-sexista bermatu behar dutela, igorritako dokumentu guztietan bermatu ere.

Erregelamendu berria aurtengo laguntza-deialdian aplikatuko da. Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak datozen hilabeteetan deituko ditu laguntzak, eta 260.000 euro bideratuko ditu guztira horietara.

Dekretu horretan aurreikusitako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako elkarte eta erakundeei zuzentzen zaizkie, baita beren kideen artean EAEn gertatutako ekintza terroristen biktimak dituzten Euskadiz kanpoko elkarte eta erakundeei ere. Horiez gain, beste pertsona juridiko batzuk ere onuradun izateko aukera izango dute, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako ekintza terroristen biktimen arreta badute helburu eta xede gisa.

Programa eta jarduerek honako helburu hauek izango dituzte, besteak beste: terrorismoaren biktimei arreta, orientazioa eta giza babesa ematea; biktima egoera eragin zieten delituen epaiketetara laguntzea hala biktimei nola haien senideei; biktimentzako eta haien zaintzaile-zereginak betetzen dituzten senideentzako laguntza psikosoziala ematea; eta terrorismoaren biktimei buruzko foro, ikastaro nahiz mintegiak egitea.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    #BakeaBizikdetza Terrorismoaren biktimen elkarteentzako diru-laguntzen erregelamendu berria onartu du ➡ https://t.co/7uXjpHGjzt

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    #PazConvivencia Hemos aprobado la nueva regulación de las ayudas a las asociaciones de víctimas del terrorismo ➡ https://t.co/IodglZ57P2