Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE) izendatu ditu Arabako hegoaldeko mendilerroak (Gobernu Bilera 2016-01-26)

2016.eko urtarrilak 26
  • Eremuak bere kontserbazio-neurriak izango ditu
  • Toloño-Kantabriako mendilerroa, Natura 2000 Sareko kokaleku pribilegiatua trantsizio atlantiko-mediterraneoan

 

Gobernu Kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du Arabako hegoaldeko mendilerroen eremua, KBE/BBEetarako zaintza-neurri egokiekin, habitat naturalen eta batasunaren intereseko basa-fauna eta -floraren espezieen iraupena eta lehengoratzea bermatze aldera.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, zehazten duenez, «Arabako hegoaldeko mendilerroetako KBEak espezieon biziraupena eta ugalketa ziurtatuko du, hegazti eta espezie migratzaileen banaketa eremuan, eta Europako lurraldeko biodibertsitatearen iraupena bermatuko. KBE berrian, Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia eta landare espezieak jaso dira, bai eta haien kontserbazio-egoeraren balorazioa, eremuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen-programa ere.

 

Gobernu Kontseiluak aurretik egindako bilkuretan, hegaztientzako babes bereziko 6 eremu (BBE) izendatu ziren –besteak beste Arabako hegoaldeko mendilerroak–, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamen hori Europako Batzordeari aurkeztu zitzaion, eta hark Europar Batasunaren Intereseko Lekuen (EBIL) zerrenda onartu zuen; zehazki, eskualde biogeografiko atlantikoari eta mediterraneoari dagozkion lekuak jaso ziren zerrendan, eta hor sartzen da Euskal Autonomia Erkidegoa. Toloño-Kantabriako KBEa Intereseko Leku horien artean dago.

 

Arabako hegoaldeko mendilerroen bereizgarritasunak direla eta –Toloño mendilerroarenak barne–, komenigarria da dekretu-proiektu espezifiko bat lantzea mendialde horretarako, bi babes-eremuok barnebilduta (KBE eta BBE) eta biok batera kontserbatzeko tresna bakarra onartuta» adierazi du Ana Oregi sailburuak.

 

Lan egiteko eskala hobetu denez, gunearen azterketa zehatzagoa egin ahal izan da eta, horren ondorioz, beharrezkotzat jo da kontserbatu beharreko Batasunaren intereseko habitat eta espezieei jarraitutasuna ematea eta ondoko lurralde mugakidearekin dagoen konektibitatea hobetzea. Hortik etorri da BBEa Portilla mendilerrorantz eta Cabrera mendirantz zabaltzeko proposamena.

 

Hegaztiak

Mendilerro horiek eremu garrantzitsu dira zenbait hegazti espezierentzat; batez ere, aztore-arranoarentzat eta ugatzarentzat EAEn galzorian dauden bi espezie. Aldi berean, KBEa zabaltzea proposatu da, Batasunaren Intereseko Lekuaren hasierako mugapenari dagokionez, KBEaren eta BBEaren mugapenak bat etor daitezen.

 

Arabako Hegoaldeko Mendilerroen multzoak ezaugarri bereizgarri nagusi bat dute: muga biografiko garrantzitsu bat markatzen dutela, hain zuzen, eskualde atlantikoa eta mediterraneoaren arteko banalerroa. Nagusiki ekialdetik-mendebalderanzko orientazioa duenez, geldiarazi egiten du itsasoaren eragin klimatikoa, eta horrek bertako landaredia baldintzatzen du: iparraldean atlantikoa da, eta hegoaldean mediterraneoa. Eremuan Batasunaren intereseko 20 habitat-mota daude, gutxienez; horietatik bederatzi lehentasunezkoak. Europar Batasunaren Zuzentarauetan sartutako 47 espezie hartzen ditu gutxienez barne.

 

Espazio gehiena Batasunaren intereseko baso-habitatek betetzen dute: pagadi azidofiloak iparraldean, eta erkameztiak eta artadiak hegoaldean. Hagin-basoak eta mendi-hegaleko baso mistoak Batasunaren intereseko lehentasunezko habitatak osatzen dituzte. Belardiak ere ugariak dira, eta zenbait habitat mota eratzen dituzte.

 

KBE/BBEko baso-inguruneak egokiak dira urlehortarrentzat. Hauek dira interes handienekoak: gailurretako uhandrea, hegoaldeko apo pintatua, zuhaitz-igel arrunta eta baso-igel jauzkaria.  Ugaztunen artean, bereziki aipagarriak dira saguzar handia eta ferra saguzar mediterraneoa, Schreibers saguzarra, Bechstein saguzarra eta mendiko saguzarra.

 

Eremuan ehun bat hegazti espezie daude; horien artean, nabarmentzekoa da harrapakari errupikolen multzoa, sai arrearen, hontza handiaren, belatz handiaren, arrano beltzaren eta sai zuriaren presentzia handiarekin, bai eta basoko eta baso-ertzeko hegaztiak ere, okil eta ertain txikien presentzia aipagarriarekin.Baina, funtsean, eremua hegaztientzako BBE gisa proposatzeko arrazoi nagusia arrazoi aztore-arranoaren eta ugatzaren presentzia da –EAEn galzorian daude biak ala biak– bai eta eremu horrek harrapakariok berreskuratzeko agertzen duen potentzialitatea.

 

Arabako hegoaldeko mendilerroak Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatzeko prozedurak barne hartu du gizarteak parte hartzeko prozesua, dagokion moduan, eta hainbat agentek hartu du parte, interes sozial eta ekonomiko desberdinen ordezkari gisa. Parte hartzeko bideak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesdunei jakinarazpenak bidalita, bai egoitza elektronikoaren bitartez (http://www.euskadi.net/natura2000); izendatzeko prozesuari buruzko informazio eguneratua eskainiko da webgune horretan.

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 26

    Comentario de Twitter:
    Kontserbazio Bereziko Eremu eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu izendatu ditugu Arabako hegoaldeko mendilerroak➡ https://t.co/Cnn0x92a5W

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)