
Euskadiko gazteek soldataren %60 bideratu beharko lukete merkatu librean etxebizitza bat bakarka eskuratzeko
Etxebizitza babestuen kostuak onargarriak dira, batez ere, alokairu babestuarenak.
Gazteen Euskal Behatokiak Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin izeneko txostena argitaratu berri du; gaiari buruz argitaratzen duen bigarrena, hain zuzen. Gazteen batez besteko soldata garbiak, etxebizitzen batez besteko salneurriak edo batez besteko alokairuak kontuan harturik, azterlan honek bakarka emantzipatu nahi duten gazteek etxebizitza eskuratzeko duten kostua kalkulatzen du, bai jabetzan, bai alokairuan. Jabetzan erositako etxebizitzaren kasuan, kostu hori jaitsi egin da 2014an, baina hazi alokairuen kasuan. Etxebizitza babestua da gazteentzat aukerarik eskuragarriena. Gazte gehienak bikotekidearekin edo lagunekin emantzipatzen direnez, emantzipazio-tasa mantendu egiten da Euskadin.
Ikerlanaren bitartez, zenbatetsi daiteke zenbateko kostua dakarkion batez beste gazte soldatadun bati bakarka emantzipatzeak, dela etxebizitza erosita, dela alokatuta. Lehen edizioan etxebizitza librea eskuratzeko kostuarekin lotutako 10 adierazle prestatu ziren, eta eskuratzeko kostuak 2007tik 2013ra bitartean izandako bilakaera erakutsi zen. Bigarren txostenean 2014ko informazioarekin eguneratu dira adierazleok, eta etxebizitza babestua eskuratzeko kostuari buruzko bi adierazle berri gehitu zaizkie. Hamabi adierazleek 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek etxebizitza bere kabuz eskuratzeko egin behar duen ahalegin ekonomikoa kalkulatzen dute.
Azterlanak ondorioztatzen duenez, Euskadin etxebizitza librea ez dago gazteen eskura, baldin eta bakarka emantzipatu nahi badute; etxebizitza babestua, aldiz, aukera zentzuduna da etxebizitza bat bakarka erosi edo alokatu nahi duenarentzat.
Izan ere, zenbatetsi denez, Euskadin lan egiten duen 18-34 urte arteko gazte baten batez besteko hilabete-sariarekin, soldata garbiaren % 60,1 bideratu behar da hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzera, aintzat harturik 2014an eskrituratu ziren etxebizitza libreen prezioa eta hipoteka-maileguen interes-tipoak eta batez besteko iraupena. Jabetzako etxebizitza libre bat eskuratzeko kostua jaitsi egin da aurreko urteekiko; gehienbat, Euskadiko etxebizitzen salerosketa-prezioaren eta hipoteka-kredituen interes-tasen jaitsieraren ondorioz. Etxebizitza erostera bideratu beharreko batez besteko hori %64,1ean zegoen 2013an, baina %98,9raino iristen zen 2007an.
Merkatu libreko alokairuari bagagozkio, gazte soldatadun batek hileko soldataren % 62,7 bideratu beharko luke bakarka emantzipatzeko. Jabetzan erositako etxebizitzekin gertatu denaren kontra, alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko kostuak gora egin du azken urtean (soldataren %60,5 bideratu behar zen 2013an), alokairuen prezioen igoera dela-eta.
Kontutan hartzen badugu gehieneko zorpetze-muga gomendagarria soldataren % 30ean kokatzen dela, gazte soldatadun batek hilean irabazten duenaren bikoitza irabazi beharko luke etxebizitza libre bat, dela jabetzakoa, dela alokairukoa, bakarka ordaindu ahal izateko.
Gizonen eta emakumeen arteko soldata-aldeak direla eta, emakumeek bakarka emantzipatzeko aukera gutxiago dituzte.
Euskadin Espainian baino garestiagoak dira etxebizitza eskuratzeko kostuak, baina bietan ala bietan zabal gainditzen dute hilabete-sariaren batez bestekoaren % 40; horiek horrela, bakarka emantzipatu nahi duten gazteek gehiegizko ahalegin ekonomikoari aurre egin behar diote.
Etxebizitza babestua
Bigarren edizioan etxebizitza babestua jabetzan nahiz alokairuan eskuratzeko kostuak zenbatetsi dira. Jabetzan hartutako etxebizitza babestuaren kasuan, Euskadiko 18-34 urte arteko gazte batek bere soldata garbiaren % 31,4 eman behar du hipotekaren lehen hilerokoa ordaintzeko; hau da, gomendatutako zorpetzearen gehieneko mugan kokatzen gara.
Alokairu babestua da, zalantzarik gabe, aukerarik eskuragarriena gazteentzat. 2014an, Euskadiko soldatapeko gazte baten batez besteko hileko soldata garbiaren % 24,2 behar zen etxebizitza bat modalitate horretan eskuratzeko; hala, estaturako kalkulatutako kostuaren azpitik zegoen, estatukoa % 30,8koa baitzen.
Beraz, zera ondorioztatu daiteke: soldatapeko gazteek beren gain hartzeko moduko kostuak dira etxebizitza babestuarenak; batez ere, alokairu babestuarenak.
Bikotekidearekin edo pisu partekatuan
Etxebizitza babestuak pisu bat eskuratzeko aukera ematen duela eta emantzipatzen diren gazteak bikotekidearekin edo lagunekin batera emantzipatzen direla: horra nola azaldu daitekeen zergatik mantendu den Euskadin emantzipazio-tasa, etxebizitzaren kostu altuak gorabehera.
Gazteen Euskal Behatokiak berak koordinatu du ikerlan HAU, eta Joffre López Oller emantzipazio-adierazleen alorrean adituak prestatu du. Adierazleak metodologia-lan bati jarraikiz kalkulatu dira, hainbat datu-base eta datu konbinatuz: Estatistikako Institutu Nazionalarena, Notariotzaren Kontseilu Nagusiarena, Jabetzaren, Ondasun Higigarrien eta Merkataritza Ondasunen Erregistratzaileen Elkargoarena, Espainiako Bankuarenak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiarenak, etab.
Txostenean lurralde historikoaren, sexuaren eta adin taldearen (18-24 urte, 25-29 urte eta 30-34 urte) arabera bereizita ematen dira adierazle guztiak, emantzipatzeko zailtasun handieneko kolektiboak zeintzuk diren ikusteko helburuz.
Horrez gain, Espainiako gazte guztientzako ere kalkulatu dira adierazle berberak eta, hala, euskal gazteriaren eta espainiar gazteriaren egoera alderatu daiteke, bi esparru geografikoetan bilakaera bera izan den jakiteko.
Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean eskuratu daiteke.


