Berriak Osasuna
Eu

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua aurrera doa bere helburuak lortzeko bidean, hitzarmen berriak sinatuta

2016.eko urtarrilak 25
  • Osasun Sailak eta hiru diputazioek Pazienteen Historia Klinikoen (OSABIDE) erabilera partekatzeko eta Euskadin laguntza-zerbitzuetako prestazioa hobetzeko akordio bat lortu dute.
  • Erakundeek Kontseiluan dituzten ordezkari berriak bat datoz arreta integralagoa eta kalitate handiagokoa sustatzeko finkatutako helburuak lortu behar diren ustean.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak 2016ko lehen bilera egin du gaur Lakuan. Bertan, hiru foru-aldundietako, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko, eta Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailetako ordezkariek sakonki aztertu dute zer aurrerabide egin den 2013ko uztailean onartutako ildo estrategiko soziosanitarioen esparruan ezarritako helburuak betetzen, autonomia-erkidego osoan zerbitzuok erabiltzen dituzten pertsonei emandako arreta hobetzeko, hartara.

Horrez gain, hiru foru-aldundiek eta Osasun Sailak lankidetza-hitzarmen bana sinatzeko baliatu dute bilera: hain zuzen, Pazienteen Historia Klinikoaren erabilera partekatu eta Euskadiko laguntza-zerbitzuen prestazioa hobetzeko. Era berean, hiru foru-aldundiek eta aipatutako bi gobernu-sailek etorkizunean Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea adostu dute, Euskadin adinduenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta hautemateko prozeduraren ezarpena sustatzeko.

Gaurko hitzorduan, halaber, kide berriak sartu dira Kontseiluan, iazko udal- eta foru-hauteskundeen ostean euskal erakundeetan izandako aldaketak direla medio. Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua ere lehen aldiz izan da bilera-buru. Honako kide berri hauek sartu dira kontseiluan, bakoitza bere erakundearen ordezkari gisa: Beatriz Artolazabal Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako foru-diputatua, Isabel Sánchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako foru-diputatua, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako foru-diputatua eta Iñigo Pombo, Bilboko zinegotzia eta EUDELeko ordezkaria. Ekitaldiaren ostean eta karguaren urteko txandakatzeari jarraikiz, Ángel Toñak Osasuneko sailburu Jon Darpóni laga dio kontseilu-burutza. Hark ere gaurko mahaian parte hartu du, Gobernuko beste zenbait goi-kargurekin batera: besteak beste, Osakidetzako zuzendari nagusi Jon Etxeberriarekin.

Historia klinikoak

Osasun Sailak eta Osakidetzak lankidetza-hitzarmen bana sinatu dute hiru diputazioekin, Pazienteen Historia Klinikoen (OSABIDE) erabilera partekatzeko eta Euskadin laguntza-zerbitzuetako prestazioa hobetzeko. Hala, bi erakundeetako profesional baimenduak berehala sartu ahalko dira osasun-zerbitzuetako pazienteen Historia Klinikoan eta datu berriak txertatu ahalko dituzte, betiere, isilpekotasuna bermatuta eta pazienteak aurrez baimen idatzia eman badu.    

Akordioa dagozkion foru-diputatuekin sinatu ostean, Osasuneko sailburu Jon Darpónek nabarmendu du hitzarmena beste aurrerapauso bat dela foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, esparru soziosanitarioan eman daitekeen laguntzarik onena eskaintzeko asmoz, adostutako lankidetzan.

Horrez gain, Gobernuak beste erakundeei dekretu bat aurkez diezaien ere baliatu dute bilera: premia bereziak dituzten haurrentzako arreta integratuaren prozesuaren bidez EAEn arreta goiztiarra erregulatzeko dekretu bat da, hain zuzen, eta datozen egunotan helaraziko zaio gobernu-kontseiluari, haren onarpena azter dezan.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 25

    Comentario de Twitter:
    Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua aurrera doa bere helburuak lortzeko bidean, hitzarmen berriak sinatuta ➡ https://t.co/0M7CAFabUR

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Sánchez Robles, Bizkaiko Gizarte ekintzaren diputatu forala; Beatriz Aratolazabak, Arabako Gizarte Zerbitzuen foru diputatua; Maite Peña, Gipuzkoako Gizarte Politikako foru diputatua; eta Iñigo Pombo, Eudel-en ordezkaria