Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euskara 21 Batzordeak ‘eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua aztergai izan du Donostian

2016.eko urtarrilak 22

Dokumentuak 29 ekarpen jaso ditu azken hilabeteotan 

Euskara 21 Batzordeak ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua aztertu du gaur goizean Donostian egin duen bileran. Izan ere, eztabaidarako irekia dagoen dokumentu berezi eta berritzaile honek hainbat ekarpen jaso ditu azken hilabeteotan, bai zenbait batzordekidek eginak, baita batzordekide ez den hainbat adituk idatziak ere. Gaur goizeko bilkuran, ekarpen hauetako batzuk aurkeztu dira. Guztira, 29 ekarpen jaso ditu ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentuak, sortu duen interesaren seinale.

Gaur goizekoa, dokumentu honen eztabaidarako antolatu diren bileren hirugarrena da. Izan ere, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak oinarrizko dokumentua aurkeztu zuen Euskara 21 Batzordeak 2015eko uztailaren 10ean eginiko bilkuran. Oinarrizko dokumentua aurkeztu ondoren, ekarpenak egiteko aukera eman zen, eta, azaroaren 6an, Batzordea berriz elkartu zen ekarpenak ezagutu eta eztabaidatzeko. Ekarpen guztiak ezagutzeko aukerarik egon ez zenez, gaur goizerako beste bilera deitu da, gainontzeko ekarpenak aurkeztu eta eztabaidatzeko. Esan bezala, guztira, 29 ekarpen jaso ditu dokumentuak.

Ekarpenetan jasotako ikuspuntuak, jakina, askotarikoak dira, ikuspuntuz zein asmoz, eta alor ezberdinetarako proposamenak planteatu dira, bai hainbat kontzepturen inguruan, baita dokumentuak proposatzen duen hurrengo urteetarako lehentasun markoari lotuak. Guztietan, ordea, aintzat hartu dira dokumentuaren pertinentzia, egokitasun orokorra eta orientabide nagusiak, eta adostasun zabal baterako aukera eskaintzen duela aitortu dute ekarpengile gehien-gehienek.

Eztabaida ireki eta zabala burutu dute batzordekideek eta gainerako ekarpengileek gaur goizean, eta eztabaida hori aurrerapauso argia izan da behin betiko dokumentu bat osatzeko bidean. Lan hori, hurrengo asteetan burutuko da.

‘Eta hemendik aurrera zer?’

Euskara 21 Batzordeak ESEPen diagnostikoan sakontzea helburu hartuta osatua den AMIAren gaineko eztabaida egin zuenean, eta kide batzuek hala proposatuta, konpromisoa hartu zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ‘20 urteko perspektiban, zer?’ galderari erantzun bat emango zion dokumentua idazteko. Konpromiso hura betetzera dator ‘Eta hemendik aurrera zer?’ dokumentua, eta euskararen garapen iraunkorraz dihardu. Euskararentzat nahi dugun etorkizunaz gogoeta jasotzen du dokumentuak, eta hizkuntza hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proposatzen ditu.

Euskara 21 Batzordea:

Euskararen Aholku Batzordeak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren proposamenez, hizkuntza politikari buruzko eztabaida eta hausnarketa irekia eta zabala abiarazi zuen 2008an. Ekimen hura ‘Euskara 21’ izan zen, hain zuzen ere. Batzorde honek, orain arte hizkuntza politikaren alorrean egindako bidea aztertzea eta ondorengo urteetan eman beharreko pausoak zehaztea ditu helburu, baita euskararen normalkuntzaren inguruan ahalik eta adostasun politiko eta sozial zabalena lortzeko ahalegina indartzea ere.

Gogoetarako marko zabala izatea da Euskara 21 Batzordearen helburua. Hala, Patxi Batzarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea buru dela, hainbat erakunde publikoren ordezkaritza eta alor ugaritako gizarte eragile eta adituak biltzen ditu, guztira 50 kide inguru.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Martinez de Luna