Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Ana Oregi: «Jasangarriak izateko hezkuntzak planetaren kontserbazioa bermatuko du»

2016.eko urtarrilak 24
  • Urtarrilaren 26a, Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna
  • Euskal Ingurugelak planetaren kontserbaziorako prestakuntzaren nazioarteko adibideak dira
  • «Klima-aldaketa, flora eta faunaren suntsipena, ura, pobrezia edo gatazkak gizateriak oraindik konpondu ez dituen gaiak dira.»

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik uste du «pertsonok, ekosistemaren zati garen heinean, era jasangarrian bizitzen ikasi behar dugula, izaki bizidunak errespetatuz, baliabideak agortu gabe eta gure planeta suntsitu gabe, bertatik lortuko baititugu airea, ura, elikagaiak eta energia.» Urtarrilaren 26an, asteartean, Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna ospatuko da tokiko eta mundu-mailako ingurumen-problematika identifikatzeko eta, horren harira, Oregik uste du beharrezkoa dela «herritarretan kontzientzia sortzea, ingurumena kontserbatzen eta babesten inplika daitezen.»

 

Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Eguna, 1972an, Stockholmen sortu zen ingurumenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian egin zen deklaraziotik abiatuta. Bertan, ingurumena zaintzeak zuen garrantzia eztabaidatu zen eta adierazi zen printzipio komun batzuk jarri behar zirela gizartearentzat inspirazioa eta gida izan zitezen ingurunea zaintzeari zein hobetzeari dagokionez.

 

«Euskadi aitzindaria izan da Ingurumen Hezkuntza sustatzen, etorkizun jasangarriagorantz jotzeko tresna baita.» Orain dela 26 urte INGURUGELAK sortu ziren, hau da, ikastetxeentzako Ingurumen Hezkuntzari buruzko zerbitzu aitzindari bat, eta nazioartean aitorpena jaso du eta Nazio Batuek saritu egin dute. Bestalde, lau interpretazio-zentrorekin sare bat garatu da eta horiei esker herritarrak beren ingurunea babestearekiko sentsibilizatzen dira, bere kudeaketaren partaideak izateaz gain», gogorarazi du Ana Oregik.

 

Ana Oregi sailburuaren ustez, «egindako lana eguneratzen jarraitu behar da, baita planifikatzen ere, lortutakoari jarraipena emateko; horregatik, Eusko Jaurlaritza egindakoari buruzko diagnostiko bat ari da egiten eta lortuko diren ondorioen arabera, 2030erako jasangarritasunerako Hezkuntza Estrategia diseinatuko da. Prozesu honetan, ezinbestekoa da inplikatuta dauden eragile guztien partaidetza.

 

«Ingurumen-hezkuntzak eboluzionatu egin du jasangarritasunerako eta ekosistemako zati diren pertsonentzako hezkuntza baterantz, modu jasangarrian bizitzen ikasi behar dugu: izaki bizidunak errespetatuz, baliabideak agortu gabe, gure etxea suntsitu gabe, bertatik lortzen baititugu airea, ura, elikagaiak edo energia.» adierazi du Ana Oregik. 

 

Ana Oregiren arabera, «horixe gogorarazi du Nazio Batuak erakundeak Parisko klimaren gailurrean: planeta bakarra dugu eta agortzen ari da gure kontsumo-ohiturez abusatu egiten dugulako. Gu bezain aberatsak ez diren herrialdeei eta etorkizuneko belaunaldiei ere beren premiak aseko dituztela bermatu behar zaie.»

 

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako jasangarritasunerako eta Ingurugelak prestakuntzaren hezkuntza-arduradun Angélica San Martínek adierazi du asteartean, hilaren 26an, ospatuko den Ingurumen Hezkuntzaren Mundu Egunak funtzio dibulgatzaile garrantzitsua duela; izan ere, «gure lanean ilusioz eta gogoz jarduten dugun arren, gure planeta arriskuan dago. Klima-aldaketa, flora eta faunaren suntsipena, ura, pobrezia edo gatazkak oraindik konpondu ez ditugun gaiak dira.»

 

Federico Mayor Zaragozak Eusko Jaurlaritzak Bilbon egin zuen ekitaldi batean duela egun batzuk hau gogorarazi zuen: «premiazkoa da neurriak garaiz hartzea, Lurraren bizigarritasuna eta gizaki gehienen bizi-baldintzak ez daitezen etengabe hondatu, libreak izateko hezi behar da, jarduteko ordua da.»

 

«Aurreratu bada ere, erronka berriak azpimarratzen jarraitu behar da. Horrela, oso noizbehinka bada ere, positiboa da ospakizun hau kontuan izatea eta ekitaldi bereziak egitea, gure gizartearen egunerokoa izan behar duena indartzeko», adierazi du Ana Oregik.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Angelica San Martín