Berriak Segurtasuna
Eu

Parez Parek 2016ko jardunaldien zikloa ireki du, Zigor Kodeko lege-erreformak aztertuz

2016.eko urtarrilak 21
Hirurehundik gora lagunek parte hartu dute lehenengo saioan, gaur goizean, Arkauten
 
Zigor Kodeko lege-erreformak izan dira, gaur, eztabaidagai eta aztergai, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Arkauten antolatutako hirugarren Parez Pare jardunaldietako lehenengo saioan. Lehenengo topaketa horretara hirurehundik gora lagun joan dira, ertzainak, udaltzainak eta Arkauteko eta unibertsitateko ikasleak kontuan hartuta. 2015ean, milatik gora lagun joan ziren ikasturte osoan euskal segurtasun publikoarekin lotutako gaiak lantzeko programatutako hamaika hitzaldi eta mahai-inguruetara.
 
Hirurehundik gora lagunek (horietako berrehun Ertzaintzako agenteak eta beste hirurogeita hamabost EAEko hainbat udaltzaingotakoak) parte hartu dute, gaur goizean, Arkauten, 2016ko Parez Pare konferentzia-zikloaren hasierako ekitaldian, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena buru zela.

Gaurko jardunaldia –«Lege-erreformak eta horien eragina polizia-arloan: zigor-, prozesu- eta biktimologia-gaiak»– Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuestaren hitzaldiarekin hasi da. Zigor Kodearen erreformaren ondorengo polizia-jarduerari eta delitu-figura berriei buruzkoa izan da, hain zuzen. Jarraian, Auzitegi Goreneko epaile Joaquín Giménezek polizia-jardueran eragina duten zigor moten aldaketak azaldu ditu.

Gipuzkoako Bitartekaritza eta Ingurumeneko fiskal Marta Sánchezek Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketa eta polizia-jarduera izan ditu mintzagai; Euskal Biktimologia Sozietateko presidente Gema Varonak, berriz, Biktimaren Estatutu Berriak polizian izango dituen ondorioak azaldu ditu.

Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Prestakuntzako diputatu Miguel Alonso Belza aritu da moderatzaile hitzaldietan eta mahai-inguruan.

Hurrengo jardunaldiak

Bigarren saioa otsailaren 11n egingo dute, eta Zigor Kodearen aldaketa eta Herritarren Segurtasuna Bermatzeari buruzko Lege Organikoa izango dituzte hizketagai.

Islamismo erradikalaren fenomenoak ere izango du lekua Parez Pare jardunaldien aurtengo edizioan. Izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaiari buruzko mintegia egingo du otsailaren 23an, 24an eta 25ean.

Gizakien salerosketa, adinekoen kontrako tratu txarrak, errefuxiatuen fenomenoa segurtasunaren eta larrialdien esparrutik, adingabeen kontrako sexu-abusuak, hondamendien biktimak eta suteen ikerketa dira jardunaldietan segurtasun publikoaren ikuspuntutik landuko dituzten gaietako sei.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenaren ustez, «Parez Pare jardunaldiak aztertutako gaietan, guztiak ere segurtasun publikoaren euskal sistemarekin lotuak, lanean ari diren eragile nagusientzako foro irekia dira, eta arazoei aurre egiteko modu onenak azaltzeko eta esperientzien trukea sustatzeko helburua dute».

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2016.eko urtarrilak 21

    Comentario de Twitter:
    Parez Pare abre el ciclo de jornadas 2016 con el análisis de las reformas legislativas del Código Penal... https://t.co/OYPHbqOdzi

Komunikabideek behera kargatzeko