Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Orbea enpresa bizikleta-fabrikatzailearen 175. urtemugan izan da

2016.eko urtarrilak 21

Urkullu: «Ziklismoaren balioak –ahalegina eta talde lana- eredugarri ditugu pairatu dugun krisialdi luze eta sakon hau gainditzeko»

Iñigo Urkullu lehendakaria gaur Orbea enpresa bizikleta-fabrikatzailearen 175. urtemuga ospatzeko egin den ekitaldiaren buru izan da. Orbea enpresa Mondragon taldearen (MCC) barruan dago. Lehendakariak adierazi du Orbea «erreferentziazko» enpresa dela Euskadin, giza kapitalaren eta hobekuntza etengabearen alde egindako apustuagatik eta merkatu globalera ireki delako. Zerbaitegatik dago 55 herrialdetan.

Orbearen Mallabiako (Bizkaia) fabrikaren instalazioetan egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Arantxa Tapia, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua, Ángel Toña. Ospakizunera bertaratu dira, halaber, jarduneko txirrindulari eta txirrindulari ohi batzuk: Perico Delgado, Marino Lejarreta eta Samuel Sánchez, kasu.

Lehendakariak berriz adierazi du Eusko Jaurlaritzak konpromiso osoa duela «erakundeen egonkortasunarekiko eta lankidetza publiko-pribatuarekiko». Urkulluk gogorarazi duenez, Euskadin berriz ere enplegua sortzen itxi zen 2015 urtea, eta 2016an ekonomiak hazten jarraituko duela aurreikustera daramaten datuekin. Beraz, uste osoa du lanean batera arituz gero aukera berriak sortzen jarraituko dela, batez ere gazteenei begira. «Ziklismoaren balioak –hau da, ahalegina eta talde lana– eredugarri ditugu; pedalei eragiten jarraitu behar dugu, batera jarraitu ere, pairatu dugun krisialdi luze eta sakon hau gainditzeko» baieztatu du, enpresaren jardun-esparruko kirolarekin paralelismo bat eginez.

Orbearen Mallabiako instalazioan 180 langilek dihardu. Kooperatibaren fabrika nagusia da. Enpresak badu bigarren fabrika bat ere, Portugalen, eta 50 langile aritzen da han. Orobat, filialak ditu Frantzian, Estatu Batuetan, Italian, Ingalaterran, Belgikan, Alemanian, Australian eta Portugalen, eta munduko hainbat herrialdetan ditu inportatzaileak; haien bitartez, 55 merkatutara iristea eta urtean batez bestez 200.000 bizikleta saltzea lortzen du, % 65etik gorako esportazio-ehunekoarekin.

Gaur egun, armagintzan hasi zen euskal enpresa hori mundu mailan erreferentzia da errepideko, mendiko eta paseoko bizikletak egiten.  

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2016.eko urtarrilak 24

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari asiste al 175 aniversario de la empresa fabricante de bicicletas Orbea https://t.co/192ppod7Zt

  • @PNV_Indautxu
    2016.eko urtarrilak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: @IUrkullu lehendakaria Orbea enpresa bizikleta-fabrikatzailearen 175. urtemugan izan da ➡ https://t.co/JYqqmycmKb

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)