Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Turismoko Mundu Erakundeari (TME) Turismo Jasangarriaren Gutuna ematea eta DSS2016 kultur hiriburutzaren aurkezpena, gaur FITUR 2016 azokan

2016.eko urtarrilak 21

Bigarren jarduera-eguna Euskadiren standean: #BIZKAIA4ALL, Bilbao-Bizkaia ekimenaren turismo-egitarau irisgarriak, aurkeztuko dituzte

Euskadiren FITUReko standean ekitaldi garrantzitsuak egingo dira gaur goizeko 11:00etatik aurrera; ordu horretan, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Itziar Epalzak, formalki emango dio lehendakariaren izenean, TMEaren Europako zuzendari Isabel Garañari. Gutuna azaroan Gasteizen egindako ST+20 Mundu Gailurraren azken emaitza da.

Euskadik berean hartu zuen mundu mailako elkargune hura, helmuga turistiko jasangarri gisa ziurtatzeko konpromisoaren buruan baita. Unescok eta TMEak babestutako ziurtagiria lortzea da jomuga. Apustu hori Euskal Turismoaren 2020rako Plan Estrategikoaren barruan kokatzekoa da; hau da, jasangarritasunak helmuga lehiakorrago bihurtzen laguntzen duen uste osoaren barruan.

Turismo Jasangarriko Mundu Gailurrean –Gasteizen egin zen, 2015eko azaroaren 26 eta 27an–, Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna onartu zen, aho batez onartu ere, eta Iñigo Urkullu lehendakariak Turismo Jasangarriaren Mundu Gutuna +20 aldarrikatu zuen. Dokumentu horrek, hain zuzen, Turismo Jasangarriaren Lehen Mundu Gutunaren birformulazioa jasotzen du, bai eta Nazio Batuen 2015eko iraileko Garapen Jasangarriko Mundu Gailurrean finkatutako Garapen Jasangarriko 17 helburuak ere. Aukera bikaina da turismoa argi eta garbi bide integratzaile eta jasangarrietara bideratzeko.

Gutunak hainbat premia jorratzen ditu: ondare komunari eutsi eta bake-kultura sustatzekoa; turismoaren eta biodibertsitatearen arteko batasuna sendotzekoa; turismoaren industria berriz zehaztekoa, klima-aldaketa aurkatzeko; tokiko komunitateen parte-hartzea sustatzekoa; eta turismoaren berrikuntza eta ikuspegi adimenduna lantzekoa.

Gutunak helmugen eta turismo-industriaren berezko kalitateari eutsi beharra aldarrikatzen du halaber, eta bidaiaria gogobetetzeko ahalmenaren eta turismorako hautabideak sustatzeko premiaren inguruan dihardu orobat. Azkenik, Turismo Jasangarriko Mundu Gutunean zehaztutako printzipio eta gomendioak praktikara eramaten laguntzeko ekintzak susta dezatela eskatzen zaie turismo-jarduerarekin zerikusia duten agintariei eta elkarteei, bai eta hala dagokionean biltzar berri bat deitu dezatela ere, lortutako helburuak ebaluatzeko eta itunak berritzeko.

Goizean ere, #BIZKAIA4ALL ekimenaren aurkezpena egingo dute: Bilbao-Bizkaiak prestatutako egitarau turistiko irisgarriak dira, hain zuzen.

Era berean, gaur goizean SICTED sariak jasoko dituzten enpresen laguntza-lana egingo du euskal ordezkaritzak, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak Turespañako standean parte hartuta.

Arratsaldean, Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren aurkezpena egingo dute Euskadiren standean, eta hantxe izango da Donostiako alkate Eneko Goia.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Isabel Garaña