Berriak Segurtasuna
Eu

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatzen dituen 2016ko Parez Pare jardunaldietako lehengo bietan, Zigor Kodearen polizia-arloarekin lotutako lege-aldaketak eta horien ondorioak landuko dituzte

2016.eko urtarrilak 20

Lehenengo saioa datorren ostegunean, urtarrilak 21, egingo dute Arkauten

Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatzen dituen Parez Pare jardunaldien hirugarren edizioko lehen bi saioetan, delitu-figura berriak eta orain artekoen doikuntza, Zigor Kodearen moldaketen eta aldaketen arabera, eztabaidatuko eta aztertuko dituzte. 2015eko jardunaldietan, hamaika hitzaldi eta mahai-inguruetan, Euskadiko segurtasun publikoarekin lotutako gaiak landu zituzten.

Edizio berriko inaugurazio saioa datorren ostegunean, urtarrilak 21, egingo dute, «Lege-erreformak eta horien eragina polizia-arloan: zigor-, prozesu- eta biktimologia-gaiak» izenburupean. Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendari José Luis de la Cuesta arduratuko da lehen hitzaldia emateaz: polizia-jarduera eta delitu-figura berriak Zigor Kodearen erreformaren ondoren. Hitzaldi horren ostean, Auzitegi Goreneko epaile Joaquín Giménezek polizia-jardueran eragina duten zigor moten aldaketak azalduko ditu.

Bestalde, Gipuzkoako Bitartekaritza eta Ingurumeneko fiskal Marta Sánchez Prozedura Kriminalaren Legearen aldaketaz eta polizia-jardueraz mintzatuko da eta Biktimologiaren Euskal Sozietateko presidente Gema Varonak Biktimaren Estatutu Berriak poliziarengan izango dituen ondorioak azalduko ditu.

Gipuzkoako Abokatu Elkargoko Prestakuntzako diputatu Miguel Alonso Belza arituko da moderatzaile hitzaldi eta mahai-inguruan.

Bigarren saioa otsailaren 11n egingo dute, eta Zigor Kodearen aldaketa eta Herritarren Segurtasuna Bermatzeari buruzko Lege Organikoa izango dituzte hizketagai.

Islamismo erradikalaren fenomenoak ere izango du lekua Parez Pare jardunaldien aurtengo edizioan. Izan ere, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaiari buruzko mintegia egingo du otsailaren 23an, 24an eta 25ean.

Gizakien salerosketa, adinekoei emandako tratu txarrak, errefuxiatuak, segurtasuna eta larrialdiak, adingabeen sexu-abusuak, hondamendien biktimak eta suteen ikerketak segurtasun publikoaren ikuspuntutik landuko dituzte.

«Parez Pare jardunaldiak aztertutako gaietan, guztiak segurtasun publikoaren Euskadiko sistemarekin lotuak, lanean ari diren eragileentzako foro irekia dira, eta arazoei aurre egiteko modu onenak azaltzeko eta esperientzien trukea sustatzeko helburua dute», azaldu du Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko