Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Merkataritza Behatokiaren norabidea aldatu du

2010.eko irailak 07

Ikusmerrek joerak aztertuko ditu, lan-ildoak ezartzeko eztabaida-mahaiak osatuko ditu, eta erreferentziazko informazio-iturria izango da sektorearentzat

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak apustu irmoa egin du tresna horren alde, eta aurten 221.000 euroko inbertsioa egingo du behatokiari edukia emateko.

Ikusmer Euskadiko Merkataritza Behatokiak etapa berri bat hasi du. 2008an abian jarri zen tresna hori berriz ere definitu da, etorkizuneko joerak aztertzeko eta Euskadiko merkataritza-sektorearen erreferentziazko informazio-iturri bihurtzeko. Gaur goizean, Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrilla andreak eta Merkataritzako zuzendari Maite Valmasedak Behatokiaren orientazio berria aurkeztu dute. 2010ean, Ikusmerrek lanerako plan bat prestatu du, eta, horri jarraiki, sektorearen iraganeko datu eta jardunak ikuskatzeaz gain, etorkizunari begira merkataritza nondik nora dabilen aztertuko du; horixe izango da berritasun nagusia.

Besteak beste, Euskadiko Merkataritza Behatokiak barometro bat sortuko du, kontsumitzaileen eskarien berri izateko. Aurten inkesta bat egingo die Euskadiko 1.800 kontsumitzaileri, ondorengo urteetan ekimen horri jarraipena emateko asmoarekin.

Etorkizuneko joerak ere aztertuko dituzte Ikusmerreko kideek. Zehazkiago, kate handiek zein merkatari txikiek abian jarritako esperientzien bilakaera aztertuko dute, merkataritza elektronikoari dagokionez, esaterako. Sektorean eragina izan dezaketen joera sozial eta demografikoak ere aztertu nahi dituzte, hala nola biztanleria zahartzea, immigrazioa edo familia-unitateen aldaketak.

Merkataritza sustatu eta bultzatzeko kanpainak herritarrengana nola iristen diren aztertu nahi dute, besteak beste.

Gainera, berariazko txosten bat landuko dute, sektoreak finantziazioaren alorrean dituen premiei buruzkoa eta laguntza publikoen balioespenari buruzkoa.

Aurten, Ikusmerrek Europako eta Espainiako beste hainbat behatokiren esperientzia aztertuko du, eta, horren ildotik, beste autonomia-erkidego batzuetan antzeko ezaugarriekin jarduten duten sei zentroren sarea osatzen ahaleginduko da, baterako zenbait lan abian jartzeko. Eustat Euskal Estatistika Erakundearekiko harreman estua izango du Ikusmerrek.

Behatokiaren orientazio berriaren alderdi garrantzitsuenetako baten haritik, sektorearen diagnostikoa egiteko zenbait mahai osatuko dira, eta zenbait eztabaida-foro ere antolatuko dira, Euskadiko merkataritzarekin zerikusia duten agente guztien parte-hartzearekin. Sektoreak etorkizunari begira dituen erronka, arazo eta konponbideak aztertuko dira eremu horretan.

Ikusmerrek, halaber, euskal merkataritzaren urteko barometroaren jarraipena egingo du, eta orain artean egin dituen beste zenbait jarduni eutsiko die, hala nola konfiantzazko adierazleari, kudeaketa hobetzeko datuei, genero-gaiei eta beste zenbait gai interesgarriri. Eta, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jaunak aurten aurkeztu duen Euskal Merkataritza Egokitzeko Plana betez, Eusko Legebiltzarrari emango dio sektoreko adierazleen bilakaeraren berri.

Orain artean hitzarmen pribatu baten bitartez kudeatu dute Ikusmer, Eusko Jaurlaritzaren 390.000 euroko ekarpen batekin. Aurten eredua aldatu da, lehiaketa publikoa egin delako: sei enpresak erantzun diote deialdi horri. 2010ean, Quor enpresari esleitu zaio zerbitzua, 221.000 euroko zenbatekoarekin. Hala, "gutxiagorekin gehiago egiteko aukera izango da", Bernabé Unda sailburuak ezarritako helburuarekin bat etorriz.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla (Merkataritza eta Turismoko sailburuordea )