Berriak
Eu

Onartu da 2015-2021 Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoa

2016.eko urtarrilak 19

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoa urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bitartez onartu da, Estatuko beste demarkazio hidrografikoetako Plan Hidrologikoekin batera.

Uraren kudeaketa egokia lortze aldera, plan hidrologikoak ezinbesteko erremintak dira; izan ere, uztartu egiten ditu ingurune urtarraren ingurumen-helburuak, ur-eskaerak asetzea, eta uholde arriskua ahalik eta hoberen kudeatzea. Hartara, onartu berri den plan horrek aipatutako helburu horiek lortzeko kudeaketarako neurriak eta egin beharreko inbertsioak zehazten ditu datozen 6 urteetarako: denek ala denek ekosistema urtarren babesa eta urren erabilera eraginkor zein jasangarria lortzea dute xede.

Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoa Uraren Euskal Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak idatzi dute elkarrekin. Izan ere demarkazioak bi eskumen-eremu ditu; bata Euskadiko Erkidego Autonomikoari dagokiona; bestea, Estatuari dagokiona.

Plan Hidrologiko horrek oinarri argi batzuk ditu. Besteak beste, uren egoeraren diagnostiko sakona egiten du; gaur egun erabili daitezkeen ur-baliabideak ebaluatzen ditu; baita etorkizuneko hainbat epetan zein ur-baliabide aurreikusten den zehazten da (klima-aldaketaren aurreikuspenak aintzat hartuta); eta, azkenik, ur-eskaerak etorkizunean nolakoak izango diren aurreikusten ditu.

Azalpen-memoria batez gain, Planak Demarkazioko ur-kudeaketa egokia ahalbidetu behar duen Araudia dakar; eta baita planaren helburuak lortzeko erakundeek egin beharreko Neurrien Programa ere. Neurri horiek guztiek 850€ko inbertsioa beharko dute 2016-2021 urteetan: horietako % 58 ingurumen-helburuak lortzeko neurriak dira; %24 ur-eskaera hobe asetzeko neurriak; %16 uholde arriskugarritasunari aurre egiteko neurriak; eta azkeneko %2, gobernamendua eta ezagutza hobetzeko neurriei dagokio.

Plan horren edukirik nabarmenenak honako hauek dira: Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plan berriak koordinatu eta uztartzen ditu, bien ala bien helburuak bat egin eta lortze aldera. Era berean, Natura 2000 Sareko helburu eta kudeaketarako erremintak txertatu egiten ditu Plangintza Hidrologikoan. Azkenik, ur-masen kaltetzea ekiditeko, plangintzaren lehen zikloan ezarritako gidalerroak egonkortu dira; batik bat, isurketa-baimenen baldintzak indartzea, ur-masak erasan morfologikoak izatea saihestea, eta emari ekologikoen erregimena mantentzea.

Plan Hidrologikoaren publikazioa tramitazioaren azken urratsa da. Tramitazio horretan, berebiziko garrantzia izan du ingurune urtarraren kudeaketan zer esanik duten eragileen parte hartzeak, lankidetzak eta  kontsulta publikoak. Horri esker, plana ezagutzera eman izan den kide anitzeko organoetan, oro har, adostasuna izan da nagusi. Azkenik, azpimarratzekoa da Nafarroako Gobernuak parte hartze garrantzitsu bat izan duela agirion lantze eta eztabaidatzean.

Ikusi agiriak

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)