Berriak
Eu

Droga-mendetasunenarloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko Legea aldatzeko proiektua onartu du Jaurlaritzak

2010.eko irailak 07

Lege berri horri esker Euskadi herritarren osasuna modu aktiboan zaintzen duten erkidegoen eta herrialdeen abangordian egongo da

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak droga-mendetasunen arloko aurrezaintza, laguntza eta gizarteratzeari buruzko 18/1998 Legea aldatzeko proiektua onartu du, tabakoaren kontsumoarekin lotutako gai orori dagokionez. Aldaketaren funtsezko elementua -Droga-mendetasunei buruzko Legeari eragiten dion hirugarrena- erabilera publikoko gune itxi guztietan eta lokal itxi batetik kanpo dauden eremu guztietan, hots, azaleraren % 50 baino gehiago sabaiez edo hormez estalita dauden eta aire-korronte handia ahalbidetzen ez duten eremu guztietan erretzea debekatzea da. Aldaketa horrek tabakoaren alorreko antolamenduaren egiturazko elementuei ere eragiten die, hau da, tabakoaren publizitateari eta sustapenari, salmentari eta hornidurari, kontsumoari eta zehapen-erregimenari.

Tabakoaren alorreko Ikuskapena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateei (Ertzaintza eta Udaltzaingoa) dagokie, eta unitate horiek beren ohiko eginkizunez gain honako eginkizun hauek beteko dituzte: ikuskapena eta tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokionez Legean azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartuko ditu zehapen-izapide guztiak legea betearazteko. Era berean, Legea ez betetzeagatik jartzen diren zehapenen ondorioz biltzen den diru guztia droga-mendetasunen aurrezaintzarako estrategiak garatzeko erabiliko da.

Legea aldatuz Jaurlaritzak lortu nahi duen helburua zera da, herritar guztien osasuna babestea, bereziki ostalaritzako profesionalena eta leku horiek partekatzen dituzten adingabeena. Eta pertsuasioz eta konbentzimenduz egin nahi du, gainera. Jaurlaritzak ez ditu eskubideak mugatu nahi, ezta ohitura pribatuetan sartu ere, baizik eta modu positiboan jardun nahi du, tabakoaren ohiturarekin jarraitzea erabaki dutenek ez urratzeko gainerako herritarren eskubideak eta osasuna.

Lege berri horri esker Euskadi herritarren osasuna modu aktiboan zaintzen duten erkidegoen eta herrialdeen abangoardian egongo da, hau da, gune publikoak benetako topagune izango diren eta tabakoa dela medio inor kaleratzen ez duten herrialdea izango da Euskadi.

Gizarteari entzutea

Aurreproiektua egiteko, euskal gizarteak esateko duena entzun du Jaurlaritzak. Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak batzorde tekniko bat izan du, espresuki sorturikoa tartean sartutako eragile guztien presentzia eta aholkularitza errazteko. Batzorde horretan gai honen inguruan interesa duten elkarteek hartu dute parte, hala nola ostalaritza-enpresaburuak biltzen dituzten elkarteek edo publizitatearen eta banaketaren ordezkariek, baita Tabakismoaren prebentziorako Euskal Herriko Sozietatearen ordezkariek ere.

Era berean, proiektua CCOO, UGT, ELA eta LAB sindikatuei eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorra osatzen duten sail guztiei bidali zaie, baita Osalani ere, proposamenak egin ditzaten. Era berean, ekimenaren eremuan eskumenak dituzten administrazioei ere egin zaie kontsulta, Foru Aldundiei, Udalei eta Eudeli, esate baterako

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak uztailaren 12tik 14ra bitarte 1.200 herritarri egin zien inkestan egiaztatzen da inkestatutako % 61 erretzea debekatzearen alde zegoela.

% 53k esan zuen erabat ados zegoela jatetxeetan erretzea debekatzearekin; % 16k "ados samar zegoela" eta soilik % 15ek aitortu zuen guztiz kontra zegoela.  Era berean, inkestatuen % 45ek adierazi zuen ados zegoela tabernetan, kafetegietan, pubetan eta diskoteketan erretzeko debekuarekin; % 16k adierazi zuen "ados samar zegoela" eta % 19 aurka zegoen.

Ehuneko horiek are nabarmenagoak izan ziren lantokietan "tabakoari gerra" egiteari buruz zuten iritzia galdetu zitzaienean. % 67k esan zuen guztiz ados zegoela; % 14k ados samar zegoela adierazi zuen eta soilik % 7 zegoen debekatzearen aurka.

Erretzeko debekua:

Oro har, debekatuta dago erretzea erabilera publikoko gune itxi guztietan, eta lokal itxi baten kanpoaldean kokatuta eta azaleraren % 50 baino gehiagotan teilatu batez edo hormez estalita dauden eta aire-korronte handirik ez duten eremu guztietan.

  • Lantokietan -publiko zein pribatuak-, aire zabaleko guneetan izan ezik.
  • Herri-administrazioen eta zuzenbide publikoko erakundeen zentroetan eta bulegoetan.
  • Osasun- etxe, zerbitzu eta establezimenduetan, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere.
  • Ikastetxeetan eta prestakuntza-etxeetan, ikasleen adina eta irakaskuntza mota alde batera utzita, baita erantsitako eremu itxi, erdi itxi eta aire zabalekoetan ere.
  • Kirol-instalazioetan eta ikuskizun publikoak egiteko erabiltzen diren lekuetan, aire zabalekoetan izan ezik.
  • 18 urtetik beherako aisialdi-, olgeta- eta ikuskizun-arloetan, baita aire zabalekoetan ere, haur-parkeetan bereziki.
  • Jendea zuzenean artatzeko eremuetan.
  • Merkataritza-guneetan -azalera handiak eta galeriak barne-, aire zabaleko guneetan izan ezik. Tabernetan, jatetxeetan eta horien barruan kokatutako ostalaritzako eta sukaldaritzako gainerako establezimenduetan, eta gainerako dependentzietatik aparte daudenean, ezin izango da erre.
  • Hoteletan, ostatuetan eta antzeko establezimenduetan, aire zabalekoetan izan ezik.
  • Tabernetan, jatetxeetan eta sukaldaritzako gainerako establezimenduetan, itxiak edo erdi itxiak direla ere.
  • Aisialdi- edo olgeta-etxeetan, aire zabalekoetan izan ezik.
  • Gizarte-laguntzako zentro, ostatu eta bestelako establezimenduetan, aire zabalekoetan izan ezik.
  • Kultura-etxeetan, irakurketa-aretoetan, erakusketa-aretoetan, liburutegietan, hitzaldietarako aretoetan eta museoetan.
  • Antzokietan, zinema-aretoetan eta gune itxietan edo erdi itxietan egiten diren ikuskizun publikoko beste batzuetan.
  • Dantzalekuetan, joko-establezimenduetan edo erabilera publikoko aretoetan, aire zabalekoetan izan ezik.
  • Jakiak egiteko, eraldatzeko, prestatzeko, dastatzeko edo saltzeko arloetan edo establezimenduetan.
  • Igogailuetan eta jasogailuetan.
  • Telefono-kabinetan, leku itxietako kutxazain automatikoetan eta beste leku txiki itxi edo erdi itxietan. Esparru txikitzat jotzen da bost metro karratukoa baino txikiagoa dena.
  • Autobus-geltokietan, erabat aire zabalean dauden guneetan izan ezik, hiri-barruko eta hirien arteko garraio kolektiborako ibilgailuetan edo garraiobideetan, enpresako garraio-ibilgailuetan, taxietan, anbulantzietan, funikularretan, teleferikoetan eta antzekoetan.
  • Edozein motatako garraiobide pribatutan, barruan adingabekoak daudenean.
  • Hiri azpiko garraioko gune guztietan (bagoi, anden, korridore, eskailera, geltoki, eta abar), erabat aire zabalean daudenetan izan ezik.
  • Geltokietan eta trenbide- zein itsas- garraiobideetan (aire zabaleko guneetan izan ezik).
  • Aireportuetan, aire zabaleko guneetan izan ezik
  • Gasolindegietan eta antzekoetan.
  • Beste edozein lekutan, baldin eta erretzea debekatzen bada lege honek edo beste edozein arauk aginduta edo titularraren erabakiz.

Salbuespen gisa, erretzaileentzako guneak gaitu ahal izango dira, osasun-arrazoiak edo zehapenak betetzeko arrazoiak direla medio, zenbait gune itxitan egon behar duten pertsonentzat, betiere Droga Gaietako Zuzendaritzari baimena eskatzen badiote.

Zehatzeko eta ikuskatzeko eskumenak

Honako hauei dagokie tabakoaren arloko ikuskapena egitea:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren menpeko ikuskapen-unitateek beren ohiko ikuskapen eginkizunez gain honako hau gauzatu beharko dute: tabakoaren sustapenari, publizitateari, salmentari eta kontsumoari dagokionez lege honetan azaltzen diren aurreikuspenak betetzen ote diren zaintzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko polizia, Ertzaintza nahiz Udaltzaingoa halakotzat hartuta.

Honako hauei dagokie zehatzeko eskumena tabakoaren arloan:

  • Droga-mendetasunen alorrean eskumena duen sailaren Lurralde Ordezkariei arau-hauste arinak ez betetzeagatik zehatu behar direnean:
    • Tabakoa saltzeko baimena duten establezimenduetan eta tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoen lekuetan kartelik ez izatea.
    • Ohar sanitariorik ez izatea tabakoa saltzeko makinetan
    • Adingabeek tabakoa saltzea
    • Debekatuta dagoen lekuetan erretzea eta erretzeko baimena ematea

 

  • Droga Gaietako Zuzendaritzari arau-hauste larriengatik:
    • Geruza naturalik gabeko tabako-gaiak merkaturatzea, saltzea eta banatzea, banaka edo 20 ale baino gutxiagoko paketetan.
    • Merkataritza-jarduera bat gauzatzean tabako-laginak ematea, hornitzea edo banatzea eta tabakoa deskontuarekin saltzea.
    • Tabakoa saltzeko makinen erabilerari, kokapenari, ezaugarriei, erregistroari eta abarri dagokion oro.
    • Adingabeei tabakoa saltzea
    • Tabakoa saltzea zuzeneko salmenta pertsonalaren bidez edo makinak saltzeko makinen bidez ez den beste metodo baten bitartez.

 

  • Jaurlaritzaren Kontseiluari arau-hauste oso larriengatik:
    • Tabakoaren arloko publizitatearekin eta sustapenarekin lotuta dagoen oro.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2010-09-07)

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010-09-07n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • @randrom
    2010.eko irailak 08

    Comentario de Twitter:
    El nuevo proyecto de ley antitabaco de Euskadi , a propuesta de la consejería de empleo y asuntos sociales http://bit.ly/9PLygV #csalud

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Idoia Mendia, bozeramailea; Gemma Zabaleta, sailburua