
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 2015ean aurreko urtean izapidetutako enplegu-erregulazioko espedienteen erdia izapidetu zituen
2015ean, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, guztira, 695 enplegu-erregulazioko espediente izapidetu zituen; hau da, 2014an (1.434) baino % 52 gutxiago. Espedienteok 8.108 pertsonari eragin zieten, gehienei aldi baterako etendura-kontratu gisa. Hain zuzen, 5.718 langile egon ziren egoera horretan.
Iaz, etendura-espedienteak 387 izan ziren eta 5.718 pertsonari eragin zieten (-% 53); lan-jardunaldia murriztekoak 262, eta 1.530 pertsonari eragin zieten (-% 52); eta, azkenik, iraungitzekoak 46 izan ziren, 860 pertsonari eraginez (-% 41).
Azaroan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-erregulazioko 75 espediente izapidetu zituen; hau da, aurreko hilabetean baino % 103 gehiago, baina 2014ko abenduan baino % 39 gutxiago. Espedienteek 1.050 langileri eragin zioten: 760ri, aldi baterako kontratu-etete gisa; 227ri, lanaldi-murrizketa moduan, eta 63ri, kontratu-hutsalketagatik.
Izapidetutako 75 espedienteetatik 45 etendura-espedienteek 760 langileri eragin zieten; lanaldia murrizteko 27ek, berriz, 227 langileri, eta hiru amaiera-espedienteek 63 langileri. Abenduan ez da izapidetu erregulazio-espedienterik lehen sektorean, eta beste ekoizpen-sektoreetan aurreko hilen antzeko kopuruetan egon dira: Eraikuntza (% 15,40), Industria (% 39,14) eta Zerbitzuak (% 45,04).
Azkenik, gaur egun 406 etendura- eta murrizketa-espediente daude indarrean guztira, eta 3.563 langile daude horien eraginpean. Aurreko hiletan bezala, Arabako Lautadak, Bilbo Handiak eta Donostialdeak dute kokagune txarrena alderdi horretan.