Berriak
Eu

Lehendakaria Mexikoko Querétaro Estatuko gobernadorearekin bildu da

2016.eko urtarrilak 18

Euskadik eta Queretarok lankidetza-hitzarmena dute 2014tik industriaren, hezkuntzaren eta kulturaren arloan.

Euskadiko 21 enpresa daude ezarrita eskualde horretan, eta lehentasunezkotzat jotzen da nazioartekotzeko euskal estrategian.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Queretaroko Estatuko (Mexiko) gobernadore Francisco Domínguezek bilera egin dute gaur goizean Euskadik Mexikoko estatu horrekin tradizioz eduki dituen harremanak are gehiago sendotzeko. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapiak eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak ere hartu dute parte bilera horretan.

Urkullu lehendakariak Mexikora eginiko bisitan, 2014ko urrian, bi gobernuek sinaturiko hitzarmenean jasotako lankidetza-esparruetan sakondu eta aurrera egin dute Artatza jauregian eginiko bileraren bitartez.

Eusko Jaurlaritzaren Basque Country Nazioartekotzeko Estrategian lehentasunezko eskualdetzat jotzen da Queretaro, estatu horretan baitago Mexikoko euskal inbertsioaren % 15a. Euskadiko 21 enpresa ezarrita daude eskualdean guztira; gehienbat aeronautikaren eta automozioaren sektoreko enpresak dira.

Eusko Jaurlaritzak Queretaroko Estatuarekin sinatutako hitzarmenaren lankidetza-arloetan, hain zuzen, truke ekonomikoa eta enpresen garapena daude jasota, bereziki sektore hauetan: automozioa, aeroespaziala, etxetresna elektrikoak, softwarea eta informazioaren teknologiak, energia berriztagarriak eta makina-erreminta. Horrez gain ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloko lankidetza bultzatzea ere biltzen du aipatutako itunak. 

Etxepare Institutuaren eta Queretaroko Kultura eta Arteen Institutuaren bitartez musikaren, zinemaren, ikus-entzunezko sektorearen zein arte plastikoen esparruetan proiektuak sustatzeko konpromisoak ere ageri dira hitzarmenean.

Queretarok eta Euskadik hezkuntzaren arloko prestakuntza-proiektu komun bat ere badute, orobat, Mondragón-UCO Unibertsitatearen bitartez. Mondragón Educación Internacional (MEI) erakundearen eta Querétaroko Unibertsitate Garaikidearen arteko aliantzaren ondorioz sortu da unibertsitate hori, eta campusa lehendakariak inauguratu zuen Mexikora eginiko bidaian.

Urkullu lehendakariarekin biltzeaz gain, Zamudioko Teknologia Parkea ere bisitatuko du Queretaroko gobernadoreak. Nazioarteko Euskal Partzuergoaren ordezkariekin bilduko da han (Eusko Jaurlaritza, hiru foru-aldundiak eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko merkataritza-ganberak ordezkatuta daude partzuergoan), eta ondoren, baita Hegan Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteko kideekin ere.Euskadira eginiko bisita amaitzeko, Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin ere elkartuko da.

LEHENDAKARIAK BALIZKO GOBERNU-AKORDIOEI ETA ESPETXE-POLITIKARI BURUZ EGINDAKO EBALUAZIOA

Beste kontu batzuei helduta, lehendakariak Madrilgo balizko gobernu-itunak ebaluatu ditu. Azpimarratu duenez, autogobernua errespetatuko eta berori «eguneratzeko eta sakontzeko» konpromisoa hartuko duen gobernu berri bat da desiragarria, izan daitezkeen formulak gorabehera.

Era berean, Segura kasu delakoan auzipetutakoek joan den astean Auzitegi Nazionalean lortutako akordioari dagokionez, Urkulluk uste osoz adierazi du erabaki horrek aldaketa ekarriko duela Eusko Jaurlaritzak presoek espetxe-onurei heltzeko orain arte babestutako estrategian. Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldearen jardunari berriro eta parte hartze handiagoarekin ekiteko nahia ere adierazi du orobat.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PetraZabalgana
    2016.eko urtarrilak 20

    Comentario de Twitter:
    The Lehendakari meets with the Governor of the Mexican State of Querétaro: The Basque Country and Querétaro ha... https://t.co/NEgqcZBd5p

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 18

    Comentario de Twitter:
    [KANPO HARREMANAK] Lehendakaria Mexikoko Querétaro Estatuko gobernadorearekin bildu da ➡ https://t.co/gH3TnmX3Za #BasqueCountry

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)