Berriak Lehendakaritza
Eu

Patxi Lopez: "ETAren agiriak ez du aurrerapauso esanguratsurik"

2010.eko irailak 06

Eusko Jaurlaritza Euskadiren 2011ko Aurrekontuen aurreproiektua lantzeko prozesuan buru-belarri dabil, eta Patxi López lehendakariak sailik "sozialenek" beren baliabideak mantendu edo areagotzea lortzeko ahaleginak egingo dituztela adierazi du. Halaber, "krisialditik ateratzea errazteko bide gisa, berrikuntzaren arloko inbertsioak berriro indartuko ditugu", gehitu du. 

Horixe esan du lehendakariak Radio Euskadin egin duen elkarrizketan eta diru-bilketaren bilakaerari buruz ere mintzatu da. Horren harira, abuztuko datuek zergen diru-sarrerek Gobernuaren eta Aldundien aurreikuspenak gaindituko dituzten argituko dutela azaldu du, eta hala bada, gainerako diru-sarrerak inbertsio produktiboak egiteko erabiliko direla jakinarazi du.

"Eusteko etapa honetatik geure egoera krisitik ateratzeko indartzera igarotzeko erabiliko genituzke diru-sarrera horiek, hau da, lehiakortasuna hobetzeko, iraunkortasuna hobetzeko, I+G+b-n gehiago inbertitzeko", zehaztu du. 

Tabakoaren kontrako legea

Lehendakariak tabakoaren kontrako legeari buruz ere hitz egin du, izan ere, lege-proiektua bihar Gobernu Kontseiluan onetsiko dela aurrez ikusten da. Lege honek "hasieran ukapen etapa bat" igaroko duela, baina herritarrek "gizabidez" jokatuko dutela eta debekatuta dagoen tokietan ez dutela erreko uste du eta "polizia lanak inork ere ez dituela egin beharko" espero du. Nolanahi ere, lehendakariak legea betetzea "kontzientziatu eta ohitzeko kontua" izango dela ohartarazi du. 

Eusko Jaurlaritzak bihar argi berdea emango dio Droga-menpekotasunen Legea aldatzeko proiektuari. Bertan, toki publiko itxi guztietan eta aire libreko eremuetan ere (adibidez, adingabeak dauden kirol instalazio publikoak) erretzeko debekua ezarriko da.

Lan arloko politika aktiboen transferentzia 

Lehendakariak lan arloko politika aktiboen transferentzia "inoiz baino hurbilago" dagoela ziurtatu du eta zenbatekoa "berrikusteko" prest dagoela adierazi du, izan ere, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspena "300 milioi baino pixka bat gehiagokoa" zen arren, EAJrena 450 edo 480raino ere iristen ziren. Hala ere, "muga" Kutxa Bakarraren haustura dela ohartarazi du, ez baitu onartuko. 

Iazko negoziazioaren harira, "igarotakoaren bidez beti ikasten dela" esan ondoren, aurten "transferentzia horren negoziazioan oso aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu eta kontua aurrerapen horiek ez zapuztea da, hau da, aurrera jarraitzea tresna hori behin betiko eskuratu arte, funtsezkoa baita krisi garaian geure esku izatea, Jaurlaritzaren esku, alegia", gehitu du. "Negoziazio hori oso aurreratuta dago eta ondorioz, transferentzia inoiz baino hurbilago dagoela uste dut". 

ETAren iragarpena

Patxi López lehendakariak ETAk igandean "eraso ekintza armatuen" etenaldia iragartzeko bidali duen komunikatuak ez duela "inolako aurrerapen garrantzitsurik" jasotzen adierazi du, "ez baita nahikoa" eta "ez da euskal gizarteak eskatzen duena", hau da, taldea "betiko" desagertzea. 

Lehendakariak "pilota" ETAren "teilatuan" dagoela azpimarratu du. "Eurak dira armak behin betiko uzteko erabakia hartu behar dutenak", erantsi du. Bere ustez, iragarpen honekin talde terroristak "hitzen bidez nahastu nahi gaitu pilota demokraton teilatuan dagoela aditzera emateko, baina hori ez da egia".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Patxi López, lehendakaria