Berriak Herrizaingoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak uste du ETAren iragarpena “ez dela inola ere nahikoa”

2010.eko irailak 05

Aresen ustez, indarkeria aldi baterako etetea “albiste ona da”, baina Herrizaingo Saila eta Ertzaintza “ez daudela etenaldian” ohartarazi du

Rodolfo Aresek, Herrizaingo sailburuak, ETAk “eraso ekintza armaturik” gauzatuko ez duela jakinarazteko egin duen iragarpena “ez dela inola ere nahikoa” azaldu du. Ares gaur arratsaldean Bilbon komunikabideen aurrean agertu da eta alderdi politiko demokratikoei terrorismoaren aurrean batuta egoteko eskatu die, era berean, euskal herritarrei eskatu die iragarpen honek ez ditzala nahastu, “ez baita euskal gizartearen gehiengoak espero zuena”.“Eusko Jaurlaritza, Herrizaingo Saila eta Ertzaintza ez gaude etenaldian”, ohartarazi du.

“Ez da nahikoa eta anbiguoa eta iruzurrezkoa da”. Horiexek izan dira Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, Rodolfo Aresek, ETA talde terroristak “eraso ekintza armaturik” gauzatuko ez duela jakinarazteko egin duen iragarpena baloratzeko erabili dituen hitzak. Aresek iragarpenaren edukia Patxi López lehendakariaren gobernuarentzat “ez dela inola ere nahikoa” azaldu du, izan ere, ez die euskal gizartearen gehiengoaren eskaerei erantzuten, herritarrek taldea desagertzea exijitzen baitute, eta “ezker abertzaleko buruzagiek ETAri egin dizkioten azken eskaerei ere ez die erantzuten”. Terrorismoaren kontrako borrokaren arduradun nagusiak ez dagoela negoziatzeko aukerarik azaldu du eta alderdi politiko demokratikoei terrorismoaren aurrean batuta mantentzeko eta “iragarpen honek ez ditzala nahastu” eskatu die. Zentzu horretan, Aresek Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza ez daudela “etenaldian” azpimarratu du.

Rodolfo Aresek, Herrizaingo sailburuak, Bilboko Trafikoaren Kudeaketa Zentroan agerraldia gauzatu du ETA talde terroristak “eraso ekintza armaturik” gauzatuko ez duela jakinarazteko egin duen iragarpenaren balorazioa egiteko.

Herrizaingo sailburuak “atentatuen etenaldi bat egotea, behin-behineko etenaldia bada ere, berri on bat” dela ziurtatu du, baina jendaurrean gauzatu duen agerraldia aprobetxatu du alderdi demokratiko eta erakunde guztiei dei egiteko eta iragarpenak “ez ditzala nahastu” eta “ETAri ez duela bere helburu bat ere lortuko esateko batuta” mantentzeko eskatu die. Ares dagoeneko politika arloko buruzagi batzuekin harremanetan egon da eta hitz egiteko aukera guztiak “ETAk Barajas aireportuko atentatuan suntsitu” zituela errepikatu du. “Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak behin baino gehiagotan esan dugu ez dagoela elkarrizketarako inolako aukerarik eta jarduera terrorista behin betiko utz dezala exijitzen dugula, eta hori egiten ez duen bitartean, borrokan jarraituko dugu”, azpimarratu du. Horrez gain, Herrizaingo Saila eta Ertzaintza ez daudela “etenaldian” azaldu du eta “kemen eta irmotasun berarekin” jarraituko dutela terrorismoaren kontra lan egiten gehitu du.

Bukatzeko, Rodolfo Aresek ezker abertzaleko buruzagiei “iraganean egin zituzten okerrak aztertzeko” eskatu die. “Ala ETAk ekintza uztea lortzen dute, ala indarkeriatik modu argian eta zalantzarik gabe bereizten dira” azpimarratu du Aresek kazetariek ezker abertzaleak hurrengo udal hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango duen galdetu diotenean. Zentzu horretan, Aresek argitu du “ez direla erakundeak eta alderdiak beren exijentziak aldatu eta malgutu behar dutenak; aitzitik, politikan ari nahi badute, abertzale erradikalak dira aldatu eta erabakiak hartu behar dituztenak”.

 

Iruzkin bat
  • @socialistavasco
    2010.eko irailak 06

    Comentario de Twitter:
    ALTO FUEGO DE ETA.
    Rueda Prensa Consejero del Interior http://fb.me/Fxag4lep

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Rodolfo Ares, sailburua