Eusko Jaurlaritzak ziklo itxiko ekonomiako demostrazio-proiektuak aukeratzeko 2016ko deialdia ireki du
Eusko Jaurlaritzak Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bitartez «ziklo itxiko ekonomiako demostrazio-proiektuen» 2016ko deialdia ireki du proiektu pilotuak eta industria-frogak egin ditzaten laguntzeko, era horretan enpresa-irtenbide eta -aukera berrien teknika-ekonomia-ingurumeneko bideragarritasuna baieztatzeko honako arlo hauetan: bigarren mailako materialak bereizi, bildu edo birziklatzekoan, produktuak berriz erabiltzekoan edota piezak, osagaiak edo ekipoak berriro manufakturatzekoan. Urtarrilaren 29ra arteko epea dago aurretiko ideiak kontrastatzeko aurkez ditzaten.
Deialdia 2016ko martxoaren 11n eskaintzak aurkeztean amaituko da, eta aurretiko fase bat ere badu «ziklo itxiko ekonomiako demostrazio-proiektuen ideiak kontrastatzeko»; urtarrilaren 29an amaituko da fase hori. Ideien kontrastatze hori sistematikoki erabili dute aurreko edizioetan aurkeztutako eskaintzen % 95ek, horri esker enpresek, ideiaren egokitasunari buruzko informazioa eta aholkuak jasotzen dituztenez, ahaleginak optimizatu baititzakete.
Irtenbidea dakarten edo negozio-lerro berria sortzen duten industria-enpresen proposamenek 25.000 € arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute proiektuko, baita kostu hautagarrien % 75arena ere. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, gainera, laguntza ere emango du hautatutako proposamenak merkatuan ahalik eta lasterren eskuragarri egoteko leudekeen oztopoak gaindi ditzaten.
Hona hemen deialdiaren proposamenak balioztatzeko erabiliko dituzten irizpideak: proiektuaren ingurumen-garrantzia, enpresek proiektuaren balio-katean duten parte-hartzea, proposamenaren izaera berritzailea, lan-metodologia, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia eta proiektuaren epea.
2016ko deialdiaren lehentasunak horren 5. artikuluan zehaztuta daude; hondakinen isurpenaren ordezko irtenbideak erakustea, batetik, eta ziklo itxiko ekonomiatik enpresa-aukerak sortzea, bestetik, izango dute oinarri zehazki.
Zabortegian uztearen ordezko birziklatze-irtenbideak lehenetsi egingo dira 2020rako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planaren arabera. Besteak beste, honako hondakin-korronte hauekin eginiko proiektuak nabarmentzen dira: paper-orearen lohiak, hareak eta moldeatzeko hondarrak, erraustegiko eta burdinazko eta burdinazkoa ez den metalurgiako zepa, nahasketa konplexuetako plastikoak, konpositeak, industriako eta merkataritzako ontzi plastikoak, burdinazko eta burdinazkoa ez den metalaren herdoil-azala eta lohiak, Europako Batzordearen Zerrendako «material kritikoak», gaikako bilketaren konpostaren balioa handitzea, indusketako lurrak, erabilitako egurraren ezpalen erabilera berriak eta errekuntzako hautsen balorizazio berriak. Horrez gain, industria- eta enpresa-hondakinak ondoren balorizatzeko kopuru txikitan jatorrian bereizi eta biltzea ere nabarmentzen du 2016ko deialdiak.
Bigarren mailako materialak (ehunak, aleazio-txatarrak, material erregogorrak, burdinazkoak ez diren zepak...) birziklatzeko eta «upcycling»erako aukera berriak erakusteko ez ezik, bigarren mailako materialez produktuak fabrikatzeko ere bultzatuko dira ziklo itxiko ekonomiako enpresa-aukerak 2016ko deialdian (esaterako, hormigoizko aurrefabrikatuak, isolatzaileak, eraikuntza-produktuak, automozioko osagaiak, ontziak edo produktu kimikoak), eta, berritasun modura, piezak, osagaiak, produktuak eta ekipoak berriz erabiltzeko eta berriz manufakturatzeko aukerak sustatzeko honako esparru hauetan, besteak beste: erabileraz kanpoko ibilgailuak (EKI), hondakin elektriko eta elektronikoak (HEE) eta industria-materiala, bateriak, altzariak eta habitata, eraikuntza-egiturak, chemical leasing deritzona edo industria-ontziak.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) batera finantzatuko ditu ziklo itxiko ekonomiako erakuspen-proiektuen laguntza horiek.
-
2016-01-13
Comentario de Twitter:
[♻ GESTIÓN RESIDUOS ♻] Abierta la convocatoria 2016 para seleccionar proyectos de demostración en economía circular➡ https://t.co/giaM47WvqT