Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak berriro inauguratu du Ertzaintzaren Ondarroako polizia etxea, ETAren kontrako borroka nekaezinean jarraitzeko

2009.eko urriak 14

Polizia-etxeak ETAren atentatua jasan zuen 2008ko irailaren 21ean; hamaika ertzain zauri ziren


Lópezek bera izan da polizia-etxe honen bigarren inaugurazio ekitaldiaren buru askatasunaren aldeko talaiatzat jo du polizia-etxe hori, zauritutako ertzainen ausardia azpimarratu du eta ETAren kontra ozen hitz egitera deitu ditu herritarrak.


Duela urtebete inguru ETAren atentatu bat jaso ondoren, Ertzaintzak Ondarroan duen polizia-etxeak berriro ireki ditu ateak. Gaur izan da eraikinaren bigarren inaugurazio ofiziala, izan ere, ETAk 2008ko irailaren 21ean 100 kilo lehergailuz betetako bonba-autoa leherrarazi eta, kalte ugari eragin ez ezik, hamaika ertzain zauritu zituen. Ertzain horiei eskaini die Patxi López lehendakariak egin duen hitzaldiaren zati handi bat eta polizia-etxe horretatik terrorismoaren kontra aritzen diren ertzainen jokabide "ausarta" eta "ohoregarria" aitortu du."Berriro ireki dugu gaur Ertzaintzaren Ondarroako polizia etxea eta udal honetako herritarrekin eta Lea-Artibai osoko herritarrekin ez ezik horiei ematen baitzien zerbitzua-, askatasunarekin ere adierarik zabalenean- egindako zorra kitatu dugu", azaldu du lehendakariak hitzaldiaren hasieran. Hitzaldi horren bitartez, euskal herritarrei eskatu dien "ozen hitz egiteko" ETAren terrorismoaren aurka, izan ere, polizia-etxe horren kontrako atentatua "zentzugabeko erasoa baino gehiago, terroristen pentsamolde ankerra baino gehiago, euskaldunen askatasunaren kontra behar bezala antolatutako erasoa izan zen", azpimarratu du.
Lehendakariak ziurtatu du bere gobernuak "baliabide guztiak" erabiliko dituela Ertzaintzak terrorismoaren kontrako borrokan jarrai dezan eta ez duela onartuko "Ertzaintzaren izena zikintzea". "Ni buru nauen gobernuak borondate sendoa du erabakitasun osoz aritzeko terrorismoaren borrokan eta horretarako Zuzenbide Estatuak eskaintzen dizkigun bitarteko guztiak ezarriko ditugu eta zero tolerantziaren politikari eutsiko diogu. Indarkeria erabiltzen dutenekin ez ezik, terrorismoa justifikatzen eta babesten dutenekin ere", esan du Lópezek. Borroka horretan, Lópezek nabarmendu du Ertzaintzak "funtsezko" egitekoa duela eta Ondarroako eta gainontzeko polizia etxeetatik "nekea bazterrean utzita jarraitu duela borrokatzen". "Euskadin askatasunaren aldeko borrokan talaia berri bat inauguratu dugu eta talaia horretatik egingo dugu aurrera etorkizuna oparoagoa eta bizi kalitate handiagokoa izan dadin", adierazi du.


Ondarroako udalaren kudeaketa batzordeari esker ona

Lehendakariak, halaber, esker ona adierazi die Ondarroako udalaren kudeaketa batzordeko kideei; Felix Arambarri da batzordeburua. "Egoera zail baten udala kudeatzeko agintea hartu zuten hamaika gizon eta emakume kementsu, herritarren beharrei erantzuteko eta herri baten duintasun demokratikoa zaintzeko gure erakundeetan ordezkaritza izan ezin dutenen mehatxuetatik, mehatxugileok ez baitituzte onartzen guztiok onartutako joko arauak, ezta eskubideetako oinarrizkoena: bizitza eskubidea", esan du.

Lehendakariak berriro azaldu du ETAren terrorismoaren kontrako mezuaren "irmotasuna" eta esan du ETAk berriro atentatu ahal badu ere, "badakigu", Eusko Jaurlaritzak borrokan jarraituko duela. "Suntsitzen duten polizia-etxe bakoitzeko, beste modernoago bat eraikiko dugu. Jartzen duten bonba-auto bakoitzeko, atxiloketa gehiago eginez erantzungo dugu. Eraso bakoitzeko, segurtasun gehiago eta demokraten batasun gehiago Euskadin. Terrorista bakar bat kalean dela igarotzen den egun bakoitza, mehatxatutako pertsona bat dagoela igarotzen den egun bakoitza, lur honetan hainbeste irrikatutako askatasuna lortzeko egun bat gutxiago izango da", zehaztu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari