Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Hasi dira Muliate-Hondarribiako 65 boe-ak eraikitzen: proiektu berezia da, kontsumo ia hutseko eraikin bat delako, egurrezko eraikuntza-sistema batez egina

2016.eko urtarrilak 13

Visesak, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren mendeko sozietate publikoak, iragan urtarrilaren 7an ekin zien Hondarribiko babes ofizialeko 65 etxebizitzak gauzatzeko lanei. Etxebizitzak bi bloketan banatuko dira eta enparantza publiko bat jarriko da bien artean, Hondarribiko Muliate 36. eremuaren a.300/2 partzelan. Proiektu bereizgarria eta aitzindaria da EAEn; izan ere, egur kontralaminatuko oholak erabiliko dira egitura-elementu gisa hormetan, barnealdetan, fatxadetan, solairu-egituraketan eta estalkietan, bai eta igogailuaren eta eskaileren zuloan ere. Halaber, energia-kontsumo ia hutseko eraikinak izango direlako ere nabarmentzen da proiektua (A motako energia-egiaztagiria).

Proiektua gauzatzeko, Visesak obra-lizitazioaren baldintza-agirietan sartu zuen modu jasangarrian ekoitzitako egurra erabiltzeko premia (V-038 EAEko etxegintza jasangarriaren gida); horrenbestez, FSC, PSFC edo antzeko basogintza-egiaztagiriak balioetsiko dira, baita egurraren ekoizpen lekuak jasandako inpaktua –eta ondorioz, garraioak eragindakoa– murrizteko neurriak ere.

Sustapena babes ofizialeko salmentako 32 etxebizitzaz eta babes ofizialeko alokairuko 33 etxebizitzaz osatuta dago (guztiak esleituta daude, 2015eko otsailean egindako zozketaren ostean) Eusko Jaurlaritzak alokairuko etxebizitzen parke publikoaren alde egindakoaren seinale. Hogeita hamar etxebizitza berri horietatik 15 Udalari emango zaizkio, lurzoruaren truke. Gainerako 18ak Alokabidek erosi eta kudeatuko ditu; hau da, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren funtzio soziala alokairu-politikaren bidez garatzeko duen sozietatea.

Sustapenaren ezaugarriei dagokienez, etxebizitzak pertsona guztien beharretara egokituko dira; salmentako etxebizitzek 2, 3 eta 4 logela izango dituzte, eta alokairukoek 1, 2 eta 3. Salmentako etxebizitzak 56,86 m2u eta 103,97 m2u (gutxi gorabehera) artekoak izango dira, eta alokairukoak, berriz, 41,33 m2u eta 85,34 m2u (gutxi gorabehera) artekoak. Bi logelako etxebizitza merkeenak 129.764,76 euro kostatuko dira; 3 logelakoak, 164.355,01 euro merkeenak; eta 4 logelakoak, 197.749,35 euro merkeenak (+BEZ). Etxebizitza guztiek garaje bat eta trasteleku bat dute prezio barruan, bai eta A motako altzari eta etxetresna elektrikoekin muntatutako sukalde bat ere. Horrez gain, etxabeetan inguru horretako biztanleei zerbitzu emango dien supermerkatu bat ezarriko dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak