Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 8.000 informazio eskari baino gehiago jaso ditu lana eta familia bateragarri egiteko laguntza berriei dagokienez

2010.eko irailak 04

 

  • Asteburu honetan hasiko da lana eta familia bateragarri egiteko neurrien erabilera sustatzeko publizitate-kanpainaren bigarren fasea

  • Lehen fasea uztailean eta abuztuan garatu da

Ikasturte berria hastearekin batera, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aurreikusi du asteburu honetan Guraso ala profesional? kanpainaren bigarren faseari hasiera ematea, familia eta lana bateragarri egiteko neurrien erabilera sustatzeko helburuarekin, bereziki kontuan hartuta uztailaren hasieran lana eta familia bateragarri egiteko dekretu berri bat onartu zela, orain artean eman diren zuzeneko laguntza ekonomikoak hobetzen eta zabaltzen dituena.

Eusko Jaurlaritzaren araudi berri horrek oso harrera ona izan du herritarren artean, kontuan hartzen badugu Zuzenean Herritarren Arretarako Zerbitzuak 8.000 informazio-eskari izapidetu dituela uztailean eta abuztuan, eta, interes hori ikusirik, familia- eta komunitate-politikaren zuzendari Loli García itxaropentsu ageri da kanpainaren bigarren zikloaren atarian: "Herritarrek ekimenari emandako erantzuna bikaina izan da benetan, are gehiago kontuan hartzen badugu urte-sasoi honetan jende asko oporretan egoten dela". Zuzendariak uste osoa du oporretatik bueltan, asteburu honetatik aurrera, informazio-eskarien kopuruak, eta, ondorioz, laguntza-eskaeren kopuruak, gora egingo dutela.

Dekretu berriak ezarritako laguntzak honako lau ardatz hauetan sailka daitezke:

1.- Seme-alabak zaintzeko lanaldia murriztu edo eszedentzia hartu duten langileentzako laguntzak.

2.- Mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak.

3.- Mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileak ordezten dituzten enpresentzako laguntzak.

4.- Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeagatiko laguntzak.

Araudi berriak bertan behera utzi du aurreko araudiak gizonen alde ezarritako diskriminazio positiboa, gizonei emakumeei baino diru-laguntza handiagoa lortzea ahalbidetzen ziena. Gizonak eta emakumeak berdintzeaz gain, laguntzak handitu dira: eszedentziarengatiko urteko laguntza 3.500 euro izango da, lanaldia % 45 murrizteagatiko urteko laguntza 2.800 euro izango da; lanaldia % 40 murrizteagatiko urteko laguntza 2.500 euro, eta lanaldia % 33 murrizteagatiko laguntza 2.200 euro, hurrenez hurren.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko