Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Elgoibarko Udalak 1,2 milioi euro bideratuko dituzte trenbide-sarearen integrazioa hobetzeko

2016-01-13
  • Ana Oregi sailburuak eta Ane Beitia alkateak bisita egin dute, bi erakundeok elkarrekin sinatutako hitzarmeneko jarduketen lanak ikusteko
  • Oregi: «Hirigunearen eta Azkueren arteko irisgarritasuna sustatuko du, eta hiriko mugikortasuna hobetuko»

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik, eta Elgoibarko alkateak, Ane Beitiak, Elgoibarren trenbide-sarea hobeto integratzeko eta hirigunearen eta Azkue-San Rokeren arteko irisgarritasuna, ibilgailuena zein oinezkoena, hobetzeko egiten ari diren lanak bisitatu dituzte.

Jaurlaritzak eta Udalak oraintsu sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasota daude lanok. Horien kostua 1,2 milioi eurokoa izango da; kopuru horretatik, 500.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarri ditu. Lanei egindako bisitan izan dira, halaber, Antonio Aiz sailburuordea; Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo; eta Hirigintzako zinegotzia, Iosu Arraiz.

«Irisgarritasunaren hobekuntza errealitate bat da orain, Trenbide eta Mugerza kaleen artean bi igogailu ezarri direla, eta Elgoibarren bizi diren guztiak izango dira, batik bat, onuradun nagusiak. Baranda bat jarri da, halaber, Mugerza kaleko irisgarritasuna hobetzeko, eta San Rokeko zubian espaloiak zabaldu dira. Gutxi barru, Trenbide kaleko aparkalekuak hobetzeari ekingo diote» azaldu du Ana Oregik.

Bisitan zehar, Orekik berriro adierazi du Eusko Jaurlaritzak Elgoibarrekiko duen konpromisoa, gogoraraziz «duela hiru urte, Gobernuaren eta Udalaren artean izenpetutako beste hitzarmen bati esker, bi igogailu dituen oinezko-pasabide bat eraiki ahal izan zen Toletxegaineko geltoki ondoan, Pedro Muguruza kalearen 17. zenbaki parean».

Oregiren ustez, «jarduketa hari esker, Iñiguez de Kartizano kalearekin komunikazioa hobetzea lortu zen oinezkoentzat, eta inguru horretako auzotarrei geltokirako sarbidea erraztu zitzaien. Lanok 750.000 kostua izan zuten eta bi erakundeek erdibana ordaindu zituzten».

Iragan urriaren 26an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Elgoibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak (ibilbide osoa EAEko lurralde barruan egiten duten trenbideen arloko eskuduna), Euskotrenen Elgoibarko geltokiko trenbidea hobetzeko eta inguruetako hiri-antolamendua gauzatzeko lanak egiteko.

Ana Oregiren arabera, «Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek zera proposatzen dute trenbide eta garraiorako helburu gisa: inguruneak hobetzea, ahal den heinean hirigintza-hesi izateari utz diezaioten, bereziki, Elgoibarren moduko hirigune konplexuetan, udal-eskumeneko hirigintza-estrategien eta azpiegituren plangintzaren arteko harremana eta lankidetza bermatuta».

Hitzarmenean zehazten da zer baldintzatan engaiatzen diren sinatzaileak alderdi horietan elkarrekin lan egiteko: trenbide-azpiegituraren trazatua eta Elgoibarko Trenbide kaleko Euskotren Geltokiaren hiri-antolamendua hobetzeko lanak, hartara geltokiaren hiri-integrazioa hobetzeko, lotune eta hirigunearen eta San Roke auzoaren arteko harreman- eta trantsizio-gune gisa duen funtzioa finkatuta eta aldi berean bai ibilgailuen bai oinezkoen irisgarritasuna ere hobetuta.

Jarduketak

Jarduketa hauek sartu dira hitzarmenean: Ubitarte Buru eta Ubitarte Gain bitarteko trenbide-trazatuaren gaineko pasarela, 415.944,93 euroko kostuarekin; baranda bat ipinita Juan Mugerza kaleko irisgarritasuna hobetzea, 64.457,91 euroko kostuarekin; irisgarritasuna hobetzea, Trenbide kalearen eta Juan Mugerza kalearen artean bi igogailu ipinita, 485.629,43 euroko kostuarekin; San Roke zubian irisgarritasuna hobetzea, 86.463,01 euroko zenbatekoarekin; eta Trenbide kaleko aparkalekua hobetzea, 156.721,23 euroko zenbatekoarekin.

Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko ekarpena egin zuen: horietatik, gauzatutako lanen % 65 ordaindu da jadanik; hau da, 380.164,34 euro ordaindu ziren 2015eko ekitaldian. Bestalde, Udalari dagokio proiektuak idaztea, lehiaketara ateratzea eta dagozkion lanak zuzentzea, bai eta ondoren mantentzea ere. Bisitan, hitzarmenean hartutako lanen aurrerapen maila ikuskatu dute Ane Beitia eta Ana Oregik: dirudienez, 2016ko lehen seihilekoan amaituko dira.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @Gob_eus
    2016-01-13

    Comentario de Twitter:
    Junto con el Ayto de Elgoibar dedicamos 1,2 mill € a la mejora de la integración de la infraestructura ferroviaria ➡ https://t.co/Wtg5VpUKJJ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ane Beitia, Iosu Arraiz