Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak irailaren 13an emango dio udal bakoitzari gizarte larrialdietarako laguntzen kopuru gehigarriaren berri

2010.eko irailak 03

 

Banaketarako irizpideak udalerri bakoitzaren ezaugarri jakin batzuekin lotuta egongo dira, zehazki, langabezia-indize orokorrarekin, emakumeen langabeziarekin, DBEko prestazioen kopuruarekin eta Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarriaren inpaktuarekin.

Banaketa egin baino lehen, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordean helduko zaie irizpide horiei.

Irailaren 13an, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Euskadiko udalerri bakoitzari jakinaraziko dio Gizarte Larrialdietarako Laguntzen (GLL) partidan egingo duen 6,7 milioi euroko ezohiko ekarpenaren barruan dagokion zenbatekoa. Ekarpen estra horrekin, 2010erako GGLen partida 24 milioi euro izango da (hasiera batean egindako 17,3 milioi euroko aurrekontua, gehi oraingo 6,7 milioiak). Sailak uztailean Euskadiko udalerri eta mankomunitate guztiekin irekitako harreman-txanda amaitu ondoren jakinaraziko zaizkie zenbateko horiek udalei. Harreman-txanda hori irailaren 6an amaituko da, Saileko arduradunak mankomunitateetako ordezkariekin bildu ondoren.

Ondoren, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen bilera baterako deialdia egin da, legez ezarritakoari jarraiki banaketa-irizpideei heltzeko; erakunde arteko elkarrizketarako erakundea dugu Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordea, eta Eusko Jaurlaritzak, Eudel Euskal Udalerrien Elkarteak (euskal udalerrien ordezkari gisa) eta Foru Aldundiek hartzen dute parte bertan.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak udal bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko du, GLLen partida banatzeko beste hainbat aldiz erabili diren irizpide jakin batzuen arabera: udalerri bakoitzeko langabezia-indize orokorra, emakumeen langabezia, diru-sarrerak bermatzeko errentako prestazioen kopurua eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriaren inpaktua. Ezohiko banaketa horri esker, premien aurreikuspenari dagokionez udalerriek egindako aurreikuspenen % 75 estaliko da, aurreko urteetakoa baino estaldura-ehuneko handiagoa, hain zuzen ere; horretaz gain, ehuneko hori % 87,5era igoko da, kontuan hartzen badugu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonen alokairua ordaintzeko premiek -lehen GLLen bitartez estaltzen zirenak- % 100eko estaldura dutela 2010ean, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarri berriari esker.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak aditzera eman duenez, udalerri eta mankomunitate guztiekin elkartzeko esperientzia -aurten lehen aldiz egiten ari dena- urtero egingo da, zehazki, ekainean eta irailean. Esperientzia horren xedea seihileko bakoitzean udalerriek duten egoera lehen eskutik ezagutzea da, eta horretaz gain, udalerriei EAEko Aurrekontu Orokorren Legeak urtearen amaieran jasotako GLLko partidarako aurrekontu-antolamenduaren berri ematea. Helburua erakunde guztiek baterako lan erantzukidea egin dezaten da, larrialdietarako laguntza horien hasierako izaera berreskuratzea ahalbidetuko duena, hots, salbuespenezko premia-egoeretarako laguntzen izaera.

Horri dagokionez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak oso modu positiboan balioesten ditu toki-erakundeekiko harreman horiek, udalerri bakoitzak alor horretan dituen premiak eta gauzatzen dituen kudeaketa-moduak lehen eskutik ezagutzea ahalbidetzen baitute. Ezagupen horrek, premia ekonomikoak aurreikusteko ez ezik, Euskadiko udalerri eta lurralde guztietan alor horretan politika koherente eta harmonizatua lortzeko balio du batez ere. Politika harmonizatu horrek berronespena izango du urte honen amaieran, gizarte-larrialdietarako laguntzei buruzko dekretu berriarekin eta 2011ko aginduarekin.

Sailaren helburu nagusia zera da, iraunkorra eta babeslea izaki, enplegurako aktibazioan oinarrituta egongo den eta herritarren erantzukidetasuna ere izango duen Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema lortzea; horrela, prestazioak jasotzearen truke, herritarrek aktibaziorako prest egon beharko dute, funtsean, prestakuntzaren eta enpleguaren bitartez. Hori dela-eta, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Legea aldatzea sustatzen du Sailak, sistemaren zuzenbidezko prestazioak (DBE eta EPO) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez izapidetzea ahalbidetuz; izan ere, Sailaren aburuz, babes-sistema horri eusteko ahalegin ekonomiko handia egiteaz gain, sistemaren barruan ahalik eta denbora gutxien egoteko beharrezkoak diren baliabideak eman behar zaizkie laguntzen jasotzaileei, lanbide-trebakuntzetarako eta enplegurako sarbidearen bitartez bizitza autonomoa izateko gaitasuna izanez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan