Berriak Segurtasuna
Eu

Iganderako (urtarrilak 10) eta astelehenerako (urtarrilak 11) alerta laranja aktibatu du Segurtasuneko sailak, aire zabalekoak zein aire zabalekoak ez diren lekuetan haize bortitza ibil litekeela eta

2016.eko urtarrilak 08
Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du igandeko (urtarrilak 10) 21:00etatik asteleheneko (urtarrilak 11) 03:00etara bitarte haizea dela eta, bai aire zabaleko guneetan (mendiguneetan 130 km/h-tik gorako abiadura izan dezake haizeak) bai aire zabalekoak ez diren guneetan (EAEren mendebaldean, batik bat, Araban zein Bizkaian 100 km/h-tik gorako abiadura izan dezake haizeak).
Prentsa bulegoa
 
Euskalmet-Meteorologiaren Euskal Agentziaren pronostikoen arabera, hainbat gune dituen depresio handi bat jarriko da britainiar irlen inguruan eta, kokapen horretatik, haize-bolada handiak bidaliko ditu hego-mendebaldetik Europa mendebaldeko zati handi batera.

Hori guztia dela eta, EAEn haize-bolada handiak izango dira, batez ere, igandeko (urtarrilak 10) arratsalde/iluntze partean eta astelehen (urtarrilak 11) goizaldean.

Euskalmeten arabera, hego-mendebaldeko haize-boladek meteorologia gogorraren muga (abisu horia) pasa dezakete larunbateko (urtarrilak 9) bigarren erditik aurrera eta igandean (urtarrilak 10).

Haize-bolada bortitzenak igandeko (urtarrilak 10) 21:00etatik asteleheneko (urtarrilak 11) 03:00ak arte izan daitezke. Une horretan, hego-mendebaldeko haize-boladak 130 km/h-tik gorakoak izan daitezke aire zabaleko guneetan, batik bat, mendian eta mendebaldean; aire zabalekoak ez diren guneetan, berriz, haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke eta, gehien-gehien, lurraldearen mendebaldean, Araban zein Bizkaian ibiliko da haize hori.

Astelehen (urtarrilak 11) goizaldean haizeak mendebalderantz egingo luke eta indarra galduko luke. Unerik zailena laburra baina gogorra izatea espero da; hala, 6 ordu inguru iraungo du egoera horrek. Hala ere, kokapenaren arabera, haizeak indarra gal dezake, beraz, pronostikoen zein abisuen berri izatea gomendatzen da.

Olatuak

Bihar, larunbateko (urtarrilak 9) azken orduetatik aurrera, olatuak 3,5 m-tik gorakoak izan daitezke eta 4 zein 5 metro bitartekoak izan daitezke hurrengo egunetan. Olatuek izango duten periodoa 12 eta 16 segundo bitartekoa izango da.

Mareak bizi samarrak izango direnez eta itsasgoran kostan nolabaiteko inpaktua izan dezaketenez, Segurtasun Sailak abisu horiak aktibatuko ditu bai nabigaziorako bai kostako inpakturako.

Haizea dabilenean kontuan izateko neurriak:

-Zaborrentzako eta birziklapenerako edukiontziak segurtatzea gomendatzen da.

-Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.

- Kendu loreontziak eta kalera eror litezkeen objektu guztiak.

- Segurtatu karpak, garabiak eta obretako gainerako elementuak.

Kalean izanez gero:

-Aldendu erlaitz, horma, zuhaitz edota publizitate paneletatik eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aldamenetik igarotzerakoan.

-Saihestu aire zabaleko guneetan eta zuhaitz ugari dauden parkeetan ibiltzea.

Bidaiatu behar izanez gero:

-Arreta handia jarri, batez ere, pasabide goratuetan, tunelen sarrera zein irteeretan eta haizeak indar handiarekin jotzen duen guneetan.

- Eskuratu bisitatu edo igaro behar dituzun lekuetan egingo duen eguraldiaren gaineko informazioa.

 

Eguraldi iragarpenak eta abisuak jarraitzea gomendatzen da, Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus) edo Twitter bidez (@Euskalmet).

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko