Berriak Lehendakaritza
Eu

2015eko Hauteskunde orokorretako portaera (inkesta)

2016.eko urtarrilak 08

Ikerketa honen gai nagusia abenduak 20ko Hauteskunde Orokorretan EAEko biztanleek izandako hauteskunde portaera izan da.

Landa lana Hauteskundeen biharamunean egin zen, 2015eko abenduaren 21ean.

INTERESA ETA HAUTESKUNDE-KANPAINAREN JARRAIPENA

Hauteskunde hauek 2011ko Hauteskunde Orokorrak baino interes askoz handiagoarekin jarraitu dira. Kanpaina gehiago jarraitu da, bereziki gazteenen artean

Herritarren %62k diote interes handia edo nahikoa izan dutela iragan abenduaren 20ko Hauteskunde Orokorrekiko, ia 20 puntu handiagoa 2011ko Hauteskunde Orokorrekin konparatuta.

Hauteskunde hauek hizketa gai izan dira, askotan edo noizean behin, familiarekin %69rentzat eta lagunekin %60rentzat; portzentajea %47raino jaisten da lankide edo ikaskideekin. 18 eta 29 urte arteko biztanleek gainerako adin taldeetakoek baino interes handiagoa erakutsi dute.

Jendartearen %75ak hautagairen baten elkarrizketa edo debaterik ikusi edo jarraitu du hauteskunde-kanpainan, %51k alderdi edo koalizioren baten programa edo propaganda irakurri du eta, aldiz, soilik %8 bilera edo mitinen batetara joan da.

Herritarren %28k hauteskunde-kanpainari buruzko informazioa jarraitu dute Interneten edo sare sozialen bidez, portzentajea %60raino igotzen da gazteenen artean.

Bestalde, herritarren %55ek Hauteskunde-aurreko inkesten berri izan dute.

BOTOARI BURUZKO IRITZIAK ETA PORTAERA

Gehiengoaren ustez hauteskunde desberdinetan alderdi desberdinei botoa ematea komenigarria izan daiteke. Euskal esparruko gaiak eta alderdien proposamen edo programak dira boto erabakian eragin handiena duten faktoreak.

Gehiengoak deritzo botoa ematea eskubidea dela (%57), betebeharra dela deritzotenen aurrez aurre (%31). 64 urtez gorako herritarrak nabarmendu dira azken iritzi horren alde, %41.

Biztanleen %31ren ustez hauteskunde guztietan alderdi berari botoa ematea da normala, hauteskunde desberdinetan alderdi desberdinei botoa ematea komenigarria izan daitekeela uste duten %59ren parean.

Herritarren erdiarentzat (%50) Euskadiri buruzko gaiak izan dira botoa eman edo botorik ez ematea erabakitzeko orduan eragin handiena izan dutenak, Espainiari buruzko gaiak %26rentzat eta biei buruzko gaiak berdin %15entzat.

Botoa zein alderdiri eman erabakitzerakoan, faktorerik garrantzitsuenak proposamen edo programak (%45) eta alderdi politikoa izan dira (%36) eta neurri txikiagoan hautagaiak (%4). Hauteskundeetarako proposamen edo programak aipatu dituztenen portzentajea dezente hazi da 2011ko Hauteskunde Orokorrekiko.

Botoa eman zutenen artean, hamarretik zortzik (%80) hauteskunde-kanpaina hasi baino lehen erabakita zuten botoa ematea; beste %19k, aldiz, kanpaina hasi ondoren erabaki zuten. Honela, %11k hauteskunde-kanpainan zehar erabaki zuten, %3k hausnarketa egunean eta %5ek hauteskunde egunean bertan.

Abstenitu zirenen artean %21ek hauteskunde egunean bertan erabaki zuten eta %52k hauteskunde-kanpaina hasi baino lehen.

Herritarren %62k diote botoa konbentzimenduz eman zutela, hainbat zalantzekin %19k edo aukera txarretan onena zela uste zutelako %16k. Botoarekiko konbentzimendu maila azken Hauteskunde Autonomikoetakoa baino altuagoa da, hartan %53k eman zuten botoa konbentzimenduz .

Hamarretik bederatzi baino gehiago (%93) hauteskunde egunean emandako botoarekin konforme daude. Konforme ez daudenek (biztanleen %4 soilik), emaitzak ikusita, Podemosi (%35), PNVEAJri (%16) edo PPri (%11) eman izan baliote nahiago luketela diote.

EMAITZEN EZAGUTZA BALORAZIOA

Espainiako emaitzen balorazioa gehienbat negatiboa da, Euskadiko emaitzen balorazio positiboaren parean.

Herritarren %88k dakite PP izan dela Espainian botorik gehien lortu dituena. Euskadin boto gehien Podemosek lortu dituela dakite %50k, PNV-EAJk irabazi dituela diote, aldiz, %30ek.

Hauteskunde emaitzak Espainia mailan %29k gehienbat positiboki baloratu dituzte eta, aldiz, %45ek gehienbat negatiboki. Haatik, Euskadin izandako emaitzak %50ek gehienbat positiboki baloratu dituzte eta gehienbat negatiboki %17k. Euskadiko emaitzen balorazioa apur bat okerragoa da 2011ko Hauteskunde Orokorren emaitzei buruz (%54k zioten gehienbat positiboa) edo azken Hauteskunde Autonomikoetako emaitzei buruz eman zena (%60) baino.

NAHIAGO DIREN KOALIZIOAK ETA GOBERNU BERRIAREN INGURUKO ITXAROPENAK

Gehiengoak uste du babes nahikoa lortzen duen alderdiak gobernatu behar duela, nahiz eta ez boto gehien lortu. PSOE+Podemos+alderdi nazionalistak koalizioa da nahiena

Alderdi batek ere gehiengo absolutua lortzen ez duenean, herritarren %63k nahiago dute babes gehien lortu duen alderdiak agintzea, boto gehien lortu dituena ez izan arren; %17k, aldiz, uste dute boto gehien lortu duen alderdiak agindu beharko lukeela. Lehenengo iritzia dutenen artean Podemos-Ahal Duguren boto emaileak nabarmendu dira eta PPrenak bigarrenen artean.

Gobernu berriaren osaketari dagokionez, herritarrek nahiago duten koalizioa PSOE+Podemos+alderdi nazionalistak (%36) osatutakoa da eta jarraian PSOE+Podemos (%14); soilik %3k aipatu dute PP+PSOE koalizioa eta %2k PP+Ciudadanos+alderdi nazionalistak osatutakoa. %17k diote hauetako bat ere ez dutela nahi eta %25ek ez dute erantzun.

Hauteskundeen ondoren osa daitekeen gobernu berriak Euskadirekin zerikusia duten hainbat gairi buruz egingo duela espero dutenaz galdetuta, gehixeago dira gai horiek hobera egingo dutela uste dutenak, berdin jarraituko dutela uste dutenak baino: hezkuntza (%42k uste dute hobera egingo duela), pobreen eta baztertuen egoera (%39), bake eta bizikidetza prozesua (%39) eta enplegua (%36). Aldiz, autogobernua eta kontzertu ekonomikoari buruz gehixeago dira berdin jarraituko duela uste dutenak (%35 bietan) hobetuko dela uste dutenak baino.

HURRENGO HAUTESKUNDE AUTONOMIKOETAN NAHIAGO DIREN EMAITZAK

PNV-EAJk irabaztea nahiago dute %35ek; Podemos eta EHBildu datoz atzetik

Hurrengo Hauteskunde Autonomikoetan irabaztea nahiago luketen alderdiari buruz galdetuta, %35ek PNV-EAJk irabaztea nahiago lukete, %12k Podemosek, %11k EHBilduk, %2k PSE-EEk, %1ek PPk eta beste %1ek IU-Ezker Anitzak.

------

Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 812 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±%3,51koa da EAE osorako, %95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2015eko abenduaren 21 bitartean egin zen.

OHARRA: Txosten osoa Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen webgunean eskuragarri dago:

http://www.euskadi.eus/estudios_sociologicos

 

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mikel_uriguen
    2016.eko urtarrilak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [SONDEO] Comportamiento electoral de la población vasca tras las Elecciones Generales 2015 ➡ https://t.co/utcHp5wVDQ

  • @ConsejeroD7
    2016.eko urtarrilak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [SONDEO] Comportamiento electoral de la población vasca tras las Elecciones Generales 2015 ➡ https://t.co/utcHp5wVDQ

  • @AzalgorriBilbao
    2016.eko urtarrilak 09

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [SONDEO] Comportamiento electoral de la población vasca tras las Elecciones Generales 2015 ➡ https://t.co/utcHp5wVDQ

Komunikabideek behera kargatzeko