Berriak
Eu

Eusko Jaurlaritzak Memoria Plaza ekimenaren harira eginiko parte hartzeko eztabaida tailerrei buruzko ondorioak aurkeztu ditu

2016.eko urtarrilak 07

Eusko Jaurlaritzak Memoria Plaza ekimenaren barruan eginiko parte-hartzeko eztabaida tailerrei buruzko ondorioak aurkeztu ditu Gogora Institutuan. Memoria Plaza, memoria partekatu eta plurala eraikitzeko helburuarekin 2015eko ekainean martxan jarritako proiektua da. Eztabaida-talde hauetatik zera ondorioztatu da: gizarteak ez dituela itxi Gerra Zibilari, diktadurarik, ETAri eta legez kanpoko kontraterrorismoei lotutako zauriak. Horregatik, Gobernuak atzera begiratzearen alde egiten du apustu, enpatian eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza demokratikoagoa eraikitzeko asmoz.

Gogora Institutuko zuzendariak, Aintzane Ezenarrok eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, Luis Petrikorenak eztabaida taldeetatik ateratako ondorioak aurkeztu dituzte gaur. Memoria Plaza ekimenaren helburua, alde batetik, testigantzak eta emozioak jasotzea izan da, eta, bestetik, askotariko pertsonen taldeen artean memoriari buruzko elkarrizketa ezartzea. Azken hauetatik atera dira ondorioak. Prentsaurrekoan tailerrak dinamizatu dituen enpresaren ordezkaria den Juan Luis Arriaga ere izan da.

Eztabaida taldeak

Eztabaida taldeak eratu dira 18-75 urte arteko 72 parte-hartzailerekin: % 52 emakumeak izan dira, eta % 48 gizonak. Gaia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan landu dute, lurralde historiko bakoitzean hiruna tailer antolatuta: bat Gerra Zibilari buruz, beste bat diktadura frankistari buruz, eta beste bat ETAri buruz.

Ondorioak

Analisi kualitatiboko esperientzia horri esker, euskal herritarrek memoria nola bizi duten ezagutu eta gaiari buruzko ondorioak atera dira.

  1. Memoria pertsonala da. Tailerretako parte hartzaile bakoitzak bere oroitzapen propioak ditu gertatutakoaren inguruan. Bizitzaren esperientziek (toki, adin, garai...) eta gertakarioi lotutako sentimenduek baldintzatutako oroitzapenak dira.
  2. Hala eta guztiz ere, badira gizartearen gehiengoak partekatutako diskurtso eta sentimendu (emozio) egituratzaile batzuk.Hegemonikoak dira Gerra Zibilari eta diktadurari dagokienez, eta gehiengo handiak bat egiten du GALi eta ETAri dagokienez.
  3. Lau gertaera horiek elkarri lotuta daude, elkarrekin bizi eta txertatzen dira norbanakoen eta gizartearen memorian. Parte-hartzaileek argi eta garbi bereizten dituzte lau gertakariok. Era berean, esparru horiek elkarri erreferentzia egiten diote.
  4. Lau gertaera horiei lotutako zauri bat ere ez dago itxita. Ez gertaera urrunenaren zauria, Gerra Zibilarena, ezta gertaera hurbilarena ere, ETArena. Parte-hartzaile ia guztiak bat datoz ideia batekin: oinazeak bere horretan jarraitzen du, konpondu gabe. Aldi berean, etorkizunari begira itxaropena adierazten dute: bestelako etorkizun, etorkizun hobe bategatik itxaropena. Atzera begiratzeko premian oinarrituta eraiki beharreko etorkizun bategatik.

Zuzeneko testigantzak

Eztabaida-taldeez gain herritarren zuzeneko testigantzak ere batu dira. Gaurdaino, grabatutako 148 lekukotza eta idatzitako 44 lekukotza jaso dira. Herritarrek orain arte emandako lekukotza guztiak memoriaplaza.euskadi.eus webgunean ikus daitezke.

Komunikabideetan izandako hedaduraz gain, Twitter eta Facebooken 800.000 profili helarazi zaie ekimena, eta webgunean zuzenean jasotako testigantzei gaineratu beharreko 1384 elkarreragin eta iruzkin sortu ditu.

Memoria plurala eraikitzen

Lan taldeetatik ateratako testigantza eta ondorioek egiaztatu dute memoria poliedrikoa eta alderdi ugarikoa dela. Ildo horretan, guztion memoria taxutzeko, parte-hartze pluralari bide ematea da Gogoraren eta, oro har, instituzioen eginkizuna. Gogoraren zuzendari Aintzane Ezenarroren ustez, enpatian eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza demokratikoagoa eraikitzeko, ezinbestekoa da atzerako begirada kritikoa.

Aurrerantzean, Memoria Plaza ekimena ikusgai egitea eta hedatzea izango da helburua. Memoria plural horiek jendarteratzea eta hala nahi duenak bere testigantza emateko eremuak sortzea: horra hor zein den asmoa.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gaiainvest
    2016.eko urtarrilak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: #MemoriaPlaza Hemos presentado en Instituto Gogora las conclusiones extraídas de los talleres de debate celebrados ➡ https://t

  • @Gob_eus
    2016.eko urtarrilak 07

    Comentario de Twitter:
    #MemoriaPlaza Hemos presentado en Instituto Gogora las conclusiones extraídas de los talleres de debate celebrados ➡ https://t.co/fJdvNcpjr8

  • @Memoriaplaza
    2016.eko urtarrilak 07

    Comentario de Twitter:
    Presentadas las conclusiones extraídas de talleres de debate desarrollados en el marco de #MemoriaPlaza ➡ https://t.co/nZ7Tjg9WEK

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)